Maiatzaren 9an Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako buru zen Sergio Murillok eta elkarte zein alderdi politikoek ekitaldi bat zeukaten antolatuta Itsas Museumean. Horren aurrean, Marea Urdinak hainbat ekintza egin zituen, eta bertan mobilizatu ziren Gorabide, Aspace, Gaude eta Madres Mercedariaseko 500 bat langile.
LABek zaldu duenez, hasierako momentutik poliziaren presentzia nabaria izan zen eta hainbat alditan, mobilizazioa hasi aurretik, elkarretaratzea prestatzen eta batzen ziren lagunengana hurbildu ziren mehatxuka kide batzuk identifikatzeko.
Hala, tentsio puntu gorena, Sergio Murillo eta Bizkaiko Foru Aldundiko kideak sartu zirenean izan zen.; "Gogoratu beharra dago Bizkaiko Foru Aldundiak eman beharko lukeen zerbitzua enpresa hauen gain utzi duela baina, aldiz, hitzarmenak sinatzerako orduan enpresa hauen gaineko kontrola duela, bera baita baiezkoa edo ezezkoa ematen diona enpresen hitzarmenei", azaldu du sindikatuak. Momentu horretarako, sarrera eta zabalgune osoa poliziak hartua zuen, eta elkarretaratzean zeuden langileen kontra bortizki oldartu ziren: "LABeko bi kide zauritu zituzten eta ospitalera joan behar izan ziren buruan izandako lesioengatik. Horrez gain, hainbat pertsona identifikatu zituzten".
Modu horretan, hurrengo martitzenean Gaudeko langilea eta LABeko ordezkaria den Borja Llonin epaituko dute: 700 euroko inguruko isuna eskatu diote agintearen aurkako desobedientzia egotzita, eta kartzela-zigorra izatekotan, 6-18 hilabete izango lirateke. Halaber, LABeko beste kide bateri 300 euroko isuna heldu zaio eta manifestaziorako baimenak eskatu dituen pertsonari 400 euroko isuna.
Lloninek azpimarratu du Itsas Museumean egindako manifestazioan ez zutela bortizkeriarik erakutsi; aitzitik, "ertzaintzaren bortizkeria" pairatu zuten: "Ertzainetako batek nire kide bat borragaz jo eta lurrera bota zuen; Basurtuko ospitalera joan behar izan zuen buruan kolpe bat eman ziotelako. Niri lepotik heldu eta gerrian kolpe bat ere eman zidaten. Guk ez genien bortizkeria horregaz erantzun".
LABek adierazi du argi dutela nork exekutatzen duen langileen zein borroka sindikalaren kontrako jazarpena eta kontziente direla sindikatuak sistema kapitalistaren barnean betetzen duen funtzioaz. Halaber, nabarmendu dute "borrokatzeak merezi duela" eta horri esker joan direla ixten sektore horietako hitzarmenak. "Borroka sindikala ez da delitua. Marea Urdinak hasi duen bideak etorkizunean borrokatzeko tresna izaten jarraituko du", azpimarratu dute.
Era berean, iragarri dute mehatxu, jazarpen eta oztopo guztien gainetik zaintza sistema publiko komunitarioa marrazten eta irabazten jarraitzeko asmoa dutela, eta helburu horregaz beteko ditu kaleak azaroaren 30eko Greba Orokor Feministan.
Hala, hurrengo martitzenean, urriaren 17an, Bilboko Buenos Aires kaleko epaitegiaren aurrean elkarretaratzea egingo dute goizeko 09:15etik aurrera "sindikalismoa eta langileen eskubideak babesteko".