Azaroak 25

Gizontasun eredu berrietan oinarritzen da Uribe Kostako azaroak 25eko kanpaina

Nahia Martinez Gondra 2023ko aza. 24a, 10:23

Uribe Kostako Zerbitzuen Mankomunitateak sustatutako azaroaren 25eko kanpainak, gizonak interpelatzea eta gizonen arteko itunaren konplizitatea haustea du helburu. Eraiki zaitez askatasunean: gizona ez da jaiotzen, egin egiten da titulupean, kanpainaren ardatz nagusia ikus-entzunezko pieza bat da.

Kanpainako bideoan, off ahots batek lehenengo pertsonan azaltzen du gizonek eta emakumeek nolako gizartea nahi duten etorkizunerako, denok askeak eta berdinak izango garen gizartea. Horrez gain, 2 x 1 metroko egitura bat jarriko dute Mankomunitateko zazpi udalerrietan, 8 kuboz osatuta egongo dena. Egiturak kanpainaren leloa eta mezuak erakutsiko ditu, bai eta bideora eramaten duen QR kodea ere. Hala, kartelak ere banatuko dira zazpi udal mankomunatuetan. Kartelok QR kode bat izango dute, eta, hori eskaneatuz, gailu mugikorretan ikusi ahal izango da bideoa.

Kanpainaren ideia nagusia da etorkizunerako gizon eredu berria eraikitzea. Mankomunitateak adierazi duenez, "aspertuta gaude indarkeriaren biktima den emakumearengan arreta jartzeaz, eta, horren ordez, gizonei eta, oro har, gizarteari zuzentzen da kanpaina". Hala, matxistak baliozkotzen ez dituen gizartea eraiki gura dute.

Horretarako, kanpainak hiru bloketan jartzen du arreta: lehenengoa, gizonak interpelatzea. Horretarako, matxismoa errotik kentzen inplikatu behar dira: Mankomunitateak iragarri du funtsezkoa dela ikustaraztea zein beharrezkoa den gizonen arteko ituna apurtzea. Bigarrenik, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren izaera estrukturala ulertzea eta sistema patriarkala kausatzat hartzea. Horretarako, Mankomunitatearen esanetan beharrezkoa da borroka bateratua egitea eta, eraitsi eta berriro eraiki behar dira oinordetzan jasotako maskulinitate-ereduak (hegemonikoa) eta feminitatea. Hirugarrenik, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren aurrean kontzientzia hartzea eta erantzukizun indibidual eta kolektiboa bultzatzea. Hori lortzeko, funtsezkoa da ikuspegi feministako hezkuntza izatea gizarte aske eta berdintasunezkoa eraikitzeko alternatiba bakarra delako.

EAE-n indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzeko orain arte egin diren kanpainakaz apurtzen duen proposamena

Azken urteotan, batez ere emakumeei helarazi zaizkie mezuak. "Mezuok beharrezkoak ziren, bai, baina bazen beste bat airean geratzen zena: Zein da gizonek matxismoaren aurkako borrokan duten egitekoa?", planteatzen du Mankomunitateak.

Azaldu dutenez, hainbat azterlanek diote beharrezkoa dela gizonak berdintasun-politiken diseinuan eta gauzatzeko lanetan sartzea; izan ere, biztanleriaren zati bategaz (emakumeak) bakarrik lan egiten badute, nekez egingo du gizarteak aurrera berdintasunezko eguneroko bat eraikitzeko bidean.

Era berean, gizarte osoa sentsibilizatu eta interpelatu gura dute, "ulertu behar baita indarkeria matxistaren biktima den emakume bakoitzaren atzean erasotzaile bat dagoela ere". Hala, azpimarratu dute erasotzaile horiek "gure inguruan daudela": "Gurekiko duten loturagatik, ukatu, minimizatu, hutsaldu eta abar egiten ditugu egoera horiek, eta ez gara egoeraren erantzule sentitzen. Horrela, gizarte mailan, ez zaio konponbiderik ematen patriarkatuaren bidez prestatzen eta hedatzen den giza eskubideen urraketa horri".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun