Zeren inguruan mintzo zara zure liburuan?
Kantauri itsasoko kabotaje ontziko Anton Garai patroiaren epaiketa eta exekuzioa kontatzen da. Gorlizen jaioa, itsaslapurra eta pirata izatea leporatu zioten eta 1509ko urriaren 31n exekutatu zuten.
Aipatzen duzun moduan ezinbestekoa izan da A Fortiori Editorialeko Jaio de la Puertak eta Jokin de Pedrok egindako lana: Antón de Garay Historia de un pleito liburua editatu zuten 2018an. Bertan, Anton Garairen epaiketaren pleguen transkripzioak ageri dira.
Bai, hala da. A Fortiori Editorial liburuaren alea bidali zidaten. Hala, Cedeirako Hiribildu eta Lurraldeko kronista ofiziala den Rafael Usero García eta biok gure kabuz egin genuen lanagaz batera, liburu hau argitaratu ahal izan dugu. Haien lana eta gurea elkartuz eta bi urtez testuaren gainean lan eginez, ikerketa bukatu ahal izan dugu.
Denbora honetan, telefono deien bidez mantendu dut harremana Jaio eta Jokinekin. Haiek izan ziren liburuaren aleak jaso zituzten lehenak, eta haiek agertzen dira eskerren azalean, liburua egiteko ezinbestekoak izan zirelako. Haiek izan dira ere Gorlizko hitzaldira gonbidatu nindutenak liburua aurkezteko. Oso pozik egon nintzen haiekin eta bertan egon ziren plentziar eta gorliztar guztiekin. Bihotzez eskertuta nago.
Nondik datorkizu Anton Garairekiko interes hori?
Betidanik izan dut. Erromantikoki uste nuen Cedeiran, nire herrian, pirata bat bizi eta egon zela. Anton Garairen pertsonaia, zuena baino, gurea izango balitz bezala sentitzen genuen kar-kar. Horregatik, erabaki nuen auzia zuzenean ikertzea, nire herriari buruzko berritasunak ikertzeko. Jaiok eta Jokinek asmo bera izan zuten Plentziaren berri izateko. Aldea da haiek diru laguntza bat eskatu ziotela Foru Aldundiari, eta horren laguntzarekin transkripzioa lortu zuten. Guk auzia orriz orri aztertu behar izan genuen.
Nolakoa izan da epaiketaren 400 plegu irakurtzeko prozesua?
Imajina dezakezunez oso bide motela izan zen. Esan bezala, Rafael Usero Garcia eta nik plegu ofizialen transkripzioa egin genuen. Hamaseigarren mendeko kaligrafia oso korapilatsua da eta negu osoa eman genuen taberna batean eserita, kafea eta anisa hartzen. Kopiak transkribatu eta lana egin ahala, susmatzen hasi nintzen Anton Garai ez zela kontatu ziguten pirata hori. Pirataren figura ez zitzaidan inon ageri. Epaiketa bitxi eta azkar bat azaltzen zen pleguetan, eta ikusten nuenez, bidegabea eta inpartziala. Arrazoiak jakiteko liburua irakurri beharko du interesa duenak. Baina nire uste apala da Anton Garai ez zela inoiz izan pirata bat. Nire aburuz, epaiketa interesatu baten biktima judiziala izan zen. Eta horregatik, Anton zintzoari bere ohorea eta ospea itzultzen ahalegindu naiz liburu honekin.
Epaiketako dokumentuak baliagarriak dira hamaseigarren mendeko informazio toponimikoak, antroponimikoak, judizialak, etnografikoak eta komertzialak ezagutzeko. Zein izan da gehien harritu zaituen datua?
Itsasgizon eta marinel guztiek antzinatik ezarrita zuten itsasoko elkartasuna. Nik ez nekien ezer horren inguruan eta asko harritu ninduen. Ohitura bera dute Euskal Herriko eta Galiziako lagunek. Esaterako, itsas zabalean kinka larrian zegoen itsasontzi bat aurkitzen zuen ontzi batek laguntza eta elkartasuna emateko betebeharra zuen. Ezaugarri hori oso ongi azalduta dago, eta epaiketan azaltzen da, asko baitira ohitura hori egiaztatzen duten lekukoak. Harrigarria da, altuerako nabigazioek beste edozein ontzik baino arrakasta-berme handiagoak izan zitzaketela ziurtatzen baitzuen. Izan ere, elkartasun-laguntza eskaini nahi ez bazen, laguntza eskatzen zuen itsasontziak bere indarrekin hartzeko eskubidea zuen. Adibidez, dirua eskatzen trukean.
Bestalde, dokumentu hauei esker, Pedro Mondragoni buruzko informazio gehiago jakin dugu, Anton Garai atxilotzen ari ziren urte berdinetan bilatzen ari ziren pirata. Epaiketa transkribatu aurretik ez genuen pirata horren bereizketa fisikorik, beraz, historiako berrikuntza interesgarriak lortu ditugu.
Anton Garairi zerbait esan edo galdetu ahalko bazenio, zer esango zenioke?
'Zergatik?'. Nola ez zen konturatu hil ala biziko prozesu batean epaitua izango zela? Izan ere, konturatu izan balitz, ez zukeen inola ere deklaratuko egin zuen moduan.
Liburua gaur egungo egiaren ekoizpenaren isla gisa aplika daitekeela uste duzu? Hau da, boterea duenak idazten du historia.
Bai, erabat. Bizitza berdina da boterea dagoenetik: boterearen portaerak berdinak dira, egoeren xehetasunak dira aldatzen direnak. Halaber, historialarien portaerak ere berdinak dira, kopiatu, pegatu eta asmatu egiten dute.
Historialariak kopiatzen joan diren moduaren adibidea da liburua, jatorrizko iturriak bilatzeko beharrik sentitu gabe. Gu izan ginen haiengana joan ginen lehenak, eta egiaztatu genuen ez zela gertatu esaten zena: Antonek erasotako ontzi horiek guztiak, esaterako. Garai hartako muntaia poliziala izan zen. Anton Garairi Pedro Mondragon pirataren errua bota zioten; hori bai izan zela bilatzen ari ziren pertsonaia.