Errege Magoek ibilbide bi egingo dituzte Getxon. Lehenengoa, Andra Maritik Algortara, 17:30ean hasiko da Andra Mariko kiroldegitik. Bigarren ibilbidea Areeta eta Itzubaltzeta/Romo auzoetatik joango da, 19:30etik aurrera.
Gorlizen eta Plentzian, aurten ere, kabalgata bateratua egingo dute eta 17:45ean abiatuko da Gorlizko Eliza plazatik, Itxasbidetik jaitsi eta hondartzaraino. Hortik, Plentziako Ontziola plazarako bidea hartuko du eta, 19:30ean, bertan amaituko da kalejira.
Sopelan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Larrabasterratik irten behar zuten, zehazki, Urgitxieta plazatik, 18:00etan, baina, eguraldia dela eta, kabalgata bertan behera utzi eta harrera udaletxean egingo dute, 18:00etatik aurrera. Bertan, umeek gutunak eman ahal izango dizkiete.
18:00etan Maiestateak Erandioko Axpeko ontziralekura iritsiko dira. Ondoren, kabalgata hasiko da Astrabuduan zehar, eta ibilbidea amaitzean, Errege Magoei ohiko harrera egingo zaie elizako arkuetan txokolateagaz eta Gabonetako kontzertu batekin.
Leioan, 18:00etatik aurrera ere, Errege Magoek umeei harrera egingo diete Kultur Leioan, eta, beraien magiak lagunduta, Lamiakoko Jubilatuen Etxean ere egongo dira ordu berean.
Azkenik, Berangoko Erregeen kabalgata 19:30ean abiatuko da Berangoeta kultur etxetik frontoira iritsi arte.
Oharra: Sopelan bezala, eguraldia dela-eta, lerrootan agertzen direnetan moldaketak egon daitezke azkenengo orduetan.