Gaur goizean, Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak itsasadarreko bulebarreko obrak obrak bisitatu ditu Leioan, eta iragarri du udaberrirako bukatuko dutela Lamiakoko lehen fasea. Halaber, Diputatuak adierazi duenez, 28 milioi euroko inbertsio izan duen azpiegitura hurrengo urtean bukatuko dute eta horri esker itsasadarreko mugikortasuna eraldatu egingo da.
Lamiako eta Altzaga arteko lehen zati horren lanak aurreko urteko ekainean hasi zituzten, eta, aurreikuspenen arabera, 16 hilabete behar izan dituzte obra horiek bukatzeko. Guztira, lanek 9,9 milioi euroko inbertsioa izan dute eta BI-711 errepidearen ibilbide zaharra oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealekua bilakatzeko balio izan dute.
Bestalde, bulebarraren bigarren fasea, Altzaga eta Elorrieta artekoa, 2025eko maiatzerako amaituta egotea espero dute arduradunek. Kasu horretan, lanak egiteko 20 hilabete beharko dituztela aurreratu dute, eta aurrez ikusitako inbertsioa 20 milioi eurokoa izan da.
Itsasadarra eraldatuko duen egitasmoa
Bizkaiko Foru Aldundia burutzen ari den proiektuak Getxo eta Bilbo arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak lotuko ditu, 6,5 kilometroko ibilbide bategaz, egungo BI-711 errepidean zehar. Era berean, bulebar hori ezkerraldeko ertzagaz ere lotu gura dute Erandio eta Barakaldo arteko All Iron zubiaren bitartez.
Aldundiak iragarri duenez, bulebarrak oinezkoentzako hiru metroko pasealekua izango du ibilbide osoan; itsasadarretik gertuen dagoen bandatik igaroko da, eta, haren ondoan, bi noranzkoko eta lau metroko zabalerako bizikleta-bide bat izango du. Aldiz, motordunen zirkulazio geldorako galtzada-eremua 6,8 metrokoa izango da. Era berean, fatxaden aldeko barruko espaloia erregularizatuko dute, gutxienez hiru metroko zabalera ahalbidetzeko. Gainera, errepidearen egungo plataformaren zabalera jarduketa hau gauzatzeko nahikoa ez den lekuetan, ur-laminaren gaineko hegalen bidez lortuko dute lekua.