Elkarrizketak

Marian Becerro: "Antsietatea edota depresioa duten emakume gehienek besteak zaintzeko nahia ezartzen dute nukleo nagusi gisa"

Nahia Martinez Gondra 2024ko ots. 21a, 11:25

Marian Becerro psikologoak 30 urte dihardu antsietatea emakumeakaz lantzen.

Antsietateak lotura estua du emakume izatearen eraikuntza sozialagaz: gizarte patriarkalak eta norberak bere buruarengan sortutako espektatiba eta presioek eragin handia dute emakumeen osasun mental eta fisikoan, antsietatea sintoma nagusitzat nabarmenduz. Hala, baieztatu digu Marian Becerro psikologoak, 30 urtez emakumeakaz antsietatea lantzen eta kudeatzen diharduen aditua. Otsailetik apirilera antsietatea kudeatzen ikasteko tailerra ematen ari da Urdulizko kultur etxean.

Hasteko, zer da antsietatea?

Antsietatea, ikuspegi klinikotik analizatuta, sintoma bat da. Gorputzaren adierazpen bat da: adrenalina igotzen da, bihotzeko taupadak areagotzen dira eta azkarrago arnasten dugu, korrika egiten arituko bagina bezala. Hala, antsietatea sentitzen duen pertsonak bizirauteko beharrezko dituen mekanismo espezifikoak jartzen ditu martxan eta alerta egoeran dago.

Emakume gisa sozializatutako identitateetan badago uste bat perfektuak izateko, eta hori lortzeko helburu eta espektatiba ezberdinak ezartzen dizkiote euren buruari. Askotan, gehiagora iritsi nahi izatearen sentsazio etengabeagaz bizi gara eta pentsamendu horiek eragin fisiologikoa dute gorputzean. 

Helburu irreal horiek guztiak sinesmenakaz lotutako pentsamenduak sortzen dituzten inposizioak dira. Adibidez: "ama ona izan behar dut, emazte ona izan behar dut, lagun ona izan behar dut"... Eta horrek lotura zuzena du emakume izatearen gizarte-eraikuntzaren egunerokotasunagaz.

Nola eragiten du emakume izatearen eraikuntzak antsietatean?

Gure ikastaroan subjektibotasun femeninoaren eraikuntza aztertzen dugu: emakume gisa heztean, eguneroko bizitzaren kudeaketagaz zerikusia duten ondoezak analizatzen ditugu. Hala, heredatu ditugun genero-rolak berrikusten ditugu eta emakume gisa nola eraiki garen aztertzen dugu.

30 urte baino gehiago daramat programa egiten eta ikusi dut gure kulturan joera bat dagoela emakumeek amaren rola bereganatzeko: hau da, antsietatea edota depresioa duten emakume gehienek besteak zaintzeko nahia ezartzen dute nukleo nagusi gisa. Emakume izatea da besteak zaintzera bideratua egotea, besteen beharrizanak lehenetsiz norberarenak baino gehiago.

"Emakumeen kasuan, zain geratzeko eta emakumeak azken postuan geratzeko joera dago ere"

Emakumeen kasuan, zain geratzeko eta emakumeak azken postuan geratzeko joera dago ere. Hori aldatzen ari da belaunaldi berrietan, baina ikastarora datozen emakumeek erlazionatzeko eredu horri eusten diote. Azkenean, besteen eskaerei nireei baino gehiago erantzuten badiet, itxaroten geratuko naiz. Besteek asmatu beharko dute zer gertatzen zaidan, ni ez naizelako gai horiek adierazteko eta horiek lehenesteko. Aitzitik, nik besteen beharrak asma ditzaket. Gainera, plazera bilatzeko zailtasunak ere badaude; hau da, ni ondo nago arazorik ez badago. Baina ahaztu egiten da ondo egoteko garrantzitsua dela plazera bilatzea: lagunakaz egotea, bidaiatzea, ezagutzea... jakin-mina nahiko inhibituta dago emakume gehienengan. Bestalde, gero eta emakume gehiagok jasaten dituzte abusuak, baita haurtzaroan ere, eta horrek lotura handia du sexu-arloko inhibizioagaz. Plazer sexualaren bilaketan atsekabe handia dago eta hori asko lantzen dugu taldeetan.

Zer adin-tarte izaten dute emakumeek tailerrean?

Taldera etortzen diren emakumeek batez beste 50 urte izaten dituzte. Kasu askotan gurasoak edo bilobak zaintzen dituzte, beraz, zaintzailearen rol-efektu hori areagotu egiten da, eta mundu-sozial oso txikia dute.

Beti daude itxaronaldian: itxaroten dute seme-alabak hazi arte, gurasoak sendatu arte, garaiak aldatu arte. Eta azkenean beren bizitza besterik ez da igarotzen. Orduan, lo egiteari uzten diote, menopausiagaz lotutako arazoak dituzte, bikotekideagaz arrotz sentitzen dira... Denbora luzez antsietatea izan dutenez, giharretako minekaz eta artikulazioetako zailtasunekaz hasten dira eta medikuarengana joaten direnean, analgesikoak edo psikofarmakoak errezetatzen dizkiete. 50-60 urte inguruko emakumeen artean modu kezkagarrian igo da psikofarmakoen eta analgesikoen kontsumoa eta lehen mailako arretako kontsultetako “hiperfrekuentazio” bat dago.

Zer nolako ezberdintasuna dago emakume eta gizon gisa sozializatutako identitateen artean antsietateari aurre egiteko momentuan?

Orokorrean, gizonek joera handiagoa dute antsietatea sentitzeko euren helburuak lortzen ez dituztenean edo euren bizitzetan zuten zerbait “galtzen” dutenean. Ez dira gai gertatzen zaienari izenik jartzeko edota euren egoera analizatzeko, horregatik, gertatzen zaiena ekintzaren bidez kudeatzen dute: antsietatea kanporantz bideratzen dute, suminkortasunez, indarkeriaz edo oldarkortasunez. Euren irtenbidea da jokoaren bidez edota drogen kontsumoaren bidez ateratzeko joera dute.

Aitzitik, emakumeek gehiago eusten diote sufrimenduari, esperoan gelditzen dira eta ez dute irtenbiderik topatzen. Badakite hitzakaz azaltzen zer gertatzen zaien eta zergatik, eta konfiantzazko pertsonakaz partekatzeko gai dira, baina ez diote antsietateari ekintzakaz erantzuten. Gainera, psikofarmakoak erabiltzeko joera handiagoa dute emakumeek. Familiaren euskarria izan behar direnez, lasai egon behar dira, eztanda ez egiteko. 

Dinamizatzen ditudan tailerrak Osakidetzagaz koordinatuta daude, elkarteetan edo beste baliabide batzuetan parte hartzen duten emakumeentzako ongizate komunitarioko taldeak baitira. Batez ere, psikofarmakoen erabileraren alternatiba gisa planteatzen da programa hau, askotan horien bidez lasaitasuna errezetatzen ari baikara. Hala, emakume horiek laguntzen saiatzen gara haiek etxetik ateratzen, laguntza talde bat bermatzen eta eguneroko zailtasunak partekatzeko gune bat eraikitzen.

Becerrok dinamizatzen dituen tailerrak Osakidetzagaz koordinatuta daude.

Emakume gisa hezitako subjektuek beti izan dute antsietate hori?

Orain psikofarmakoen kontsumoa areagotu da, baina antsietatea beti egon da emakumeen rolen eraikuntzaren eraginez. 

Hala ere, lehen, emakumeek beste era batera sozializatzen zuten, kontaktu gehiago zuten beste emakumeen artean. Horregatik du hainbesteko indarra emakume talde batek: nire herriko emakumeak, adibidez, denak batera josten hasten ziren kalean, eguneroko gauzak elkarri kontatzen zizkioten eta elkarri entzutea asko laguntzen zien. Emakume talde horiek galdu egin dira.

Egun, antsietateari aurre egiten diote psikofarmakoen bidez, industria farmazeutikoaren produktuak direnak. Publizitatearen bidez saltzen digute pilula bat hartuz zoriontsuak izango garela, baina ezin dugu ahaztu kontsumo-gizarte batean bizi garela.

Zeintzuk dira emakumeengan eragina duten arrisku-faktoreak antsietatea sentitzeko? 

Batez ere gainkarga. Itxuraz, badirudi berdintasunetik eta parekotasunetik ari garela harremanetan, baina nik gero eta kargatuago ikusten ditut emakumeak. Gero eta exijentzia-maila handiagoa dago. Iaz, Uribe Kostan tailerra egin nuenean, nahiz eta emakume gazteagoak izan, agerian geratu zen ez zutela autozainketarako denborarik.

Zer estrategia aurkezten dituzu ikastaroan antsietatea kudeatzeko? 

Emakumeak antsietate- eta depresio-arazo mistoakaz etortzen dira normalean. Ez dago antsietate orokor hutseko nahasmendurik. Denbora luzean irauten duen antsietateak etsipena eta, batez ere, neke handia sortzen du. Ikastaroa hasi bezain laster egiten dudan ariketa bat hurrengoa da: emakumeei eskatzen diet borrokan hasiko balira bezalako posizion jartzea. Hala, gorputza gogor jartzen dute, indar gehiago izateko. Horrela funtzionatzen du antsietateak: eraso egiteko posizioan zaude, bizitza ring bat izango balitz bezala, non etengabe borrokatu behar duzun bizirauteko.

Beraz, gure estrategia da aztertzea lehenik eta behin emakumea fisikoki nola dagoen, esaterako, nola arnasten duen. Hortik abiatuta mindfulness-agaz lotutako neurriak hartzen ditut. Gorputza presente egonda sentsazioak ezagutzeko modu bat da. Gorputzak tentsiotik funtzionatzen badu, meditazioa eta erlaxazio muskularra egingo ditugu. Zure arreta arnasketan jartzen baduzu gorputza hemen eta orain sentitzen ari zara.

"Emakumeen pentsaera ere aztertzen dugu, normalean antsietatearen azpian bizi garenean antsietate prebentibotik bizi garelako"

Emakumeen pentsaera ere aztertzen dugu, normalean antsietatearen azpian bizi garenean antsietate prebentibotik bizi garelako: pentsamendu asko daude gertatuko dena aurreratu nahi dutenak, baina gehienetan ez da pentsatzen duzuna gertatzen. Teknika gisa ere erabiltzen dut psikodrama: grekeraz, drama akzioa da eta psiko psikologia. Emakumearentzat gatazkatsua den eszena bat planteatzen da, eta antzerki terapeutiko moduko baten bidez, gatazka-egoera horri irtenbidea bilatzen ikasten dute. Hori taldean egiten dugunean, indar handia du.

Bestalde, konfiantzagaz lotutako dinamika asko ere egiten ditugu: emakume-taldeetan femeninotasunaren energia asko mobilizatzen da, eta oso indartsua da elkarren artean lagundu ahal izateko. Berdinen arteko harremanek aldaketak errazten dituzte eta elkarren artean besteen eredu bilakatzen dira. Talde baten parte izatearen sentimenduak asko laguntzen die emakumeei, izan ere, beste gune batean aipatuko ez lituzketen gauza askori buruz hitz egiteko konfiantza hartzen dute.

Baina, batez ere, ikastaroaren efekturik garrantzitsuena da emakumeak ingurune pribatutik ateratzea. Taldeetan parte hartzea etxetik irtetea da. Beste emakume batzuakaz egoteak asko laguntzen du eurek hautemandako gizarte-babesean.

Gorputzaren eta eguneroko pentsamenduaren analisi indibidual horrez gain, hausnarketa bat sortzen al da emakumeei espektatiba eta eskakizun jakin batzuk estrukturalki zergatik egozten zaizkien jakiteko?

Bai, noski. Ikastaroa feminismotik eraikita dago, emakumeok egitura patriarkala aldatzeko borrokan daramagun guztia oinarri hartuta. Eguneroko bizitzako alderdi asko aztertzen ditugu. Adibidez, emakumeak guraso, seme-alaba eta bikoteekiko duen mendekotasun osoa. Horregatik borrokatu behar dugu. Gai asko egiturazkoak dira eta funtzionamendu patriarkalaren ereduagaz dute zerikusia.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun