Azaroaren 30eko grebaren aldarrikapenei heldu diezue, zer dator orain?
NEREA CUADRADO: Mugimendu Feministak denbora darama zaintzaren ildoa nola jorratu eta borrokatu aztertzen. Greba tresna bat izan zen zaintzak erdigunean jarri eta gure aldarrikapenak eta eskariak jasotzen dituen herri-akordioa aurkezteko. Orain, datorrena da benetako lana eta hausnarketa, pentsatu behar dugulako nora goazen eta zer egingo dugun aldaketa sozial hori emateko.
BEGO CARRANDI: Horrez gain, grebak balio izan zuen instituzioak interpelatzeko, eta gure ustez lortu dugu zerbait: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan politikariek kontuan hartu zutelako zaintzaren gaia. Orain arte, borroka feminista esaten zenean, gizonak eta emakumeak orekatzea aldarrikatzen zen, baina zaintza guztion kontu bat da, ez bakarrik emakumeona. Nik pentsatzen dut ideia harrapatu dutela, baina ikusi beharko da nola garatzen duten.
Zertan gauzatu dira grebaren aldarrikapenak?
B. C.: Eusko Jaurlaritzari eskatu genion herri akordio hori landuko duen erabaki-mahai bat osatzea agente desberdinekin, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.
Nola laburtuko zenituzkete zuen helburuak?
B. C.: Gai honek orain egin du eztanda, eta ez da kasualitatez izan. Krisi ekosoziala, bizitzaren garestitzea, zerbitzu publikoen pribatizazioa... Ikusi dugu zaintza sistema kolapsora doala, instituzioek pribatizaziorantz jotzen dutela, horrek dakarren prekarizazioarekin. Beraz, bagoaz sindikatuekin eta eragile sozialekin borrokatzera eta interpelatzera hori alda dadin. Helburua da zaintza sistema publiko duina eta komunitarioa lortzea, eta horretarako zabaldu beharreko hainbat meloi ditugu, baina lehenik eta behin zein baldintzetan gauden ikusi behar dugu etxean egiten diren zaintzetatik abiatuta. Goazen guztion artean pentsatzera nola kolektibizatu ditzakegun zaintza horiek.
Esango zenukete borroka feministak eman behar zuen hurrengo urratsa izan dela?
N. C.: Bai, datuak hor daude: zaintzen % 80 inguru emakumeon bizkarren gainean daude oraindik. Gizonak sartzen ari dira, baina oreka lortzeko asko falta da; beraz, feminismoaren aldetik ikusita, beste urrats bat izan da. Guztiok behar ditugu zaintzak eta guztion ardura izan beharko litzateke, ez emakumeona soilik. Meloi handi bat ireki da hor.
N. C.: Aldaketa estrukturala eta sistemikoa egin behar da, eta horretarako epe luzerako borroka daukagu aurretik, hainbat faktoretan eragin beharko dugulako. Zaintza-sistema aldatzeak aldaketa sozial bat eskatzen du. Ez da erraza izango eta poliki-poliki egin beharko da, baina horretan lanean hasi behar genuen.
Borroka desberdina. "Beti militatu izan dugu hainbat taldetan, baina borroka hau desberdina da, beste erritmo batzuk ditu, hausnarketa-prozesu sakonak behar ditu eta epe luzerako moldeak eskatzen ditu"
Greba-egunean emakume migratuen kolektiboa ez zen batu, zergatik uste duzue gertatu zela hori?
B. C.: Gu kontziente gara gure feminismoaren barruan barne-iraultza bat egin behar dugula, gurea 'feminismo zuria' delako. Beraz, hor ere erronka bat dugu, eta eskertzekoa da beste kolektibo horiek ere gu interpelatzea, feministak izan arren ez garelako libratzen, baina kritika konstruktibo moduan hartu dugu eta hor zubiak eraikitzeko beharra ere ikusi dugu.
Gorlizera eta Plentziara etorrita, nola dinamizatu zarete?
N. C.: Apirilean, kafe-tertulia bat egin genuen eta erantzunarekin oso pozik geratu ginen. Sorpresa polita izan zen, herri bietako jende oso ezberdina joan zelako: belaunaldiartekoa, gizonak eta emakumeak... Dependentzia, lan feminizatuak, lan-banaketa desiguala eta autozaintza jorratzeko mahai-inguruak egin genituen diagnosi bat osatzeko; izan ere, gure helburua da Gorlizen eta Plentzian hausnarketa kolektibo bat abiaraztea, eta hortik ateratzen ditugun ideietatik ikustea zer egin dezakegun. Horrez gain, udaletara ere joko dugu ikusteko beraiekin ere zer egin dezakegun.
B. C.: Hausnarketa prozesuarekin jarraituko dugu, jendea gogoz etorri zela ikusi genuelako. Badago ikusmina zaintzaren gaiaren inguruan nondik joango garen ikusteko.
Plentzian edo Gorlizen ba al dago zaintzaren inguruan lanean dauden emakumeen inguruko diagnosirik?
B. C.: Plentzian badago, baina Gorlizko Udalari eskatu beharko genioke diagnosi bat egitea ikusteko ea maila publikoan nolako baldintzetan dauden zaintzaren bueltan dauden langileak, kopurua eta baldintzak ezagutu ahal izateko, gure herrietan dugun errealitatea zein den ikusi nahi dugulako.
Uste duzue erakunde publikoetatik hasi beharko litzatekeela iraultza?
N. C.: Agian errazagoa da instituzioak interpelatuz hastea, ikusi dugulako zaintzaren inguruko lanbideak feminizatuak eta arrazializatuak direla. Hortik hastea errazagoa da, baina ezin gara horretara mugatu, noski, etxe barruan ere emakumeok egiten ditugulako zaintza-lan gehienak, beraz, aldaketa sozialaren beharra ere badago.