Amu pozoituak, animaliekiko tratu txarren gaitza

Iker Rincon Moreno 2024ko eka. 18a, 08:00

Txakurren kontrako hainbat amu pozoitu agertu dira urteotan Uribe Kosta eskualdean.

Azken urteotan pozoiez edo iltzez beteriko janari-zatiak agertu izan dira eskualdeko hainbat txokotan. Albaitariek diote horiei lotutako hainbat etxeko animalia artatu behar izan dituztela inguruotan.

Txakurrak oso kuxkuxeroak dira izatez, eta askotan arazoak izan ditzakete euren jakin-gose horregatik. Izaera harrapakaria eta haratusteljalea izanda, aurrez aurre aurkitzen duten eta interesa sortzen dien dena jan ohi dute. Hori dela eta, ugazabek neurriak hartzeko beharra dute, euren maskotek kalterik izan ez dezaten. Etxean zein kalean, etxe-animalientzat kaltegarriak izan daitezkeen hamaika elementu dago, berbarako pertsonentzako botikak, intsektizidak, pestizidak eta garbiketarako produktuak. Horrenbestez, gura ez diren ezbeharrak ez jazotzeko, animalientzat arriskutsuak izan daitezkeen gauza horiek denak euren irismenetik kanpo uztea gomendatzen dute adituek. Modu horretan, maskoten intoxikazio-istripurik ez gertatzea lor daiteke. Hala ere, azken urteotan, gure inguruetako kaleetan beste arazo mota bat agertu da: pozoitutako edo iltzez beteriko amuena.

Intoxikazio-motak

Animaliak hiru modutan intoxika daitezke: azaletik, arnastetik edo ahotik. Toxikoei dagokienez ere hiru mota daude: neurologikoa, digestiboa eta antikoagulatzailea. Patricia Martinez Goikoetxea Algorta albaitaritza-zentroko adituak azaltzen duenez, badira gaixotasunak intoxikazio bategaz nahas daitezkeenak, "baina diagnostiko bereizlea egin ondoren, zerbait arraroa agertuz gero, susmoa har dakioke". Intsektizidak toxiko neurologikoak dira, eta animalien nerbio-sisteman eragiten dute; kasu horietan, gorputz-dardarak eta desorientazioak gertatzen dira. Toxiko digestiboen kasuan, ostera, okadak eta kakapirriak izan ohi dira sintomarik ohikoenak. Azkenik, antikoagulatzaileek odolgabetzeak eragiten dituzte; mota horretako pozoi ohikoena arratoiak hiltzekoa izaten da, eta oso hilgarria da etxeko animalietan.

Albaitariek diotenez, artatutako animalien kasuan, gura barik intoxikatutakoak izan ohi dira, "animalientzako arriskutsuak diren askotariko produktuak daudelako leku guztietan". Hala ere, pozoi horiek erabilita amuak ipintzearen helburu "argia" txakurrak edo katuak hiltzea dela deitoratu du Martinezek. Iltzez edo kristalez jositako amuen kasuan ere helburua berbera dela dio: "Orratzak dituen saltxitxa edo txorizo zati bat aurkitzen dugunean, argi dago norbaitek animalia horiek hiltzeko helburua duela. Horiek jaten dituztenean, ez dira gai elementu horiek digeritzeko, eta kaka egiten dutenean barrutik urradurak egiteko eta peritonitis bat jasateko arriskua dago, besteak beste".

Zer egin behar da intoxikazio baten aurrean?

Sintoma txikiena dagoenean, zuzenean albaitariarengana jotzea gomendatzen dute adituek. Zantzuak aldakorrak dira, hartutako sustantziaren araberakoak. Hala ere, ohikoak dira okadak, dardarak, paralisiak, delirioak, odol-jarioa, arnasketa-arazoa eta konortea galtzea, besteak beste. Murtziako Unibertsitateko Zerbitzu Toxikologikoak aipatu duenez, zuzenean animaliak zerbait arriskutsua irentsi duela susmatzen bada eta hura kontziente badago, unean bertan oka eragin ahal zaio, % 3ko ur oxigenatua erabilita, berbarako. Hala ere, neurri horregaz kontuz ibili beharra dagoela aitortu du Martínezek: "pozoia denean bakarrik izan daiteke neurri hori baliagarria. Iltzeak edo kristalak tartean daudenean, berriz, kalteak eragin ditzakegu, urradurak eragin ditzakegulako oka eragiterako orduan". Hori dela eta, zentzudunena zuzenean klinika batera joatea dela azaldu du, bertan albaitariek hartu beharreko neurriak har ditzaten. "Animalia bat intoxikatzen denean, hura lasaitzeko lasaigarriak eman behar izaten dizkiogu askotan. Ondoren, urdail-garbiketa egin ohi diogu, eta, azkenik, tratamendua ipini. Baina, tamalez, beti ez da onik ateratzen. Kasu bakoitza ezberdina da", deitoratu du albaitariak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun