Gero eta ohikoagoak dira LGTBIQ+fobikoak diren erasoak?
Eraso LGTBIQ+-fobikoak sistemaren parte dira. Disziplinatzeko indarkeria da, zisheteroaurautik modu ikusgarrian aldentzen direnen kontra zuzendua. Eraso hauek zisheteroarauak dituen mekanismoak dira sistema bere horretan mantentzeko. Urteetako borrokari esker, gaur egun geroz eta aukera gehiago daude sexu-genero disidenteontzat geure buruak askatasunez aurkezteko, baina ikusgarritasun horren aurrean badago erantzun erreakzionario bat. Aurrerapausoak dauden heinean, beti sortzen da erreakzio bat.
Bestalde, gure aurkako bortizkeria beti existitu den arren, azken urteotan diskurtso faxisten gorakada eta normalizazioa bizitzen ari gara eta horiek erasoak zilegi egiten dituzte.Urteetako borrokari esker, gaur egun, gero eta aukera gehiago daude sexu-genero disidenteontzat geure buruak askatasunez aurkezteko, baina ikusgarritasun horren aurrean badago erantzun erreakzionario bat. Gure aurkako bortizkeria beti existitu den arren, azken urteotan diskurtso faxisten gorakada eta normalizazioa bizitzen ari gara eta horiek erasoak zilegi egiten dituzte.
Nolako guneak dira jaiak identitate disidenteentzako?
Herriko jaien txosna-guneak gainontzeko eremuak baino seguruak direla esango genuke, batez ere, gune feministak. Jaiak, baina, herri osoan ospatzen dira, ez bakarrik esparru politizatuetan. Horiek gune publikoan ematen diren heinean, eta sexu eta genero disidenteok eremu hauek hartzen ditugun heinean, bortizkeria jasotzeko aukerak areagotzen dira. Izan ere, erasoen helburua gu eremu publikotik kanporatzea da, armairuetara itzultzea, izuturik. Aldarrikatu nahi dugu kaleak eta gauak gureak ere badirela, baina lan handia dago aurretik egiteko. Tamalez, erasoak gureak sentitu ditzakegun eremuetan ere ematen dira oraindik.
Erasoez gainera, bestelako arazoak identifikatzen dituzue jai eremuetan?
Jaiak heteropatriarkalak izaten jarraitzen dute eta gizon zisheteroak dira gune gehienetan protagonistak. Nahikoa da kuadrillen jaitsiera bati erreparatzea. Salbuespenak salbuespen, ohikoa da gizonezko kuadrillen nagusitasuna eta, ondorioz, haien jarreren protagonismoa. Zenbat alditan ikusi ditugu gizon heteroak gona eta ileordeak jantzita marikak parodiatuz herriaren aurrean? Bada garaia (eta pixkanaka lortzen ari gara) sexu-genero disidenteok gure eredu propioak zabaltzeko.
Udako jaietarako protokolorik duzue prestatuta?
Ez daukagu protokolo propiorik, baina herri ezberdinetako mugimendu feministekin harremanetan gaude eta haiek sorturiko protokoloak egokiak dira martxan jartzeko eraso LGTBIQ+fobo bat gertatuz gero. Nabarmendu beharra dugu sexu-genero disidentzia eta mugimendu feminista aliatuak garela borrokan, bidelagun sarritan, eta zisheteropatriarkatua suntsitzeko helburu komuna dugula zerumugan.
Eraso LGTBIQ+foboen aurrean, babesa eta erantzuna egon dela nabaritu duzue?
Gaur egun, sexu eta genero disidenteon bizitzak ez dira oraindik lehentasun bat jendearentzat. Atsekabez ikusten dugu nola mota honetako erasoak ematen direnean, antolatzen diren mobilizazioetara betiko berdinak agertzen garen, eraso matxistak daudenean bezala. Gure kolektiboaren data esanguratsuak eta aldarriak ez daude jendearen agendetan. Uste
dugu erasoen aurrean beti erantzun behar dela modu kolektiboan: mezua izan behar da onartezinak direla mota horretako gertakariak.
Azken boladan, mezu transfoboak Uribe Kostako kaleetatik hedatu direla salatu duzue. Nola egin aurre gorroto horri?
Uribe Kosta ez da salbuespen bat eta hona ere diskurtso transfoboak iritsi dira. Lehen aipatu bezala, aurrerapausoak ematen direnean, beste aldetik erreakzioa eragiten du, eta, kasu honetan, Trans Legearen onarpenaren harira gezur eta gorrotoan oinarrituriko mezuak zabaldu egin dira.
Guri dagokigunez, borroka kaleetan eman behar dela uste dugu. Transfobiak hil egiten du, hori argi utzi behar da, eta trans pertsonei eskubideak ukatzea faxismo hutsa da. Horregatik, aurre egin behar diegu, kaleetan ez diegu espaziorik utzi behar, eta gure mezuak hedatu behar ditugu lau haizeetara. Baztertu behar ditugu, duten maskara kendu eta argi eta garbi adierazi faxistak direla. TERF-en diskurtsoak esentzialismo biologizista dute abiapuntu, historikoki arrazismoa eta kolonialismoa justifikatzeko erabili dena. Azkar esanda esentzialismoa emakumezkoei identitate finko eta naturala egoztean datza. Emakumetasuna (eta gizontasuna) naturan existitzen den kategoria unibertsaltzat ulertzen da pentsaera honetan.
Diskurtso honek erantzun hutsal bat ematen die feminismoaren galderei: emakume eta gizon guztien jokaerak biologikoki definituta daude. Adibide sinple batekin azaltzearren, zenbat aldiz entzun dugu antzeko esaldi bat: “emakumeek mundua gobernatuko balute ez legoke gerrarik”. Aintzat ematen da gerrak gizonezkoen naturaren parte direla eta emakumeak, ordea, baketsuak direla haien genetikan idatzita dagoelako. Nahiz eta ezkerreko eta militantziako zenbait gunetan hedatu izana, funtsean diskurtso burgesa da. 70eko hamarkadan lesbianak baztertzeko erabiltzen ziren argudio berberak birziklatu dituzte, oraingoan pertsona transen aurka, beti emakumetasun sakratu baten defentsan, azken finean sexu-generoaren kartzela indartu eta mantendu nahian.
Argi eta garbi utzi nahi dugu sexua eta generoa ez direla kategoria esentzialak eta unibertsalak, kontrakoa baizik, historikoak dira. Hau da, indarrean dagoen sexu-genero eredua bilakaera historiko baten emaitza da, funtsean gizarte kapitalista eta patriarkalaren produkzio sistemaren beharren inguruan egituratua. Gizakia, ordea, anitza da eta trans identitateak erantzun guztiz zilegiak dira binarismo itogarri honetan biziraun ahal izateko.
Gehitu gura duzuen zerbait?
Gure eremuak sortu behar ditugu. Historikoki, sexu eta genero disidenteok sexilio delakoa bizi izan dugu, eta herrietatik hirietara ihes egin behar izan dugu gure bizitzak libreago bizi ahal izateko. Gure hautua izan da borroka hau gure eskualdean jorratzea, Uribe Kosta den heterolandiari arrakalak eragin eta sistema kolokan jartzen hastea. Horregatik, garrantzitsua deritzogu eskualdean ere guretzako guneak sortzea, gure artean saretzea eta zaintza eta babesa bermatzea.
Askotan gizarteak biktimak bezala aurkezten gaitu, eta guk irudi horretatik aldendu nahi dugu. Gaitasun handia daukagu sistema zalantzan jartzeko. Ez dugu gizartearen tolerantzia edo onarpena nahi, gizartea da aldatu behar dena.