Hasteko, zer da eta zer egiten du Etxebizitza Sindikatuak?
Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatua, gure eskualdean etxebizitzaren problematikaz arduratzen den eragile politiko bat da. Labur esanda, Uribe Kostan kalitatezko etxebizitza doako eta unibertsal baten eskubidea bermatzeko borrokan erreferentziazko eragilea izateko jaio gara: etxebizitzaren problematikak azken urteetan jende askoren bizitzan irabazitako garrantzia tarteko, autodefentsan oinarrituta dagoen langile klasearen antolakuntza gune bat gara.
Gure kasuan, eskualde mailan antolatzen den Etxebizitza Sindikatua, maila nazionalean antolatuta dagoen Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuaren adierazpena lokala da. Gure praktika, beraz, eragile horren egitekoak hedatzean oinarritua dago: Batetik, kasu konkretuen interbentzio zuzena; adibidez, etxegabetzeak gelditu, maizterren aholkularitza (tramite burokratikoekin lagunduz, akonpainamendua…). Eta bestetik, kasu konkretuetatik harago doan interbentzio politiko bat egitea, doako eta kalitatezko etxebizitza unibertsal baten eskubidearen kontzientzia zabaltzeko. Horren adibidea da aurreko otsailean laguntza sozialen murrizketak salatzeko bideratu zen kanpaina eta manifestazioa, Berri Otxoak eta Argilanekin batera.
Zer dela eta erabaki duzue Uribe Kostan etxebizitza sindikatu bat sortzea?
Esan bezala, etxebizitzaren auziak garrantzi handia hartu du azken urteotan; gainera, gure eskualdean, problematika orokor horrek baditu zenbait ezaugarri espezifiko, askotan, egoera okertu egiten dutenak. Etxebizitza hutsen kopuru handia daukagu, turistifikazio prozesu nahiko sendo bat dago gurean, auzoen arteko bizi baldintzetan dauden desberdintasuank gero eta nabariagoak dira… Guzti horrek etxebizitzaren problematikari aurre egiteko antolatzeko beharra azaltzen du.
Behar horri ekainean Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista aurkeztu izanak sortutako baldintzak gehitzen zaizkio. Guzti horrek aipatutako lan-lerroak gure eskualdean lurreratu eta garatzeak ahalbidetu du.
"Hainbat lekutan kontraste nabarmena dago zerbitzuetan, etxebizitzaren kalitatean, azpiegituran eta soldatetan, are gehiago nabarmenduz langile-klasearen eta burgesiaren auzoen arteko desberdintasunak"
Nolakoa da Uribe Kostako etxebizitzaren testuingurua gaur-gaurkoz?
Etxebizitzaren arazoa orokorra da, eta gure eskualdea ez da salbuespena. Hala ere, Uribe Kostan problematika honen zenbait alderdik gogor jotzen gaitutzela ikus dezakegu.
Adibidez, hainbat lekutan kontraste nabarmena dago zerbitzuetan, etxebizitzaren kalitatean, azpiegituran eta soldatetan, are gehiago nabarmenduz langile-klasearen eta burgesiaren auzoen arteko desberdintasunak. Horri gehitu behar zaio gure eskualdean etxebizitza eskuratzea bereziki garestia dela, baita auzo proletarioetan ere, eta horrek desberdintasun hori sakontzen duela. Hori ez da prozesu isolatu bat, eta hirigintza kapitalistaren eta lurraren banaketa klasistaren beste adierazpen bat bezala ulertzen dugu, langileak pobretuz eta beraien auzoetatik kanporatuz.
Horren beste adibide bat "etxebizitza sozialak" dira. Uribe Kostan garrantzia handia dute, baina etxebizitza horien kalitatea, oro har, baxua izaten da, eta, gainera, etxebizitza eskuratzeko baldintzak, gero eta itogarriagoak dira: traba burokratikoak, kontrol-mekanismoak, kalitate txarreko materialak eta gizarte-zerbitzuen xantaiak gero eta proletario gehiagoren aukera bakarra ezaugarritzen dute, baita gure eskualdean ere.
Nortzuk osatzen duzue taldea?
Jardun politiko eta sozialean aritutako jendea osatzen dugu taldea. Interesa izan ahal duen edonori egiten duguna jarraitzeko animatzen diogu.
"Eguneroko praktikan langile klasearen bizi-bitartekoen aurkako erasoen aurrean defentsa bitartekoak bermatu behar dira, eta hauek etxebizitzaren problematikaren kausa gainditzeko estrategia orokor bat elikatu behar dute"
Zeintzuk izango dira zuen lan-lerro nagusiak?
Batetik, epe labur eta ertainean, gure helburu nagusia proletarioen autodefentsarako tresna izatea da. Etxebizitzaren alorrean interbentzio zuzena egitea, jabeen erasoei aurre egitea, traba burokratikoekin laguntza eskaintzea eta, oro har, langile klasearen bizi-baldintzen kontrako erasoei erantzutea.
Bestetik, epe luzera gure buruari jarritako helburuek ezaugarritzen gaituzte: etxebizitzaren auzia lantzeko eta problematikari irtenbidea emateko epe luzerako ortzi-muga estrategiko baten garrantzia azpimarratzen dugu, arazo honen jatorrian dagoen kausa gainditzearren.
Eguneroko praktikan langile klasearen bizi-bitartekoen aurkako erasoen aurrean defentsa bitartekoak bermatu behar dira, eta hauek etxebizitzaren problematikaren kausa gainditzeko estrategia orokor bat elikatu behar dute. Gizarte kapitalistan etxebizitza bera merkantzia gisa merkaturatzen da, etxebizitzen jabetza daukatenen eta haren premia dutenen artean ezberdintasun erradikal bat ezarriz; gaur, jabedunak desjabeen kontura aberasteko merkantzia da etxebizitza. Hortaz, etxebizitzaren problematika gainditzeko aukera bakarra, sistema kapitalistaren suntsipenean eta klaserik gabeko gizarte baten eraikuntzan soilik aurkitu daiteke.
Gure leloa hauxe da: “Etxebizitza kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala”. Horrek, hain zuzen ere, aipatutako erabaki estrategikoa irudikatzea dauka helburu. Izan ere, doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala den etxebizitza pentsaezina da gizarte kapitalistaren baitan, baina guztiz beharrezkoa, ordea, klaserik gabeko gizarte batean.
"Gure eskualdeak, badauka tradizio bat etxebizitzaren eta bizi baldintzen auziaren inguruko aktibismoan, gure gaurko jardueraren aurrekari direnak"
Hiri handietako etxebizitza sindikatuak egin dira ezagunak azkenaldian, nola artikulatuko zarete eskualde bezala funtzionatzeko?
Argi dago hirietan ematen diren baldintzek erraztu egiten dutela horrelako eragileen sorrera eta jarduera, baina horrek ez du esan nahi gure eskualdean horrelako eragileen jarduera posible ez denik, eskualdean bertan, ekimena aurrera ateratzeko determinazioa eta ahalmena daukan jendeak horretarako bat egiten baldin badu. Gainera, gure eskualdeak, badauka tradizio bat etxebizitzaren eta bizi baldintzen auziaren inguruko aktibismoan, gure gaurko jardueraren aurrekari direnak. Besteak beste, aurreko hamarkadetan auzo langileetan bideratutako mobilizazio prozesu desberdinak segregazioa edota etxebizitzen kalitate txarra salatuz, edo, denboran gertuago ditugun gune okupatu ezberdinen defentsa.
Beste talde batzuekaz batera eragiteko asmoa duzue?
Bai, gure eskualdean langile klasearen bizi baldintzekin arduratuta daudenekin aritzeko prest gaude.
Prestatu duzue ekintzaren bat hurrengo aste edo hilabeteetarako?
Aste hauetan etxebizitzarekin arazoak izan dituzten pertsonekin lanean aritu gara eta etxebizitzaren egoeraz kezkatuta dauden pertsonekin harremanak ezartzen aritu gara. Hurrengo hilabeteetan lanean jarraituko dugu eta ekimenenen bat izatekotan, helaraziko dizuegu.
Gehitu nahiko zenukeen zerbait?
Eman diguzuen aukera hau aprobetxatu nahiko genuke bai, Uribe Kosta osoan zehar etxebizitzaren auziarekin arduratua dagoen orori deia egiteko. Animatzen zaituztegu gure sareetan publikatzen dugunari adi egotera, eta etorkizunean egingo ditugun agerraldietan parte hartzera ere. Babes eta laguntza oro eskertuko dugu. Bestalde, nola ez, etxebizitzarekin arazoak dituen orori, gure kontaktua luzatzen diogu; gurekin kontaktuan jarri ezkero, edozein arazorekin laguntzeko prest aurkituko gaituzue. Hau da gure mail helbidea: esindikatua.uribekosta@gmail.com.