Demografia

Uribe Kostako higiezinen merkatua eta horrek biztanleriarengan duen eragina

Ander Zarraga 2022ko aza. 29a, 08:00

Oro har, eskualdeko udalerrietako biztanleria % 7,2 hazi da bi hamarkadetan, batez ere, Gorliz, Berango, Sopela eta Urdulizen; salbuespen bakarra Getxo izan da, azken 20 urteetan biztanleriaren % 5,18 galdu baitu. Eboluzio horrek lotura zuzena dauka merkatu inmobiliarioagaz, etxebizitzen prezioak eta eskarian zein eskaintzak udalerrietako demografiaren bilakaera baldintzatzen baitute.

EITBk eta Tokikomek abiatutako Saretzen egitasmoak Euskal Herriko demografiaren inguruko hainbat datu igorri ditu, besteak beste, Uribe Kostan, Getxo izan ezik, gainontzeko udalerriek izan duten hazkunde demografikoa. Horrek eragin zuzena dauka higiezinen merkatuan, etxebizitzen prezioan eta eskari motan aurkitu baitaitezke erantzun batzuk.

Sektore horretan zortzi urte baino gehiago daramatzate lanean UK Asesoras Inmobiliarias enpresa gidatzen duten Nerea Sainz areetarra eta Nuria Marrufo algortarrak. Ibilbide horretan, Getxo eta eskualdeko higiezinen merkatua ondo baino hobeto ezagutzeko aukera izan dute. Marrufok dioenez, "oro har, etxebizitzen eskari handia dago eskualde osoan, hori dela eta, prezioak altuak izaten jarraitzen dute; are gehiago, COVID-19aren ostean gune batzuetako prezioak hazi egin dira, batez ere, hondartza eta berdeguneak hurbil dituzten guneetan, oso urbanizatuta daudenen kalterako; jendearen eskaria aldatu egin da pandemiaren ostean".

Algortarraren arabera, azken urtean bankuen interesek gora egin dutenez merkatuak moteldu egin dira, "uneko ziurgabetasunak bultzatuta". Hala ere, horrek ez du prezioen prezio-jaitsierarik eragin, "eta guk higiezinak saltzen jarraitzen dugu". Getxon etxebizitzen salmenta-prezioa 300.000 eta 400.000 euroko tartean dago pisuei dagokionez, eta etxe atxikien prezioa 600.000 eurotik hasten da. Familiabakarreko etxebizitzak dira garestienak eta milioi bat eurotik abiatzen dira. "Oro har, gure eremuan errenta altuko balioetan mugitu ohi gara", azpimarratu du.

Getxoko etxebizitzen prezioa hain garestia izanik, bertako biztanle askok Berango, Sopela eta Urduliz bezalako udalerrietara mugitzea erabaki dute, "batez ere, beraien erreferentziazko kokapenetik hurbil dagoelako eta kalitate-prezio egokiagatik", azaldu du Marrufok. Gainera, aipatutako udalerriek merkatuaren gorakada aprobetxatu dute inoiz baino gehiago eraikitzeko.

"Uribe Kosta, batez ere, Sopela eta horren atzetik Urduliz, modan dagoen gune bat da", azpimarratu du etxe-saltzaileak. Dioenez, eskaria oso altua da eskualdean, kostaldea izateaz gain, hainbat zerbitzu daudelako hurbil, hala nola metroa, autobideak, hirigunea, aireportua... "Merkatu-prezio optimoan salmentan dauden etxeak ez dira denbora asko egoten merkatuan".

Laburbilduz, eskualdeak bizitzeko erakargarritasun handia dauka eta horrek prezioak altuak mantentzea eragiten du, batez ere, COVID-19aren ondoren, jendearen nahiak Uribe Kostak eskaintzen duenagaz lotuta daudelako. Horretaz gain, Getxok errenta altuenentzako merkatua izaten jarraitzen du bere prezio altuakaz, eta, horren ondorioz, errenta baxuagoak dituzten gazteak, adibidez, inguruko udalerrietan bilatu behar izaten dute etxe eskuragarri bat, horietako biztanleria biderkatuz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun