Europako Parlamentuak tramiterako onartu du itsasadarraren azpiko tunelaren aurkako eskaera

Ander Zarraga 2025ko mar. 17a, 17:09

Bilbon egindako itsasadarraren aurkako manifestazioaren argazkia.

Europako Parlamentuak tramiterako onartu du Getxoko Golf Zaharreko bizilagun batek Lamiakoko ibai azpiko tunelaren proiektuaren aurka aurkeztutako eskaera. Orain, atxikipenak jasotzeko epea zabaldu dute.

Onartutako eskaerak Getxo, Leioa, Sopela, Sestao eta Portugaleteko herritarrei obra horien inguruko ingurumen-proiektuari buruzko informazio gardena ematea exijitzen dio Bizkaiko Foru Aldundiari. Eskaera izapidetzea onartu ondoren, Europako Parlamentuak kontsultarako eta eskaerarekin bat egiteko epea ireki du, eta horrek aukera emango die beste herritar eta erakunde batzuei proiektuari buruzko babesa eta kezkak adierazteko. Hala, Subflubiala EZ! plataformak eskaerari atxikitzeko eskatu die Bizkaiko herritarrei, Europako Parlamentuaren webgunearen bidez, proiektuaren kostua zergadunei dagokiela argudiatuta.

Eskaera aurkeztu dutenek erantsi dutenez, azpiegitura hori bateraezina da Europar Batasunaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren helburu klimatikoakaz, 2023ko abenduan Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratutako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak berak aitortzen duenez.

Proiektuaren aurka azaldu diren Subflubiala EZ! plataforma eta beste hainbat eragile eta herritarrek azaldukoaren arabera, beraien kezka nagusiak Artatza inguruko trafikoaren hazkundea eta parkearen suntsipena lirateke: proiektua bultzatzen ari den Aldundiak onartutakoaren arabera, 2048rako trafikoa % 33 haztea eragiteaz gain, Artatzako parkean 150 zuhaitz moztuko lituzkete. Horrez gain, lanek kolapsoak, suteak eta uholdeak bezalako arriskuak ere planteatzen dituela ohartarazi dute.

Horrez gain, Bizkaian aurreikusitako azpiegitura-lanik handiena oraindik aurreikusitakoaren arabera abiatu gabe jarraitzen du. Aldundiak proiektua martxoan onartu eta uda baino lehen lizitatzeko asmoa badu ere, hasiera batean, bost urte iraungo lukeen eraikuntza sei edo zazpi urtekoa izango litzateke, eta 2032an inauguratuko litzateke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun