Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak itsasadarraren azpiko tunelaren behin betiko proiektua aurkeztu du gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak hori berretsi ostean. Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian egindako aurkezpenean, besteak beste, Erandio, Getxo eta Leioako alkateak ere izan dira.
Ahaldun nagusiak tunelaren konpromisoa azpimarratu du, nahiz eta lanak egingo diren inguruko ikastetxeetako hainbat guraso-elkartek, talde ekologistek eta eragilek proiektuak eragingo dituen kalteak behin eta berriro salatu dituzten. Besteak beste, talde horiek salatu dute lanak Artatza institutuaren ondo-ondoan egingo dituztela edo mugikortasun jasangarriaren aurkako egitasmoa dela. Hala, euren protesta Bilboko jauregiaren atarira eraman dute gaur goizean.
Zentzu horretan, Aldundiak onartu du, obra handi guztiek bezala, eragozpenak egongo direla, batez ere Getxo eta Leioako inguruan. Hala ere, bermatu dute lanak legearen arabera eta ingurumenaren ikuspegitik ahalik eta ondoen egingo dituztela, eta hainbat neurri zuzentzaile eta konpentsatzaile aurreikusi dituzte horretarako, hala nola etxebizitza batzuetan leihoak aldatzea, pantaila akustikoak jartzea, kanpoko lanak eguneko ordutegira mugatzea edo Artaza BHI eta Romo BHI hezkuntza-zentroen inguruan aurreikusitako jarduera gogaikarrienak eskola-oporretarako uztea, besteak beste.
Polemika handia sortu duten leherketen garrantzia ere apaldu du Aldundiak, eta sustatzaileek horien inpaktua oso txikia izango dela adierazi dute. Azaldu dute guztira 83 mikroleherketa egingo dituztela, eta horrek lanak asko erraztuko dituela
530 milioitik gora
Azpiegituraren exekuzioa lau zatitan handitan egituratuko dutela aurreratu dute, eta atal horiek modu mailakatuan lizitatuko dituzte. Obrak 2026ko lehen seihilekoan hasiko dituztela ere iragarri dute, Artatzako hustuketagaz, eta faseka egingo dute aurrera, lurpeko trazadura osoa eta ertz bietako lurrazaleko loturak osatu arte; zehaztu dutenez, indusketaren % 60 Ezkerraldetik egingo lirateke.
530 milioitik gorako aurrekontua izango duen proiektuak 3,2 kilometroko luzera duen tunel bikoitza aurreikusten du, noranzko bakoitzeko bi errei izango dituena, eta 2 kilometroko lurpeko sarbideak izango dituena. Azpiegiturak Artatzako (Leioa) eta Ballontiko (Portugalete) biribilguneak lau minutuan lotzea ahalbidetuko duela azpimarratu du ahaldun nagusiak.
Era berean, adierazi dute egitasmoak Europako Inbertsio Bankuaren (EIB) 200 milioi euroko maileguagaz egongo dela finantzatuta. Inbertsio hori bat dator Europako Itun Berdearen printzipioakaz eta garraio-azpiegitura jasangarriagoak, efizienteagoak eta seguruagoak bultzatzeko EIBren estrategiagaz. Hala ere, aurreko martxoan, Europako Parlamentuak tramiterako onartu zuen Getxoko Golf Zaharreko bizilagun batek proiektuaren aurka aurkeztutako eskaera.
Horregaz batera, Ahaldun Nagusiak azpimarratu du azpiegitura “ez dela kapritxo bat, baizik eta behar bat". Argudiatu duenez, tunelak egunean 50.000 ibilgailuko trafikoa hartuko luke, eta Arrontegi, A-8 eta Avanzadan 70.000 ibilgailu baino gehiagoko deskarga eragingo luke. "Azpiegitura estrategiko, anbiziotsu eta guztiz beharrezko baten aurrean gaude. Hau etorkizuneko proiektua da Bizkaiarentzat eta gaur errealitate izatetik gertuago dago ", gaineratu du ahaldun nagusiak bere hitzaldian.
Trenik gabe, oraingo
2022an, proiektua aurkeztu zutenean, aurreikusitako trenbide-egitura ez dute txertatu azken dokumentu honetan, nahiz eta hasieran Foru Aldundiak iragarri zuen metroagaz konektatuko zuen lanzadera bat eraikiko zela. Hain zuzen ere, BEIk (Europako Inbertsio Bankuak) emandako finantzaketaren justifikazio-dokumentuetan ageri da garraio iraunkorreko elementu hori. Hala ere, Aldundiak gaur adierazi du ez duela beldurrik laguntza hori arriskuan egon dadin elementu hori abiapuntuan sartuko ez delako. Aldundiaren azken adierazpenen arabera, tren-konexioa egitearen ardura Eusko Jaurlaritzaren da.
Gaur egindako agerraldian adierazi dutenez, Foru erakundeak hurrengo 2-3 urteetan erabaki beharko luke ea tunelaren eraikuntzan tren-konexioa egiteko azpiegitura erantsiko duten ala ez. Jakinarazi denez, pilote zintzilikatuak jartzea eta egitura zabalagoa egiteko prestaketa-lanek 5 milioi euroko gainkostua izango lukete.