Aldundia itsasadarreko tunelaren lanak esleitu dituela salatzeko kontzentrazioa egin dute Bilbon

Laura Fontalba Colomo 2026ko maiatzaren 7a

Subflubiala Ez plataformako kideak Diputazioaren jauregiaren aurrean. © SUBFLUBIALA EZ

Subflubiala EZ plataformak salatu du Diputazioak aurrera jarraitzen duela proiektuagaz, eta proiektuaren lehen bi loteak esleitu dituela, epaitegietan jarraitzen duen bitartean. Egoera honen aurrean, Aldundiaren jauregiaren aurrean elkartu ziren martitzenean, hilaren 5ean, proiektu oso kaltegarria izango dela salatzeko eta gelditzea exijitzeko.  

Adierazi duten bezala, proiektuak kutsadura, kalteak eta arazoak eragingo ditu lekuko era inguruko hiritarren bizitzan. Diotenez, milaka kotxe gehiago jarriko ditu errepideetan; hori dela eta, kotxeen aldeko dei efektua sustatuko du, kutsadura eta berotegi efektuko gasen handipenagaz. 

Gainera, azaldu dutenez, kaltetu nagusiak inguruko ikastetxeak izango dira. Hain zuzen ere, ekainean, lau ikastetxek (Artaza-Romo institutua, Betiko Ikastola eta Romo eta Artatza-Pinueta eskolak) proiektua bertan behera gelditzeko eskatu zuten. Martxoan, Artaza-Romo institutuaren eraikin nagusia husteko aukera ere planteatu zuten, lanak direla eta, normaltasunez ikastea ezinezkoa izango delako. 

Horrez gain, Subflubiala EZetik inguruko naturan egongo diren kalteak ere salatu dituzte, konkretuki, Artatza parkean eta Galindo errekan sortuko direnak. Artatza parkean hamarnaka zuhaitz ebakiko dituzte eta, obrek iraun bitartean, parkearen laurden bat itxiko dutela gogoratu dute ekologistek. Bestalde, Galindo errekaren ekosisteman eragin negatibo handiak egongo dira; izan ere, proiektuaren kutsadura babestua dagoen arrain hiruarantza arriskuan jarriko du. 

Azkenik, salatu dute tunelaren proiektuak gastu publiko ikaragarria suposatuko duela: 500 milioi euro baino gehiago xahutuko dituzte. "Hobe legoke beste zerbitzu publikoetan inbertitzea", adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun