Algortako Bertsolari Eskolak ekainaren 19ko Balkoitik Balkoira bertso-saioagaz eman zien hasiera uda sasoiko ekitaldiei. Hiru hilabetean, 15 saio eskainiko ditu ALBEk, tartean herrietako jaietakoak eta ekitaldi bereziak. 35. urteurrena ospatzen dabil bertsolarien eskola algortarra, eta kutsu berezia edukiko dute emanaldi denek, zalantza barik. Uztailaren 8an, eguaztena, izango da aurtengo Jaialdi Mundiala, iluntzeko 21:00etan Algortako Bihotz Alai plazan. Eta, urtero legez, azken ordura arte jakingo ez den sekretua izango da: aurtengo saioaren gai nagusia.
Rock-musikaren zaleek ezinbesteko hitzordua izango dute Plentzian, gaurtik domekara. Aste akabu honetan, beraz, zuzeneko musika, azokatxoa, erakusketak eta adin guztietarako jarduerak egongo dira. Plentziak 80ko hamarkadako musika hartuko du hiru egun horietan, Scorpions eta Bon Jovi bezalako talde mitikoen abestiak kantatzen dituzten taldeakaz, besteak beste. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, sorpresa ugari egongo dira jaialdian, berbarako: ezkutuko antzerkiak, herriko hainbat lekutan. Jaialdia gaur bertan hasiko da, arrastiko 06:00etan, Baxter Trio taldeagaz; zapatuan eta domekan, berriz, 12:00etan hasiko dituzte jarduerak, umeentzako jolasakaz. Zapatuan, Covertidos eta Band Jovi taldeek joko dute, iluntzeko 21:30etik aurrera. Domekan, ostera, Erase una vez taldeak joko du, 19:00etatik aurrera.