Pandemiako etenaldiaren ostean iaz berreskuratuta, Itxartu taldeak Algortako Ibilaldi Neurtuaren 39. edizioa egingo du bihar, urriak 12. Deialdi horrek parte hartzaile asko batu ohi ditu, eta izen-ematea daborduko itxita dago; probaren egunean bertan ezin izango da izena eman.
Urriaren 7tik 12ra, Kale Antzerkia Bultzatuz programan dibertsioa bermatuta egongo da adin guztietako ikusleei irekitako kale muntaien eskaintzari esker. Bost egunetan zehar, dantza, magia eta zirku ikuskizunez gozatzeko aukera izango dugu, besteak beste, Euskadiko konpainia eta artisten eskutik. Emanaldi guztiak Algortako San Nikolas plazan izango dira, eta sarrera, doakoa.
Getxo Eszena zikloaren 40. edizioa abiatuko du bihar, barikuan, Muxikebarri Antzokiak. Programa horrek Arte Eszenikoen Jardunaldien ibilbidea ordezkatuko du, eta, hilaren 23ra bitartean, askotariko 11 ikuskizun hartuko ditu. Gehienak euskal konpainia eta ekoizleek sortutakoak dira, eta, denak 19:30ean hasiko dira, haurrentzako lanak izan ezik, 18:00etan hasiko baitira. Sarrerak Kultur Etxeko ohiko kanaletan eros daitezke.