Berbodromoaren 13. edizioa datorren maiatzaren 23an, eguenean, ospatuko da: goizez, Itzubaltzeta/Romon; eta arratsaldez, Algortan. Ohi bezala, Getxoko Udalaren laguntzagaz, Egizu eta Bizarra Lepoan elkarteek eta udalerriko euskaltegiek antolatutako ekimenaren helburuak dira euskara giro lasaian kalera ateratzea, euskararen erabilera indartzea eta indar-erakustaldia egitea, besteak beste.
Izen emateak esteka honetan edo Goñi Portalera deituz.
Aerografia margotzeko teknika bat da: pintura airetik difuminatuz edota aspertsio bidez aplikatzen da gainazal edo objektu baten gainean. Hala, grafitiak egiteko erabiltzen den sprayaren antzekoa da, baina kasu honetan aerografo izeneko tresna erabiltzen da margotzeko. Idoia Urrutxurtu Anguianoren aerografia bidezko erakusketa dago ikusgai maiatzaren 25era arte, Urdulizko kultur etxean.
Jai giroa nabari dezakete daborduko Andraka auzoko bizilagunek: zehazki, maiatzaren 18an, 24an eta 26an hainbat ekintza izango dituzte Trinidade jai tradizionalak direla eta. Adi egun berezi horietako programaziora!
Tokiko toponimia ezagutzeko ibilbideak abiatuko dituzte bihar, martitzenean, Getxon. Urtero bezala, udalerriko auzoak eta txokoak, eta euren izenak hobe ezagutzeko egitasmoa Bizarra Lepoan elkarteagaz elkarlanean antolatu ditu Udalak. Horietan, parte hartzaileek udalerriko toponimia eta historia, ondare kulturala, paisaia, geologia, fauna eta abar ezagutuko dituzte. Azalpenak euskaraz izango dira, eta norbaitek ulertzeko arazorik izango balu, bere mailara egokituko lirateke azalpenak.
Maiatzak 9 19:00 October 7, Al Jazeera investigations dokumentala eta solasaldia, Getxoko Bentan. Maiatzak 10 19:00 Hitzaldia: Palestina, la herida abierta, Romo Kultur Etxean. Maiatzak 16 19:00 Hitzaldia: Israeli boikota, herriaren tresnarik onena, Algortako Azebarrin. Maiatzak 23 19:00 Hitzaldia: El doble rasero de occidente en las guerras del terror, en Ucrania y en el genocidio en Gaza y sus consecuencias, Larrabasterrako Auzoetxean.
Udaberri bete-betean gaudela, eguraldi ona aprobetxatuta, aire zabaleko arte eszenikoen programazioari hasiera emango diote zapatuan, hilaren 4an, Getxon. Hala, aste honetatik aurrera, eta urriaren amaiera bitartean, adin guztiei zuzendutako antzerki, dantza, zirku eta askotariko generoez gozatzeko aukera egongo da Areetako Xake plazako anfiteatro berrian. Zapatu honetan Cía Maite Guevararen Susto zirku-clown saioa egongo da gozagai, 21:00etatik aurrera.