"Kontrol eta arreta falta" salatu dituzte Erandion, itsasadarrak berriz ere gainezka egin ostean

Ander Zarraga 2024ko urr. 18a, 09:06

Erandioko Auzokideok plataformak salatu du atzo, urriak 17, itsasadarrak berriz ere gainezka egin zuela Altzagan, baina, oraingoan, ez dela inolako zaintzarik ezta kudeaketarik ere egon. Segurtasun Sailak eta Euskalmetek arrisku-abisua eman arren, auzotarrek kritikatu dute ez zela inolako neurririk hartu, eta bizilagunek deitu behar izan zutela larrialdietara.

Azken egunotako euriaren eta marea bizien ondorioz itsasadarrak gainezka egin zuen hainbat puntutan, tartean, Altzagako Obieta eta San Inazio kaleetan eta BI-711 errepidean. Egoera berria izan ez arren, Erandioko Auzokideok plataformako kideek salatu dute "kaosa eta kontrolik eza" nagusitu zirela, eta bizilagunek deitu behar izan zutela larrialdi-zerbitzuetara: "Semaforoak itzalita, trafikoa gainezka, kutxatila irekiak seinaleztatu gabe eta egoera arautzeko agenterik ez".

Auzokideek haserrea adierazi dute iraileko marea biziak zirela eta hainbat ohartarazpen eta neurri hartu zituztelako, baina oraingoan, ez delako halakorik aurreikusi. Are gehiago, baldintza meteorologiko txarrek eta marea biziek martxoko uholdeetako egoera berriz ere errepikatu zezaketen arriskua zegoen arren, alerta horia 24 ordu lehenago bakarrik ezarri zuten, ohikoena 48 ordu lehenago denean, eta agintariek ez zuten inolako neurri berezirik hartu.

Plataformak Udalaren erantzunik eza kritikatu du eta azalpenak eskatu ditu, baina Udaletik ez dute adierazpenik egin gura izan, gobernu-taldeko kideak eta alderdi guztietako zinegotziak Saharan baitaude bizitza ofizialean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun