Fiskaltzak 20 urteko espetxe zigorra eskatu du Koldo Losadaren senarrarentzat

Iker Rincon Moreno 2016ko ots. 10a, 12:50

Koldo Losada "Wilt. Panpina puzgarriaren hilketa" antzezlanean. © ADOS TEATROA

Fiskaltzak 20 urteko espetxe zigorra eskatu du Jon Ezkurdiaren aurka, bere senarra, Koldo Losada aktore getxoztarra, azpikeriaz hiltzea egotzita, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Halaber, biktimaren hiru anaiei 42.000 euroko kalte-ordaina ematea ere eskatu du. Biktimaren txakurra hilda agertu zen hilketaren egunean, haren etxetik gertuko zakarrontzi batean; hala ere, fiskalak daborduko ez dio egozten animaliari tratu txarrak eman izana, "ezin izan baita egiaztatu nola hil zen txakurra".

Jon Ezkurdiaren kontrako epaiketa astelehenean, hilak 15, hasiko da, eta egun horretan deklaratuko du akusatuak. Auzia hilaren 24ra arte iraungo du, eta bariku honetan, hilak 12, epaimahaia osatuko dute.

Hasiera batean, polizia-probak hilaren 19an eta 22an aurkeztuko dituzte; 23an txostenak; eta, azkenik, 24an epaia jakinaraziko dute. Gainontzeko hiru egunetan lekukoen testigantzak jasoko dituzte.

Aktore getxoztarraren hilketa

Ministerio Publikoaren arabera, Jon Ezkurdiak hil egin zuen Koldo Losada senarra, biok bizi ziren etxebizitzan, Bilboko Lersundi kaleko 16. zenbakian, 2014ko azaroaren 19an. Fiskaltzaren arabera, bat-batean, senarra "hiltzeko asmoz", eta hura "erdi-lo zegoela aprobetxatuta", hainbat kolpe eman zizkion buruan objektu bategaz, defendatzeko edo ihes egiteko aukerarik eman gabe.

Kolpe horien ondorioz, biktimak hainbat lesio izan zituen buruan, eta garuneko hemorragia traumatiko baten ondorioz, hil egin zen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun