Epaiaren arabera, Ezkurdiak lasaigarriak eman zizkion Losadari, eta hura erdi-lo zegoenean, hil arte kolpatu zuen buruan. Bikotearen etxebizitzako atarian segurtasun-kamerek grabatutako irudiak aintzat hartuta, epaimahaiko kideek ondorioztatu dute Ezkurdiak ez zuela "inolako intoxikazio etilikorik" eta "bere burua kontrolatzeko gai" zela. Azaldu dutenez, etxetik ateratzean eta erosketakaz bueltatzean, aipatutako irudietan ez da antzematen zalantzazko jarrerarik.
Halaber, ondorio horri eusteko, akusatuak senarragaz konpartitzen zuen etxeko zenbait gauza lagun batzuen etxera eroateko kontratatu zuen garraiolariaren testigantza ere izan dute kontuan. Lekuko horrek epaiketan azaldu zuenez, Ezkurdiak berak lagundu zion etxeko gauzak atariraino eroaten, eta ez zion intoxikazio etilikorik antzeman.
Hori guztiaz gainera, epaimahaiak azpimarratu du Losada hiltzeko erabilitako objektua etxean topatu ez izanak "erakusten duela zertan ari zen bazekiela".
Hala, fiskalak eta akusazio partikularrak 20 urteko espetxe-zigorra eskatu dute Ezkurdiarentzat, azpikeriaz egindako hilketa egotzita. Era berean, senidetasun larrigarria ere leporatu diote. Gainera, akusazio partikularrak Koldo Losadaren senideengana hurbiltzeko nahiz haiekaz komunikatzeko debekua ezartzeko eskatu dute.
Ezkurdiaren defentsa erabakiaren kontra agertu da eta epaileak ebazpena publiko egiten duenean helegitea jarriko dutela iragarri du.