Udal aurrekontua EAJ-PSEgaz onartzea ala ez eztabaidatuko du gaur EH Bilduk

Iker Rincon Moreno 2016ko api. 5a, 10:24
Getxoko EH Bilduk aurrekontuen prozesu parte-hartzailea aurkeztu zuen urtarrilean Itzubaltzetan.

Getxoko gobernu-taldeagaz eztabaidatutako udal aurrekontua onartzea ala ez erabakiko behar du EH Bilduk. Horretarako, bere oinarriari galdetuko dio gaur, martitzenean, arrastiko 07:00etan Algortako Villamonte kultur etxean izango den bileran.

EH Bilduk aurtengo udal aurrekontuetarako proposamena osatzeko prozesu parte-hartzailea abiatu zuen urte hasieran. Ordutik, getxoztar guztiengana iristea izan zuten helburu, "eta hein handi batean, helburua eskuratzea" lortu dutela uste dute. Izan ere, azaldu dutenez, udalerriko etxebizitza guztietara helarazi zituzten euren galdeketak, baita ehunka merkatari eta ostalariengana jo ere, besteak beste. Halaber, sei bilera egin dituzte Getxoko auzoetan, azkeneko erabakiak beste bi egiteagaz batera.

Diotenez, jasotako ekarpen, proposamen eta iradokizun guztiakaz txosten bat landu zuten, EAJk eta PSEk osatzen duten gobernu-taldearen negoziazio-mahaiaren gainean jarri zutena. "Seguru joan gara negoziaketara gure txostenak auzotarren egonezin eta proposamenak jasotzen zituelako", diote, "ez baitago berme hoberik ezaugarri hauetako prozesu bat hasteko".

Koalizio abertzalearen arabera, gobernu-taldeagaz izandako negoziaketak "zailak" izan dira, "askotan mahaitik altxatzeko zorian egon garela aitortu behar dugu, baina beti aurkitu dugu arrazoiren bat aurrera jarraitzeko: gurekin fidatu diren getxoztarren interesak, hain zuzen ere".

Hala, elkarrizketen azken fasearen ondoren, EH Bildukoek azaldu dute euren eskari "asko" onartu direla, "baina beste batzuk ez, edo ez nahi genuen moduan". Hori dela eta, koalizio abertzaleak herritarren esku utzi gura dute udal aurrekontuakaz zer egitearen erabakia, "esaten diguzuena egingo dugu". Horretarako, gaur, martitzenean, arrastiko 07:00etan Algortako Villamonte kultur etxera hurbiltzen direnek aurrekontu hori onartzea edo ez erabakiko dute bozketa bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun