Jasotako isun eta salaketei aurre egingo die Algortarrak Libre dinamikak

Iker Rincon Moreno 2016ko eka. 13a, 16:15

Algortarrak Libre dinamikaren prentsaurrekoa, Portu Zaharrean.

Algortarrak Libre dinamikak salatu du udalerriko 31 lagunek salaketaren edo isunen bat jaso izana. Horren berri emateko, prentsaurrekoa egin zuten joan den barikuan, hilaren 10ean, Algortako Portu Zaharrean. Horri guztiari aurre egiteko hainbat dinamika jarriko dituztela martxan iragarri dute; lehenengoa: jasotako isun eta salaketek eragindako kostu ekonomikoei aurre egin ahal izateko zozketa erraldoia.

Dinamikako kideek azaldu dutenez, Mikel Moreno "Peyejo" gaztearen epaiketa deitoratzeagatik 9 pertsona salatu dituzte; Algortatik Hanka mugimenduak antolatutako manifestazio bitan parte hartzeagatik 20 lagunek 300na euroko isuna jaso dute; Indabada jaia antolatzeagatik kide bat ere isundu dute; eta Tosu landan egin gura duten parking-aren kontrako ekimen batean parte hartzeagatik beste auzokide batek isuna jaso du baita ere.

"Jazarpen" hori "berria" ez dela argi dute, aurretik ere algortarrek beste hainbat "eraso" jasan izan dituztelako. Horren guztiaren aurrean, "elkartasunetik konpromisora" salto emateko deialdia luzatu diete algortar guztiei. "Libre dinamikaren pean elkartu gara hainbat herritar, eta eraso hauek gelditzera goaz. Edonork du lekua hemen. Aurrerago antolatuko ditugun ekimen eta mobilizazioen berri izango duzue, eta parte hartzera animatzen zaituztegu. Denon artean lortuko dugu!".

Halaber, hainbat dinamika martxan jarriko dituztela iragarri dute. Hala, lehen dinamika, jasotako isun eta salaketek eragindako kostu ekonomikoei aurre egin ahal izateko zozketa erraldoia antolatzen hasi dira. "Hamarnaka eraso hauen aurrean, 5.000 zozketa saltzeko apustua egiten dugu. Adierazpen askatasunaren alde eta zigor ekonomikoen kontra, 5.000 baietz!", zehaztu dute.

Algortarrak Libre dinamikaren adierazpena:

Gaur hemen bildu garen algortarrok argi eta ozen esan nahi dugu: aski da! Nahikoa da herri mugimendua kolpatzeaz. Utzi herria bakean!

Denbora laburrean, herri honetako 31 kidek salaketak edo isunak jaso izan ditugu:

  • Peyejoren epaiketa salatzeagatik 9 pertsona salatu gaituzte. Aldarrikatzen genuena epaiketa politikoa zela zen, atzean inongo arrazoi juridikorik ez zeukana. Epaiak arrazoia eman zigun, baina salaketa berdin berdin heldu zaigu. Epaiketaren zain gaude.
  • Algortatik Hanka mugimenduak antolaturiko bi manifestazio baimendutan parte hartzeagatik 20 pertsonok jaso dugu 300 euroko isuna. Badirudi Guardia Zibilak herri honetan zereginik ez duela oihukatu eta euren presentzia gustuko ez dugula esatea delitu bilakatu nahi dutela. Adierazpen askatasuna jo-puntuan jarri dute beste behin ere. Kasu honetan esanguratsua da, gainera, ez zutela inor identifikatu, eta salatutako pertsonetako bat ez zegoela bertan.
  • Indabada antolatzen ibili ziren hamarnaka kideetatik bati ere isuna heldu zaio etxera. Bazkari herrikoi honek 500 pertsona baino gehiago batu zituela gogorarazi nahi dugu. Indabada bezain herrikoia den ospakizun bat antolatzeagatik kide honek jasotako isuna herri osoaren kontrako eraso bezala identifikatzen dugu. Plazak herriak era komunitarioan erabiltzeko ez badira, zertarako dira? Eta nork erabakitzen du hori?
  • Tosuko landan egin nahi duten parking-aren kontrako ekimen batean parte hartzeagatik beste algortar batek isuna jaso du baita. Parking-a inongo eztabaida bideratu gabe eraiki nahiaren aurrean aukera bakarra ikusi zuten hainbat kidek, salaketa eta protesta. Eta geratzen zen bide bakar hau ixteko nahia erakusten du, argi eta garbi, isun honek. Herriaren ahotsa entzun nahi ez, eta norbaitek oihukatzeko ideia baldin badu, mozala jarri, horra euren logika.

Kasu hauetan, herritarrez gain, protagonistak kolore ugaritakoak dira: Polizia Nazionala, Guardia Zibila, Ertzaintza eta Getxoko Udaltzaingoa.

Oldarraldi hau ez dugu kasualitate bezala kokatzen. Algortan geroz eta gehiago gara injustizia ezberdinen aurka gure ahotsa altxatzen hasi garen kideak, eta horra erantzuna. Askotan Mozal Legea erabilita eman dute. Poliziak kritika-ezin eta epaile bihurtu, protestak guztiz debekatu, adierazpen askatasuna desagerrarazi eta, azken finean, herri mugimendu zein mugimendu sozial oro ito eta desagerrarazteko sorturiko legea aplikatzeari ekin diote Algortan ere. Baina ez gaitezen engainatu, egoerak berritasunik badu ere, ez da berria. Beste hainbat eraso ere jasan izan ditugu algortarrok lege hau martxan jarri baino lehen:

  • Dispertsioaren aurkako kartelak jartzeagatik identifikatu gaituzte, euren eskubideen alde presoek abiarazitako gose greben aurrean elkartasuna adierazteagatik kalabozoan sartu, espetxe politikaren ondorioz hildako preso baten heriotza salatzeagatik atxilotu...
  • Baimendutako kontzentrazioetan parte hartzeagatik gure buruak identifikatzera behartu gaituzte, eta mobilizazioak egitea debekatu baita.
  • Herritik milaka kilometrotara dispertsatu gaituzte.
  • Kasuak asmatu, epaiketan asmakizuna agerian geratu, eta hala ere "persona non grata" deklaratu gaituzte denona ei den udaletxean.
  • Instituzioek eskaintzen ez digutena guk geuk sortzeko tresnak eskuratzen saiatzeagatik atxilotu eta kolpatu gaituzte.
  • Grebetan parte hartzeagatik edo hauen antolaketan aritzeagatik erasotu gaituzte.
  • Eta hau dena nahikoa ez, eta etxera bidean errepide kontroletan, eguzkipean zein euripean, orduak pasa behar izan ditugu.

Honek denak ez gaitu harritzen, euren logikaren baitan kokatzen dugulako. Herri honen etorkizuna herriaren gainetik erabaki nahi dutenek ezin dute baimendu herriak iritzia eman dezan, eta ematen duena zigortuz, hau isilarazi eta ingurukoak kikildu nahi gaituzte. Egunerokotasunean mobilizatzen edo injustizia baten aurrean altxatu garen herritarrak gara eraso hauek jasotzen ditugunak, bai, baina mezua algortar guztiei zuzendua da. Egon zaitez txintxo, egon zaitez isilik. Horregatik egiten diogu deialdia herri osoari "aski da!" esan dezan. Gaur gutariko batzuk izan garelako, baina honek erantzunik jasotzen ez badu, bihar edonor izan daitekeelako.

Honen guztiaren aurrean, beraz, elkartasunetik konpromisora saltoa emateko deialdia luzatzen diogu Algortari. Libre dinamikaren pean elkartu gara hainbat herritar, eta eraso hauek gelditzera goaz. Edonork du lekua hemen. Aurrerago antolatuko ditugun ekimen eta mobilizazioen berri izango duzue, eta parte hartzera animatzen zaituztegu. Denon artean lortuko dugu!

Lehen dinamika, jasotako isun eta salaketek eragindako kostu ekonomikoei aurre egin ahal izateko antolatzen gabiltzan zozketa erraldoia izango da. Hamarnaka eraso hauen aurrean, 5.000 zozketa saltzeko apustua egiten dugu. Adierazpen askatasunaren alde eta zigor ekonomikoen kontra, 5.000 baietz!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun