Herri-kontsultak Uribe Kostan

Azaroaren 5ean erabakitzeko eskubidearen herri-galdeketa egingo dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2017ko eka. 26a, 13:45

Zapatuan egin zuten aurkezpena, Algortako San Nikolas plazan. © JORDI BLASI

Euskal Herrian estatus politikoari buruzko galdeketa egitearen aldeko 7.448 sinadura bildu ditu Getxoko Gure Esku Dago taldeak. Hala, udalerri horretako biztanleriaren %11ren babesa lortu dute etorkizun politikoaren inguruan erabakitzeko galdeketa azaroaren 5ean antolatzeko. Joan den zapatuan, ekainaren 24an, egin zuten aurkezpen ekitaldia, 200 lagun ingururen aurrean.

Jone Uriak eta Gorka Mostajok eman zuten herri-galdeketaren berri, Getxoko Gure Esku Dago taldeko batzorde sustatzailearen izenean. Azaldu zutenez, Getxoko herritar guztiek parte hartzeko aukera izango duten dinamika bat jarriko dute martxan irailean, galdeketaren itauna zein izango den zehazteko balioko duena. Era berean, dinamika horretan "modu demokratikoan, errespetuzkoan eta konprometituan" parte har dezaten eskatu diete antolatzaileek Getxoko eragile denei.

Getxon egiteaz gainera, Berangon, Erandion eta Leioan egingo dute herri-galdeketa azaroaren 5ean.

Gure Esku Dagok irakurritako oharra:

Gaur, 2017ko ekainaren 24an, zuen aurrean agertzen gara Getxoko plaza honetan helburu honekin: Bizkaiko hirugarren udalerrian Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko herritarron kontsulta bat antolatzeko aldez aurreko lanaren emaitzaren berri zuei guztiei ematea.

Hasteko, atzera begira jarriko gara, apur baten bada ere.

Urtearen hasierarekin batera egin zituen lehendabiziko urratsak Getxoko Gure Esku Dago herritarren ekimenak. Udalerriko hainbat eragilerekin egindako gogoetatik abiatuta, aldez aurreko bi fase diseinatu zituen Gure Esku Dago-k herritarron kontsulta batek izan zezakeen babesari neurria hartzeko.

Lehenengo fasean, kontsultaren inguruko ADOStasuna zabaldu eta egituratzea bilatu dugu. Haren emaitza da honaino ekarri gaituzten boluntarioen sarea: Itzubaltzeta-Areeta, Algorta-Portu Zaharra, Neguri eta Andra Mariko babes taldeak eta gazte dinamika bultzatzen ari den taldea. Haientzat guztientzat gure lehendabiziko aitormena eta esker ona. Bihotz bihotzez, mila esker zuen lan eta babesagatik.

Lehenengo fasearen emaitza ontzat jo zuen Gure Esku Dago-k otsailaren amaieran eta bigarren faseari ekitea ebatzi zuen.

Bi ekimen bideratu zituen Getxoko herritarrei AHOTSa emate aldera. Lehendabizi, gaur zuen aurrean mintzo den Batzorde Sustatzailea sortu zuen, Getxoko auzo, ideologia eta kultura ezberdinetatik gatozen gizon-emakumeok osatua. Batzorde honek bere gain hartu ditu kontsultaren alderdi teknikoak adostu eta antolatzeko konpromisoa. Bigarrenik, Euskal Herriko beste toki batzuetan bezala, Getxon ere Gure Esku Dagok egin zuen protokoloa hartu dugu gidari eta, hari jarraiki, Batzorde Sustatzaileak onetsi zuen sinadurak biltzeko diseinaturiko kanpaina. 

Apirilaren 10ean jarri zen abian gaur amaitzen dugun ekimena. Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketari babesa emateko kanpainaren helburua izan da Getxon 16 urte edo gehiago duten getxoztarren % 5en AHOTSa biltzea,kontsulta antolatzeko aldez aurreko baldintza gisa: 3.416 sinadura, 68.312 herritar. Ahotsa bildu nahi izan dugu ekimen hau talde txiki baten proposamena izatetik makina bat herritarren nahia izatera igaro zedin. Bi hilabete hauetan auzoz auzo eta kalez kale bildu ditugu milaka lagunen sinadurak, irri bat ahoan eta errespetua hartu-eman bakoitzean. Bizikidetza ariketa eredugarria izan da, demokrazian sinesten dugun pertsonok protagonizatua; ezberdinen arteko zubi lana izan da, gizarte kohesionatuago batekin amets egiten dugun lagunok egina.  Zuentzat, demokraziaren aldarrikatze hau posible egin duzuen getxoztar guztientzat, gure bigarren txaloa, gure eskerrik beroena, bihotz bihotzez.

Lan horren guztiaren ondorioz, Batzorde Sustatzaile honek hemen eta gaur, zuen aurrean adierazten du Getxon botoa ematera deitzen dugun populazioaren % 11ren sinadura bildu da: 7.448 sinadura erabakitzeko eskubidearen alde, 7.448 sinadura gure udalerrian Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko kontsulta bati babesa emateko.

Hori horrela, Batzorde Sustatzaile honek ulertzen du ezen urtearen hasieran abiaturiko ekimenak nahikoa ADOStasun eta AHOTS  bildu dituela. Horregatik, batzorde honek, kontsultaren alderdi teknikoei dagokienez, erabakitzeko eskubidearen aldeko gihar soziala handitzeko asmoarekin, "irabazi" edo "galdu" kontzeptuak alde batera utzita, hiru erabaki hartu ditu.

Bat. Getxoko herritarrok parte hartzeko dinamika bat antolatuko dugu irailean, non kontsultako galdera ebatziko den.

Bi. Getxoko eragileak deitzen ditugu, modu demokratikoan, errespetuzkoan eta konprometituan parte har dezaten herritarron dinamika honetan. Hartarako, Batzorde Sustatzaile honek, neutraltasunetik abiatuta, esku hartzeko eta nork bere jarrera adierazteko espazioak eta aukerak artikulatuko ditu.

Hiru. ADOS jartzeko ahalmena izan dugulako, 7.448 getxoztarren AHOTSak horrela eskatzen duelako, kontsulta bat deitzen dugu 2017ko azaroaren 5erako.

Demokrazian sakontzea da.

Erabakitzeko eskubidea dugu.

Getxon, azaroaren 5ean, herritarron kontsulta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun