Beste egun batez "obrak gelditu" dituztela aldarrikatu dute Tosuko ekintzaileek

Iker Rincon Moreno 2017ko urr. 23a, 14:01

Erresistentzia-kanpaldiak jarraituko duela aldarrikatu dute Tosuko ekintzaileek.

Getxoko Ibarbengoako metro-geltokiko aparkalekua eraikitzeko obrak "beste egun batez gelditzea lortu" dutela aldarrikatu dute Tosu Betirako plataformako kideek. Gaur goizeko 07:30ak aldera hurbildu da Ertzaintza herri-ortu okupatura, Tosu landaren kontrola berrartzeko. Hala ere, bertan sartu barik alde egin dute. Joan den martitzenean inguru hori hutsarazi zuen Ertzaintzak eta zapatuan ehunka lagunek berreskuratu zuten. Gaur aparkalekua eraikitzeari ekin behar zioten beharginek; hala ere, ingurua hesitu ezinik, lana bertan behera utzi dute, behin-behinean.

Gaur goizeko 07:30ak aldera, Ertzaintzak beste operazio bat abiatu du, Getxoko Tosu landaren kontrola berrartzeko. Hasiera batean, hiru polizia-furgoneta hurreratu dira; gerora, beste bi hurbildu eta hasierakoek alde egin dute. Ondoren, bi horiek ordezkatu dituzte beste bi furgoneta. Azkenean, bi horiei beste bi gehitu zaizkie. Horren aurrean, nahasmena sortu da herri-ortu okupatuan zeuden denen artean; hala ere, azkenean bertan gelditu diren lau furgonetek Tosutik alde egin dute, bertan erresistentzia aktibo pasiboan zeudenak kanporatu barik.

Uneoro giroa lasaia izan da, eta apurka-apurka jendea hurbiltzen hasi da landara. Bitartean, Ibarbengoako metro-geltokiko aparkalekua eraikitzeko bertaratu diren beharginek ez dituzte makinak martxan jarri, "ingurua behar bezala hesitu arte lanean jarriko ez" direlakoan, azaldu dutenez.

Eguerdiko 11:30ak aldera Tosun bildutako ekintzaileek bilera egin dute, eta datozen orduetan zer egingo duten adostu dute. Horrez gainera, manifestazio jendetsu bat egitea erabaki dute, datorren azaroaren 11n, 12:30ean, Algortako Telletxe plazatik abiatuta.

Tosu Betirako: "Beste garaipentxo bat lortu dugu"

Argazki-galeria

Tosu landa berrokupatu dute

Erlazionatuak

Ertzaintza sartu da Tosun, berriro ere

Iker Rincon Moreno 2017 urr 23 Getxo

Ertzaintzak Tosu landa hutsarazi du

Iker Rincon Moreno 2017 urr 17 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun