Kataluniako gaur egungo egoeragaz alderatuz, Gure Esku Dagok egiten ari den herri-galdeketek "ezinegona eta enpresen ihesaldia" eragin dezaketela uste du Getxoko PPk. "Ez dugu BBVA, Iberdrola eta Petronor bezalako enpresak EAEtik ihes egiten ikusi nahi, egun batetik bestera, egonezinagatik eta beldurragatik, Katalunian bizi duten egoera bezala", deitoratu du Eduardo Andrade bozeramaile popularrak.
"Katalunian gertatzen ari dena ikusita, balizko erreferendum batean parte hartzeko bozkak gure auzokideen etxeetara heltzea larritzen gaitu. EAJk hori ahalbidetzea ere larritzen gaitu, Konstituziotik eta legalitatetik kanpoko bideari helduta", adierazi dute popularrek.
Hori dena dela eta, udalerriko, Bizkaiko eta EAEko "egonkortasunaren aldeko apustua" egiteko deia egin dio Getxoko PPk EAJri: "Eskua luzatzen diogu berriro garapenaren eta aberastasunaren aldeko bidea elkarrekin egiteko, ameskerietatik alde eginez".