Tosu landaren aldeko borrokaren "kriminalizazio saiakera" salatu dute

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 21a, 12:55

Lurra defendatzea delitua ez dela aldarrikatu zuten dozenaka lagunek Getxoko epaitegien aurrean.

Ibarbengoako parkinga eraikitzeko obrak oztopatzeko "indarkeria" delitua egotzita auzipetutako hiru lagunen kasua artxibatu du epaileak, Tosu Betirako taldeak jakinarazi duenez.

Joan den urtarrilaren 26an hiru lagunek deklaratu behar izan zuten Getxoko epaitegian, Ibarbengoako parkinga eraikitzeko obrak oztopatzeko "indarkeria" delitua egotzita. Horiek azaldu dutenez, Ibarbengoa ABEEaren administrazio-burua zen pertsona batek obrak oztopatu izana egotzi zien hiru gazte horiei. Hala ere, deitoratu dutenez, horrek ez zuen kargu hori zuela ziurtatzeko inolako frogarik eskaini. Era berean, epaiketaren kausa Ertzaintzaren atestatu "faltsu" batean oinarrituta zegoela deitoratu dute: "horretan lau lagun identifikatu zirela aipatzen zen, benetan hiru baino izan ez zirenean".
 
Horren denaren aurrean, Tosu Betirako taldeak jakinarazi du epaileak kausa artxibatu duela, "salaketa jarri zuen langilea azaroaren 28an obra-eremuan ez zegoela frogatu ondoren".
 
Tosu Betirako taldekoek Ibarbengoako parkingaren aurkako borrokaren "kriminalizazio saiakera" salatu dute. Izan ere, jakinarazi dutenez, borroka horri lotutako lau lagun epaitu dituzte, Ertzaintzak egindako atestatuetan oinarrituta, eta lau kasu horietan, epaileek auziak artxibatu dituzte. Hori dela eta, Ertzaintzari eskatu diote herritarren eta Justiziako langileei "denbora alferrik galtzeari uztea".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun