Sport Studioko monitoreen ordezkari sindikaletako batek jakinarazi duenez, joan den eguaztenean adostu zuten lan-hitzarmena enpresagaz. Atzo, aldiz, akordioa sinatu eta gaur ez-ohiko batzar batean eramango dute aurrera. "Modu honetan, kurtsoakaz segituko genuke", azaldu du.
Beharginak azaldu duenez, adostutakoen artean daude hilabete osoa kobratzea eta astean 35 orduko lanaldiak izatea, besteak beste. Modu horretan, orain arte egindako mobilizazioak eta protestak bertan behera uztea erabaki dute langileek.
Kontratua luzatzea erabaki du Getxo Kirolakek
Getxo Kirolakeko Zuzendaritza Batzordeak gaur goizeko bileran onartu du tenis, padel eta igeriketa klaseak ematen dituen enpresa esleipendunagaz duen kontratua luzatzeko proposamena. Erabaki hori hartu da kontratuaren enpresa esleipendunak eta langileek sinatutako akordioaren ondoren, horrela amaitu egingo baita kirol-ikastaroen erabiltzaileek hiru greba-egunetan jasandako kaltea.
Akordioa ezagutu bezain laster, Getxo Kirolakeko lehendakaria den Álvaro Gonzálezek premiazko eta ezohiko bilera deitu du, eta, bertan, Getxoko Udaleko kirol udal-erakundeko Zuzendaritza Batzordea osatzen duten alderdi politikoen ordezkariek kontratua luzatzea onartu dute hurrengo lizitaziora bitarte.
Kontratuaren luzapenagaz, normaltasuna izango da berriro ere Getxo Kirolaken kirol-ikastaroetan, eta, aurreikusitako moduan, klaseak ematen jarraituko da denboraldia amaitu arte.
Getxo Kirolakek laster itzuliko die ikastaroan dabiltzanei greba-egunei dagokien zenbateko proportzionala, klaserik ez jasotzeagatik.