Itzubaltzetako nagusien etxea lekuz aldatzearen kontrako manifestazioa egingo dute bihar

Iker Rincon Moreno 2018ko mai. 24a, 14:23
Joan den eguazten gauean hasi zuten itxialdia.

Nagusien etxea Lope de Vega kaleko eraikinean mantentzeko itxialdiak astebete egin du gaur. Bertan bildutakoen helburua da gune hori leku berean mantentzea, Romo Kultur Etxera lekualdatu barik. Hori aldarrikatzeko, gainera, manifestazio bat egingo dute bihar, barikuan, 19:00etatik aurrera.

Astebete igaro da Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek, inguruko askotariko auzokideakaz batera, itxialdia abiatu zutenetik. Protestaldi horren helburua da nagusien etxea Lope de Vega kaleko 12 zenbakian dagoen eraikinean mantentzea, Romo Kultur Etxeko hirugarren solairura aldatu beharrean. Gainera, auzoko nagusientzako eguneko zentro bat egitea ere aldarrikatzen dute.

Getxoko Udalak, bere aldetik, gaur eguneko nagusien etxea eraitsi gura du, bertan babestutako hainbat etxebizitza egiteko. Horri aurre egiteko, nagusiek manifestazio bat egingo dute bihar, barikuan. Arrastiko 19:00etan jarri dute hitzordua, nagusien etxetik abiatuta.

Zerbitzuen lekualdaketa

Nagusien etxean eskaintzen diren zerbitzu denak Romo Kultur Etxera lekualdatu gura ditu Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE). Datuen arabera, gaur egungo eraikinak 1.600 metro koadro eskaintzen die nagusiei, baita lorategi bat ere. Romo Kultur Etxean egokitu gura duten gunea, aldiz, 350 metro koadrokoa da eta hirugarren solairuan dago.

Itxialdia abiatu dutenek, baita beste hainbat auzokidek ere, salatu dute lekualdatze horren atzean "interes urbanistiko" bat dagoela, besteak beste. Izan ere, nagusien etxea eta kultur etxe zaharra hartzen dituen eraikina eraitsi ostean, hainbat etxebizitza eraiki gura ditu Udalak.

Bere aldetik, Getxoko Udalak azaldu du zentroa itxi artean nagusiek erabili ahal izango dutela eraikinaren beheko solairua euren aktibitateak egiteko. Dena dela, udal-arduradunek iragarri dutenez, barikutik, hilaren 18tik, aurrera, gizon eta emakumezkoen ile-apaindegia, masajista eta podologia ekipamendu berriak eta billar-aretoa Romo Kultur Etxean egongo dira. Gimnasio-zerbitzua, aldiz, hilaren 28an hartuko du azpiegitura berriak. Hala, horrek suposatuko du Lope de Vega kaleko eraikinean itxi egingo direla zerbitzu horiek, "kudeaketa eraginkorraren logikari jarraituz, ez delako aurreikusten zerbitzuak bikoiztea", Udalak azaldu duenez. "Egun dauden baliabideak aprobetxatzeko ere, aipatutako zerbitzuetan erabiltzen zirenak udal-erresidentziara eramango dira, bertan erabil ditzaten", gaineratu dute arduradunek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun