Nagusien etxea lekuz aldatzearen kontrako itxialdiak hamahiru egun bete ditu gaur, eta borrokaldi horretan parte hartzen ari diren pertsona denen lana goraipatu dute Ibar Nagusien Etxea elkarteko kideek: "Gauza xume asko dago egiteko eta horiek barik, ezinezkoa izango litzateke deialdiaren arrakasta".
Getxoko Gobernu-taldeak (EAJ eta PSE-EE) gogoratu du Romo Kultur Etxera eraman diren zerbitzuak (podologia, masajea eta ile-apaindegia) "soilik" itxi direla Lope de Vega kalean lekututa dagoen nagusien etxean; "beraz, elkarteko kideek beren jarduerak zentroan egiten segi dezakete", gaineratu dute udal-arduradunek. Era berean, jakinarazi dute udal-gobernuak elkarteagaz hitz egiten jarraituko duela, "orain arte egin duen bezala.
Hala ere, Gobernu-taldearen eta, batez ere, Elena Coria Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren jarrera "ulertezina" dela deitoratu dute Ibar Nagusien Etxeko kideek. "Ixten ari zaizkigu banan-banan zerbitzuak eta jarduerak, pixka-pixkanaka bazkideak kaleratzeko eta azken finean gure etxea ixteko eta eraisteko". Nagusiek diotenez, udal-agintariak egiten ari direna ez da euren erabakia errespetatzea, azken egunetan egindako zerbitzuen lekualdatzea euren jarduerak egiten jarraitzea galarazten duelako.
Era berean, gaur egungo nagusien etxea hartzen duen eraikina botatzea ere deitoratu dute nagusiek. Horren aurrean, iragarri dute lanean jarraituko dutela nagusien etxean dituzten zerbitzu eta jarduerak mantentzearen alde. Hala, ekintza horietan denetan parte hartzeko eta "euren etxea" ezagutzen ez dutenei bisita egitera gonbita egin diete.