Ipar Euskal Herriko txapelketa irabazi ondoren, Abadiñoko Gabonetako torneoren txapela jantzi zenuten abenduaren 24an Ekhi Ziarrustak eta zuk. Zer-zelakoa izan zen partida?
Gabonetan urtero Abadiñon antolatzen den afizionatuen eta profesionalen arteko txapelketa da hori eta, aurten, Iparraldeko lehiaketaren dinamika eta jokoa aprobetxatuta, erraz irabazi genuen finalaurrekoa. Finala, aldiz, Espainiako selekzioarekin Munduko Txapelketan lehiatu diren Eneko Maiz eta Javier Luquin bikotearen kontra jokatu genuen; partida gogorra izan zen baina 40-28 irabazi genuen.
Ondoren, baina, Frantziako txapelketan ez zarete oso fin ibili, ezta?
Ez; Ipar Euskal Herriko txapelketako lehenengo zortziak sailkatzen dira Frantziakora, eta gu, txapeldun gisa, finalaurrekoetara pasa ginen zuzenean. Hala ere, galdu egin genuen Lekorneko gazte biren kontra. Nik ez nuen partidu oso ona egin, ezta Ekhik ere. Hala, publikoaren txistuak entzun ondoren, burumakur bueltatu ginen etxera.
Partidu gogorra izan zen hori?
Ipar Euskal Herriko txapelketako lehenengo jardunaldian euren kontra jokatu genuen, trinket berdinean, gainera, Zuraiden. Aldi horretan 40-32 irabazi genuen guk, ordu eta 40 minutuko partida baten ondoren. Nik banekien oso onak zirela eta oso partida gogorra izango zela; hala ere, uste dut nire akatsa oso lasai joatea izan zela, gogogabe eta mentalizatu barik; eta, noski, horrela joanda normala da egurra jasotzea.
«Iparraldean ohitura handia dago trinketa ikusteko; afizionatuen mailan frontoiak bete egiten dira, sarrera ordainduta ere»
Azken aldiko txapelketa denetan trinket modalitatean lehiatu zara; zer gako ditu horrek ezker paretagaz alderatuta?
Alde batetik, jokalekuaren tamainak; trinketeko frontoiak 30 metroko luzera du eta ezker paretakoak 36 metro. Hala ere, nik esango nuke gakoa pilotan dagoela. Ezker paretakoa askoz ere zorrotzagoa da fisikoki; 6-8 gramo gehiago pisatzen ditu eta beharrezkoa da potentzia gehiago izatea. Trinketekoa, aldiz, arinagoa da, eta abilezia handiagoa behar da, fisikoki azkarra izan behar da eta nik uste dut nire gorputzera eta ezaugarrietara hobeto egokitzen dela.
Bien artean, zein nahiago duzu zuk?
Hemen, Hego Euskal Herrian, trinketak ez dauka presentzia handirik, Ipar Euskal Herriarekin alderatuta behintzat. Hala, ni, bertokoa naizen heinean, ezker paretan hasi nintzen eta 17 urte nituen arte ez nuen trinketa probatu. Gaur egun, aldiz, gero eta gutxiago jokatzen dut ezker paretan, lau eta erdiko txapelketak jokatzen ditudanean baino ez. Entrenamenduak trinketera begira egiten ditut.
Zelakoa da zure egunerokoa pilotari modura?
Askok zorotzat hartzen naute egunero frontoian sartuta nagoelako. Astean zehar goizero entrenatzera noa eta arratsaldeetan umeak entrenatzen ditut Sopelako pilota-eskolan; asteburuetan, aldiz, partidu bat edo bi jokatzen ditut.
Nondik datorkizu pilotarekiko maitasun hori?
Egia esanda, txikitako gelakideak hasi zirelako animatu nintzen horretara. Gustatu zitzaidan, nahiko ondo jokatzen nuen eta hogei urte igaro dira dagoeneko ordutik.
Pilotarekiko afizio handia dago gaur egun Euskal Herrian?
Ipar Euskal Herrian ikaragarria da trinketarekiko afizioa; ohitura handia dago afizionatuen partidetara joateko ere; 200-300 pertsona batu daiteke halakoetan, hamar euroko sarrera ordaindu beharra badago ere. Hemen, Hego Euskal Herrian, aldiz, ezker paretako partidek ere interes handia sortzen dute, baina profesionalek baino ez. Afizionatuen mailak ez du horrenbesteko arrakastarik izaten hemen; are gutxiago sarrera ordaindu behar bada.
«Espainiarekin jokatzeari uko egitearen erabakia aspaldikoa da. 2007an eskaini zidaten aurrenekoz, eta horrela segituko dut»
Euskal Herri osoan askotariko txapelak irabazi dituzun arren, nazioartean ere ibilitakoa zara. Hala ere, Espainiako selekzioagaz parte hartzeari uko egin diozu behin baino gehiagotan.
Aspalditik hartutako erabakia da hori. 2007an jaso nuen lehenengo deia 22 urtez azpiko Munduko Txapelketan lehiatzeko, eta ezetz esan nuen. Egia esanda, ez zen asko pentsatutako erantzuna izan; bertan aritzen diren pilotari gehienak ezagutzen ditut eta asko nire lagunak dira, baina oso arraroa egin zitzaidan niri, ez nuen nire burua Espainiako selekzioaren barruan ikusten. Hala, inguruko jendearekin hitz egin ondoren, erabaki hori hartu nuen. Ondoren, 2012ko eta 2016ko munduko txapelketetan lehiatzeko eskaera egin zidaten eta bietan ezezkoa eman nuen. Ordutik, 2019ra arte ez dut inolako deirik jaso eta iaz berriro ezetz esan nuen. Hasierako erabakia mantendu dut urtez urte; batzuek esango dute zoroa naizela erabaki horrek ez didalako kirolean aurrera egiten utziko; beste batzuek, aldiz, oso ondo egin dudala esango dute. Bakoitzak pentsa dezala nahi duena, nor bere erabakien jabe da, eta hori da nik egin dudana.
Ondorioak izan ditu erabaki horrek zure ibilbidean?
Ez dakit. Pilota ez da kirol profesionala; dirua irabazteko aukera handirik ez dago. Hala ere, nik uste dut ate batzuk ixteko arrazoia izan daitekeela hori. Ez dut beste pilotarien meriturik kendu nahi, baina Munduko Txapelketaren batean jokatu duten kirolariek aukera gehiago dute gerora profesionalen mailara salto egiteko. Bai, agian eragina izan dezake kasu puntual batzuetan, baina orokorrean ezetz esango nuke.
Binaka lehiatu zara azkenaldian; zer gurago duzu, banaka edo binaka jardutea?
Urtean zehar gehiena bikoteka jokatzen da; banakakoa asko gustatzen zaidan modalitatea da, eta ondo moldatzen naiz horretan, baina urtean 5-6 partidu baino ez ditut egiten.
Kirolari modura, zeintzuk une nabarmenduko zenituzke?
Bikote askorekin jokatu ditut txapelketa asko, eta zorionez txapela asko jantzi ahal izan ditut lagun askorekin. Horiek denak ditut gogoan. Bestalde, Abadiñoko Tornosolo Kopa banaka irabazi nuenekoa ere oso berezia izan zen niretzat; Euskal Herri osoko profesionalen kontra irabazitako txapelketa izan zen hori, benetan sorpresa eman nuen bertan. Azkenik, nola ez, Ipar Euskal Herriko txapelketa ere, oraintsu irabazi duguna, gogoan daukat, besteak beste.