Aida Riañok aitortu digunez, ezin du Mexikoko egoera orokorraz berba egin, alde batetik bestera bizi den egoera ezberdina delako. Getxoztarra landa eremuan dagoen herri batean bizi da, indigenakaz, hirietatik nahiko baztertuta. Azaldu duenez, Covid-19aren presentzia herrigune handietan ematen da gehien; hala, bere inguruan oraindino kasurik aurkitu ez dela nabarmendu du. Dena dela, uste du laster komunitate indigenetara ere hedatuko dela gaitza, “bertoko gazte asko leku turistikoetara joaten baita lanera eta orain bueltan etorri behar direlako, lan gabe ezin direlako bizi”.
"Koronabirus kasuak hiri handietan aurkitu diren arren, laster komunitate indigenetara ere hedatuko da"
Duela hiruzpalau aste komunikatu bat zabaldu zuen Mexikoko poliziak esanez ekitaldi sozial denak bertan behera gelditzen zirela, hala nola mezak, jaiak eta lehiaketak. Orain, aldiz, premiazkoak ez diren gauzak saltzen ez dituzten denda denak ixteko agindua eman dute. Eskolak ere hilabete baino gehiago daramate itxita. Ondorioz, kalean jende gutxi ikusten dela azpimarratu du Riañok, “baina beste batzuk bizitza normala daramate, ez dute sinisten hau arazo bat denik”. Izan ere, nabarmendu duenaren arabera, inguru horretan arazorik handiena ekonomia da: “Jende askok egunekoa irabazteko egiten du lan eta goseak birusak baino gehiago beldurtzen ditu”.
"Batzuk bizitza normala daramate, ez dute sinisten hau arazo bat denik”
Pandemiak mundu osoan eztanda egin zuenean egonez handia eragin zion gazte getxoztarrari, “nire familiari zerbait gertatzekotan haien ondora bueltatzeko aukerarik ez izateak beldur handia ematen zidan”. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, lasaiago bizi dela azpimarratu du: “ondo dabiltza, eta kezka hori txikiagotu egin da”.
Etxetik beharrean dabil orain, hala ere, egun batzuetan berarentzako propio izan daitekeen gune bat izatea faltan botatzen du orain: “Gure etxeak dena dauka gela bakar batean: sukaldea, egongela eta logela. Beraz, bakarrik egoteko aukera gutxi daude”. Hala ere, etxean lorategi bat izateak aurrera egiteko lagungarria dela dio getxoztarrak: “Bizia ematen digu, lan asko eskatzeaz gainera; proiektu asko jar daitezke bertan martxan”. Bestalde, denbora librean eskulanak egiteko eta ikasteko inbertitzen duela aitortu du: “Ez dut aspertzeko denbora handirik izan”.
Mexikon konfirmatutako Covid-19 kasuak 13.842 dira eta hildako kopurua 1.305era heldu da.