Itzubaltzeta III gaztetxearen hustuketa

Herriko gune aske eta autogestionatuen beharra aldarrikatu dute

Iker Rincon Moreno 2020ko mai. 17a, 09:46

Getxoko udal-gobernuak "inposatutako bidegabekeria instituzionalen" aurka borrokatzeko modu bakarra antolatzea eta mobilizatzea dela aldarrikatu zuten atzo ehunka lagunek Itzubaltzeta III gaztetxearen alde Areetako Xake plazan egindako elkarretaratzean. Era berean, gune autogestionatuaren alde herriko balkoiak horiz koloreztatzeko deia egin zuten.

Elkarren arteko segurtasun distantziak mantenduta, ehun lagun baino gehiago bildu zen atzo Areetako Xake plazan Itzubaltzeta III gaztetxearen alde egiteko. "Beste behin ere, daukagun indarra erakutsi dugu eta eredu izan gara. Dena zuei esker", azpimarratu zuten gazteek mobilizazioa hasi orduko.

Getxoko udal-gobernuak (EAJ eta PSE-EE) bere erabakiak hartzerakoan herritarren iritzia kontuan hartzen ez duela salatu zuten protestan bildutakoek, "ez Itzubaltzetari gure harri-koskorra ekarri ahal izateko". Era berean, antolatzeko eta borrokatzeko garrantzia azpimarratu zuten, baita kolaboratzeko beharra ere. Horren harira, Udalak gaztetxearen kontra egindako erasoa ulergarria dela deitoratu zuten: "Ekintzarako askatasunik eman nahi ez dioten espazioa delako, ez dutelako nahi langileria haien interesen aurka antolatzerik. Herriak, eta, batez ere, gazteriak, pentsamendu kritikoa garatzeko eta izaera anitz, antikapitalista eta solidarioko ekintzak antolatzeko erabiltzen dugun espaziorik, ez dute nahi". Hori dena dela eta, herrian eta auzoan gaztetxe bat izatea inoiz baino "beharrezkoagoa" dela aldarrikatu zuten ozen: "Edozein herrik, aipatutako ezaugarri guztiak sustatzeko gune bat izan beharko lukeelako, herri bat gaztetxe bat!".

"Hemendik pasatzen diren bakoitzean ikus dezatela haiek eragin dutena!"

Herria horiz koloreztatu

Itzubaltzeta gaztetxearen aldeko mugimendua agerian utzi guran, auzoa horiz koloreztatzeko proposamena egin zuten atzo: "Hemendik pasatzen diren bakoitzean ikus dezaten haiek eragin dutena!". Horretarako, kamisetak, trapu eta banderola horiak balkoi eta leihoetatik eskegitzeko deia egin zuten. Era berean, eragileen aldeko sinadura bilketa bat egin nahi dutela iragarri zuten, "gaztetxearen babesa erakuste aldera".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun