Koronabirusa Uribe Kostan

Konfinamenduak gizartean zeuden arrakalak handitu besterik ez ditu egin

Algortarrok Zaintzen 2020ko eka. 3a, 11:11

Bi hilabete bete dira Algortarrok Zaintzen sare herritarra sortu genuenetik; denbora nahikoa bidean hainbat trabarekin topo egin, hausnarketa ugari garatu, eta baita iniziatiba berriak sortzeko ere. Bi hilabete, zeinetan ehunaka algortar beste ehunaka algortar laguntzen ibili garen; erosketak egiten, botikak eskuratzen, zarama ateratzen, euskararekin harremana ez galtzen, maskotak zaintzen, itxialdia pasatzeko eskaintza sozio-kulturala ematen...

Balorazioa ezin da hobea izan. Babes instituzionalik gabe, eta soilik herriko elkarte baten laguntza ekonomiko txiki bat baliatuz, ezerezetik sortu ditugu zaintza sareak egun barnebiltzen dituen hiru esparruak: etxetik irten ezin diren edo komeni ez zaien herritarrentzako laguntza sarea, mintzapraktikak euskaraz egiteko sarea, eta gure ahalmenen arabera herritar orori eskaintza soziokulturala online eskaintzeko sarea. Baina dokumentu honen bidez, hau baino balorazio sakonagoa egitea da gure asmoa.

Sarearen sorrerak oinarri bat du: konfinamenduak zenbait kolektibotan sor zitzakeen ondorioak larriak izan zitezkeela ikusita, eta instituzio publikoen partez inolako irtenbide integralik ez zegoela iritzita, herriko elkartegintza zein herri mugimenduetan elkar ezagutu dugun zenbait pertsona ondorioei aurre egiteko prestatzen hasi ginen. Martxoaren 12tik jada hasi ginen antolatzen. Erantzun ezin hobea eman zuen Algortako herriak, eta egun gutxiren buruan, talde txiki hark buruan zeukana baino ekimen handiagoa geneukan eskuartean. Ehunaka boluntariok eman zuten izena, laguntzeko prest. Gauzak horrela, era deszentralizatuan lan egiteko apustua egin genuen, uste sendoa geneukalako zenbat eta zerbitzu hurbilagoa, are egokiagoa izango zela. Horrela, 10 sare antolatu genituen, denak koordinatuta eta osasun langileekin batera osatutako irizpideekin lan egingo zutenak. Sarea martxoaren 18an egin genuen publiko, 10 eremuetako bakoitzean telefono bana eskainiz.

Getxoko Udaltzaingoak hainbat herritarri gure telefonoa eman zien gurekin harremanetan jartzeko; Udal Gobernuak, bere aldetik, gure sarea desegiten saiatu zen, Foru Aldundiko edo Jaurlaritzako sareetara bideratu nahian

Behin gure sarea martxan jarrita, bestelako dinamika herritarrak eta instituzio publikoetatik iragarritako eskaintzak ere garatzen joan ziren. Gure ingurukoekin jarri ginen harremanetan, esperientziak eta ideiak konpartitzeko asmoz, eta instituzioetatik sustatutako sareen kasuan, koordinatu ahal izateko. Gure kasuan Getxoko Udalarekin harremanetan jartzen saiatu ginen, lehenik zerbitzu sozialetako kideekin telefonoz hitz eginez, eta ostean Udal Gobernuko arduradunekin kontaktatzen saiatuz. Bitartean, Udaltzaingoaren deiak jaso genituen baita. Dei hauek, hasieran, urduritasun puntu batekin jaso bagenituen ere, behin gure iniziatiba azalduta, lasaitasun osoz jardun genuen, eta Udaltzaingotik zenbait herritarrei gure sareko telefonoa eman izan zaie, guregana jo zezaten. Badakigu beste herri batzuetan sare herritarrek arazoak izan dituztela euren dinamika garatu eta laguntza emateko, poliziaren jazarpena pairatu baitute. Ez da gure kasua izan. Ez dugu isunik jaso, eta sareko boluntarioek ez digute helarazi inongo arazorik. Udal Gobernuaren partetik, baina, ez dugu erantzun berdina jaso izan. Herriko elkarte eta mugimenduetatik abiatutako sareak balioan jarri eta hauen indarra aprobetxatu baino, hauek desegin eta norbanako bezala, banan banan, Foru Aldundiko edo Jaurlaritzako sareetan izena ematea izan dute helburu.

Zalantzan jarri dute gure seriotasuna, eta arduragabetzat hartu gaituzte. Gure sentipena izan da paternalismoz tratatu gaituztela, eta zenbaitetan mespretxuz. Azken saiakeran, kalean sareaz informatzeko jarri genituen kartelak kentzeko ere eskatu ziguten. Momentu horretan, eta instituzioekin koordinatzeko saiakerak sortzen zigun estres eta nekeak kentzen zigun indarra zela eta, saiatzeari utzi genion, eta gure lanean zentratu ginen. Traba eta mespretxu hauek gora-behera, jada ehun zerbitzutik gora eman ditu etxetik irten ezin diren edo komeni ez zaien herritarrentzako laguntza sareak. Gurutze Gorriarekin koordinatzen ere saiatu izan gara, baina elkarte honek Foru Aldundiaren sarea kudeatzen duela eta, irizpide konkretu batzuk jarraitu behar ditu, eta horien artean ez dago zaintza sare herritarrekin elkarlana.

Garai berdintsuan zenbait komunikabideen deiak jasotzen hasi ginen (El Correo, Ser, HIRUKA, Eitb), iniziatibak uste baino oihartzun handiagoa lortu zuenaren seinale. Baina, kasualitatea ote, instituzioen erantzunaren maila ezagutzen joatearekin batera, komunikabide nagusien interesa ere amatatzen joan zen. Handien kasuan behintzat (ez horrela HIRUKAren kasuan), guri elkarrizketak egin eta guri buruz jakiteko zituzten gogoak bat-batean itzali ziren.

Udal arduradunen boikota pairatu arren, beharra zutenei 100 zerbitzutik gora eskaintzea lortu dugu eta bestelako beharrizanei aterabideak bilatu ditugu, hala nola gaztetxoentzako euskarazko mintzapraktikak eta online bidezko kultur agenda

Sareak baina, aurrera egin du, eta nahikoa izan dira erabiltzaileek helarazitako esker oneko hitzak jarraitu ahal izateko. Boikot saiakerak gora-behera, esan bezala, jada 100 zerbitzutik gora eskaini ditugu. Eta jarraitzeaz aparte, behin etxetik irten ezin diren horiei laguntza eskaintzeko zerbitzua egonkortuta, bestelako beharrizanei aterabideak bilatzen hasi ginen. Horrela sortu zen mintzapraktiken sarea. Konfinamenduak haur eta nerabe asko euskaraz bizi ahal izateko zeuzkaten espazioetatik aldendu dituzte, eta ezer gutxi egin da euren oinarrizko hizkuntza eskubideak babesteko. Algortarrok Zaintzen saretik, argi izanda komunitate bateko kideen eskubideak defendatzea ere badela komunitatea zaintzea, euskararekin harremana gal ez zezaten antolatzen hasi ginen. Kasu honetan ere, boluntario bila atera eta gutxira, ehunaka izen emate pilatu genituen. Haur, nerabe eta gurasoen erantzuna ere oso positiboa izan zen, asmatzen ari ginenaren seinale. Iniziatiba honetan eskola, institutu, eta bertako arduradun zein langileen prestutasuna eskertzea dagokigu, iniziatiba balioan jarri eta zabaltzen lagundu digutelako.

Azken iniziatiba eskaintza sozio-kulturala online eskaintzea izan da. Jakitun ginen badaudela elkarte ezberdinak lan berdina garatzen, aurretik era presentzialean egiten zutena interneten eskainiz momentu honetan.

Beraz, umiltasunez uste dugu balorazioa ezin dela hobea izan. Larrialdi baten aurrean antolatu, elkarlana sustatu eta denok pairatzen ditugun arazoei denon artean irtenbidea ematen saiatu gara. Eta uste dugu, gure ahalmenen mailan, lortu dugula. Orain baina, hainbat galdera datozkigu burura. Izan ere, pandemiak aurretik arrastaka genekartzan arazo ugari azaleratu ditu, baina ez sortu. Konfinamenduak gizartean presente zeuden arrakalak handitu besterik ez ditu egin. Eta gure ustea da, beraz, konfinamendua bera koiunturala bada ere, bertan esponentzialki handitu diren arazoek oinarri estrukturalak dituztela. Aspaldi utzi genion albokoari zelan zegoen galdetzeari, gure zilborretik begirada altxatu ezinean. Bada garaia komunitatea zentrora ekartzeko, bizitza duinak balioan jarri eta zenbakietatik begirada aldenduz auzokideari so egiteko.

Espero ezineko egoera honek, eta bertan pilatu ditugun sufrimendu guztiek, balio dezatela aurrerantzean elkarlanean antolatu eta bestelako logika batzuetan oinarritutako sistema bat eraikitzeko, zeinetan ez den inor bidean geldituko. Sarearekin bat egin dugunok erakutsi dugu badagoela gaitasuna eta indarra, eta batez ere, badagoela gogoa. Konfinamenduari begirako iniziatiba izanik, konfinamenduaren amaierarekin etorriko zaio bukaera agian, baina bertan pilatutakoa desegiten utzi baino, komeni zaigu berrasmatu eta herritar xumeon zaintza, bizitza duina, bermatuko duten iniziatibak biderkatzea. Garai latzak datozela diote, eta argi daukagu mugitu ezean betikoek pairatuko ditugula ondorioak. Gu ez gaude prest horretarako, eta esperientziak erakutsi digu bagarela gai beste logika batzuen baitan egiteko aurrera, elkarrekin. Bazatoz?

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun