Abendua eta urtarrila artean, urtearen amaieragaz, Gabonak ditugu hemen: tripa-festak, familia zein lagun artean; elizkizunak, opariak eta jaia. Munduko beste leku askotan ere garaiok ospatzen dituzte, baina, zelan? Gaur, udako tenperaturak bizi ditugula aprobetxatuta, bene-benetan urtaro horretan murgilduta dagoen Brasilera bidaiatuko dugu oraingoan. Bertan bizi da Sara Álvarez getxoztarra, eta, kontatu digunez, ohikoa da han urteari agurra egitea hondartzan, besteak beste.
Sara Álvarezen auzokideek diotenez, AEBetako ospakizunak bezalakoak egiten dituzte Brasilen, “baina bertsio pobrean”. Abenduaren 24-25eko egunak bertokoak bezalakoxeak izan ohi dira bertan, eta peru com farofa (indioilarra labean errea maniokaren irinagaz barruan eta espeziatua) da janari nagusia; Gabon Zaharrean, aldiz, Reveillon ospatzen dute, lagunakaz, hondartzan, arropa zuriak jantzita musikagaz dantzan. Bolanderak eta su artifizialak ere ohikoak dira egun horretan.
Berezitasun gisa, Álvarezek dio urte berria hasten denean zorte onekoa dela zazpi olaturi salto egitea, eta, azaldu duenez, bitxia egiten zaio nola egiten zaion eskaintza itsasoaren jainkosari: “Landareak edo objektu berezien bitartez, zorte ona eskatzen zaio; Afrikako ondarea irudikatzen duen ohitura da”. Aurtengoa izango da bere lehenengo aldia Gabonak atzerrian emango dituena, eta amaren kroketak faltan botako dituela aitortu du.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.