Abenduaren 6an ematen diete hasiera Gabonei Alemanian, Nikolaustag, Santa Klausen Eguna, delakoagaz. “Txokolatea oparitzen da egun horretan, umeei bereziki”, azaldu du Montesek. Hortik aurrera, ospakizunak bertokoaren modukoak direla dio: “Familiak elkartzen dira abenduaren 24tik 26ra, azken egun hori jai eguna delako ere”.
Ondoren, abenduaren 31n, jai giroan eta lagunakaz ospatzen dute Silvesternacht jaia; gau horretan, piroteknia da nagusi: “Ikaragarria da zenbat bolandera botatzen dituzten hemen”. Argiakaz eta benetako zuhaitzakaz dekoratzen dituzte kaleak eta etxeak; azken horiek, ospakizunak amaitzen direnean, terrazatik jaurti ohi dituzte, eta ohikoa izaten da kaletik zuhaitzen bat botata topatzea apirilera arte, “zabor-zerbitzua oso motela delako Berlinen”. Garaiotan ere oso ohikoak dira merkatuak; “asko daude Alemanian, eta bereziki Glühweina edaten da: ardo beroa”.