Georgian, Gabonak urtarrilaren 7an ospatzen direla diote Ina eta Tina Grdzelishvili ahizpek. Herrialdea Sobietar Batasunaren menpe egon zenean, jai kristauak debekatuta zeuden eta, beraz, “tranpa baten modukoa egin zen Gabonak ospatu ahal izateko”. Hala ere, kristau ortodoxoak diren beste herrialdeek abenduaren 25ean ere ospatzen dituzte Gabonak, eta berriz horretara bueltatu gura dutenak daudela diote. Biak ala biak hainbat urte daramatzate gurean bizitzen, eta beraien semeak ia euskaldunak direnez, Olentzeroren etorrera ere ospatzen dute hemen.
Georgian, Eguberri Egunean, lehendabizi, familiagaz elkartzen dira bazkaltzeko, eta, ondoren, lagunakaz ateratzen dira kalera, hainbat kontzertu eta ospakizun egoten baitira. Gurean bezala, sasoi honetan ohikoak diren hainbat jaki ere dituzte: khachapuri, gaztaz betetako opiltxoak; turroiak, Satsivia, indioilarra intxaur saltsagaz... Hala ere, deitoratu dute hemen ez dela erreza horietarako osagaiak aurkitzea eta, ondorioz, ez dituzte plater horiek egiten. Bestalde, ardoa ezin da falta Georgiako Gabonetan; izan ere, edari horren herrialdea dela azpimarratu dute: “Ardoa Georgian jaio zen duela 8.000 urte, eta, gaur egun, oraindik antzinako eran egiten jarraitzen da; pentsa, 500 mahats mota baino gehiago ditugu!”.