Paraguain, Gabonak jai jendetsuak izan ohi dira; familia guztia elkartzeko ohitura dute, petardoak botatzen dituzte eta musika jartzen dute. Delia Ester Vera duela lau urte etorri zen Uribe Kostara, eta, gaur egun, egunok bere Erandioko lagunakaz ospatzen dituela dio, familiagaz elkartzea ez delako erraza.
Bere sorterrian, Gabonak ospatzeko hainbat ohitura dituzte; berbarako, iruditxoakaz egiten den Jesusen jaiotza ere jartzen dute, baina hangoari frutak, barazkiak eta chipak –mandioka almidoiagaz, animali-koipeagaz, gazta eta arrautzagaz egindako gaileta modukoak– jartzen dizkiote, bisitariek ere har ditzaten. Bestalde, ohikoak diren jaki eta edari asko daudela ere azaldu du, besteak beste, barazkiez eta arrautza egosiagaz betetako okela biribilkaria, Matambre izenekoa, eta, horretaz gain, mihia ozpinetan, Paraguaiko zopa. Baina, denen artean, barbakoa da erregea: “Barbakoa ezin da falta”. Batzuetan, chipa haragiagaz ere betetzen dutela dio Verak.
Edariari dagokionez, oso ohikoa da ardoa eta fruta txikitua edatea; horri Clericó deitzen diote. Sagardoa ere edaten dute Paraguain, “baina hangoa hemengoa baino gozoagoa da”, azaldu du Verak.