Zer garrantzi dute Bizilagunak bezalako proiektuek atzerritarrak euskal gizartean integratzeko orduan?
Gure ustez, horrelako proiektuak funtsezkoak dira topaketarako aukera sortzen dutelako, eta hortik abiatuta, herriko pertsonen arteko erlazio handiagoa eta bizikidetza baketsua hobetzea erraztuko duten prozesuak eraiki daitezkeelako.
Helburua da familia migratuen eta familia autoktonoen arteko elkarrekintza sustatzea. Kulturen arteko eremu horiek elkarren ezagutza eta bizikidetza sustatzera bideratutako jarduerak dira, Euskal Herriko familien eta migratzaileen jarduera bateratuen bidez. Ekintza horiek komunitate-harremanak formaliza ditzakete, gizarte-sare berriak sortuz. Horrez gainera, funtsezko tresna da xenofobia eta arrazakeria prebenitzeko Getxoko Zurrumurruen Aurkako Estrategia garatzeko.
Nondik dator ekimen hori, eta nola laguntzen du proiektu honek integrazio horretan?
Proiektu hau Txekiar Errepublikan sortu zen, 2004an. Bere garaian pentsatu zuten iritsi berriak seguru asko bakarrik sentituko zirela, eta etxean otordu bat partekatzea bezain gauza sinple eta intimoa migratutako pertsona horiek eta bertako pertsonak hurbiltzeko modu bat izan zitekeela.
Ekitaldi hori urtero hasi zen errepikatzen, eta Europako hainbat herrialdetan hedatu zen 2013an, Euskadira iritsi zen arte, eta hainbat elkartek eta udalerrik hartu zuten lekukoa. Getxo izan zen ideia hori hartu eta berton egiten hasi zen lehen udalerrietako bat, eta hala egiten jarraitzen du gaur egun ere.
Urte batzuk igaro zirenean, ekimen horren potentziala topaketa sortzeko aukera gisa ikusi genuen, eta apur bat aldatu genuen, indartsuagoa izan zedin. Orain bertan, urteroko jardueren programa bat dugu, eta, horren bidez, hainbat ekintza antolatzen ditugu urtean zehar, pertsonak elkartu, partekatu eta Bazkariak hitzordu arrakastatsuenean parte hartzera animatzeko.
Zer motatako pertsonek parte hartzen dute Bizilagunak ekimenean?
Ekimen honek tokiko eta atzerriko pertsonez osatutako taldeak, “familiak”, batzea du helburu. Hartara, gura duten pertsona guztiek parte har dezakete, inolako adin-mugarik gabe.
migratutako pertsonen «familiak» eta bertako pertsonen taldeak batzeko pentsatuta dago. Nahi duten pertsona guztiek parte hartzen dute, inolako adin-mugarik gabe. Taldeak esaten dugu familiaren kontzeptu tradizionala gainditu gura dugulako, eskaintzen duguna pertsonen errealitateagaz hobeto bat etor dadin. Parte hartzeko, gura den moduan antola daiteke, hau da: familian, kuadrillan, bikoteka, lagun-taldean… Garrantzitsuena da parte hartzera animatzea.
Azken finean, hango eta hemengo pertsonak, ondoan bizi diren pertsonak ezagutu nahi dituztenak, entzuten dutenak, kultur artekotasuna abantailatzat hartzen dutenak eta inklusioa eta bizikidetza sortzen dituen udalerri bat sortzeko ekimen horietan partaide sentitu gura dutenek parte hartzen dute.
Mahai baten inguruan elkartuta, lotura sendoak sortzen al dira bazkari batean dagoen ingurune intimo horretan?
Esan dezakegu bide egokia dela loturak eraikitzen hasteko eta solasaldia sortzeko. Izan ere, askotan, ezinezkoa izaten da trukea egiteko leku komun bat aurkitzea.
Gune eta momentu intimoak dira, bestearen larruan jartzen laguntzen dutenak. Burua irekitzen eta harremanak sendotzen laguntzen digu.
Zuen ustez, horrelako proiektuek oztopoak edo aurreiritziak hausten laguntzen dute?
Bai, esango nuke aurreiritziak hausteko bide informala eta abiapuntu ona direla, inklusiorako tresna ona dela. Gure aldetik horretan jarraituko dugu.
Bizilagunak egitasmoan parte hartzeko interesa dutenek 622 433 085 (WhatsApp) edo 655 603 809 telefono zenbakien edo getxobizilagunak@gmail.com helbide elektronikoaren bidez jar daitezke harremanetan antolatzaileakaz.