Sikap elkarteari esker pertsona asko ezagutu dituela dio Bayangatek: “Sikap-en pertsona migratzaileen inklusioa lantzen dugu, eta gure artean komunitatea egin dugu”. Aurrera eramaten dituzten ekintzen artean, Filipinetako Independentzia Eguna aipatu du, ekainaren 18an ospatuko dutena kalejira bat antolatuz Areetan.
Aitortzen du “gogor” lan egiten duela Getxora heldu zenetik. Hasieran, 8 urtez aritu zen etxeko-langile gisa zaintza eta garbitzaile lanak egiten Neguriko etxe batean. Izan ere, bertoko etxeetan neskame askok lan egiten dute, eta, gehienbat, emakume atzerritarrek betetzen dute paper hori. “Nabari dut hemen jendeak pertsona filipinarrak gura dituela euren etxeak garbitzeko; niri beti galdetzen didate ea ezagun filipinarrik dudan etxeko garbiketa eta zaintza lanak egiteko. Oso langileak gara”, azaldu du.
Berak aspaldi utzi zituen etxeko-langile lanak; orain, ostalaritzan dihardu, eta bere jatetxe propioa ireki du Areetan. Hala ere, hainbat oztopo izan dituela aitortzen du: "Jatetxe hau irekitzea zaila izan da, eta are gehiago atzerritara izanda. Aurreiritzi eta arrazismo handia dago: batzuetan jendea nire jatetxera sartzen denean uste du txinatarra naizela, eta filipinarra naizela esaten dudanean, poztu egiten da. Bestalde, euskal janaria prestatzen dut, eta horrek lagundu dit bezeroengana heltzen eta erakusten sukaldari ona naizela”.
Orokorrean, bere lagun filipinar asko etxeko-langileak dira, eta lan horrek ematen dien “egonkortasuna” nabarmendu du Baganyatek: “Etxeko-langile bezala 40 urte egon zaitezke lanean. Aitzitik, beste lan batzuetan, edozein momentutan bota ahal zaituzte. Adibidez, niri egoitza batean lan egiteko aukera eskaini didate 6 hilabeteko kontratuagaz, izatez, emagina naizelako, baina ezetz esan dut. Ez dut epe-luzerako lan bat bezala ikusten”. Hala, azaldu du pertsona migratzaileentzat neskame moduan lan egitearen abantaila bat dela lo egiteko leku bat ziurtatuta dutela, eta, beraz, etxe bat ordaintzearen gastuak aurrezten dituztela. “Noski lanez aldatu gura dutela, baina fakturak ordaindu behar dira”, azpimarratu du.
Bestalde, gaur egun atzerritarrek duten erronkarik handiena Familia Berrelkartze Legea dela azpimarratu du. Hori gabe, ezinezko dute Espainiako Estatura migratzea. “Ez dizute lan-baimenik ematen berton seniderik ez baduzu, eta, eduki arren, prozesua oso luzea da. Lege hori aldatzeko borrokan gaude", deitoratu du.
Bere hurrengo urratsa argi dauka: beste jatetxe bat irekitzea. Izan ere, beste pertsona batzuei lana eskaini gura diela azaldu du: “Beste komertzio bat zabaldu gura dut jendea bizirauten laguntzeko. Egun, lana topatzea oso zaila da”.