Mujeres con Voz taldea: “Desberdintasunen kausak aztertzen ez diren bitartean, ezinezkoa da diskriminazio gehien jasaten duten pertsonak hobeto egotea”

Iker Rincon Moreno 2023ko api. 5a, 09:12

Taldeak egiten dituen mintegietako bat, artxiboko irudian. MUJERES CON VOZ

Askotarikoak dira 20 urteotan eskualdera etorritako emakume migratzaileak bizitza hobeago baten bila. Prozesua ezberdina izan ohi da pertsona batetik bestera. Hala ere, askotan, emaitza berari egin behar izaten diote aurre: zailtasunak eta bakardadea. Horri aurre egiteko eta emakumeen jabekuntza hauspotzeko asmoz, Mujeres con Voz taldea osatu zuten aspaldi Getxon. Haien jarduna ezagutzeko asmoz, haiekaz batu gara.

Zelakoa da emakumeen bizi izan ohi duten migrazio-prozesua eta zelako eragina izan du horrek zuen gaur egungo bizitzan?

Emakume migratu askok eta anitzek osatutako kolektiboa gara. Migrazio-esperientzia homogeneizatzen saiatzea arriskutsua da, gure errealitateak askotarikoak direlako.

Baina egoera erabat sinplifikatuz gero, esan dezakegu kasu gehienetan honaino sarerik gabe iristen den emakume migratu batek ziurrenik ezingo duela bizileku-baimenik eskuratu erregularizazio ohikoenaren figurak, errotze-sozialak, ezartzen dituen baldintzak bete arte. Are gehiago, sare sozial eskasa izango du emakume horrek, eta kode kulturalen ezagutza urria edo nulua izango du; hutsetik hasi behar duela sentituko du eta zalantza asko sentituko ditu bere migrazio-prozesuari buruz.

Mujeres con Voz elkarteak askotariko emakumeen arteko topaketak sustatzen ditu, bai migratzaileenak, bai bertakoenak. Nola heltzen diozue elkargune horri?

Hasieran, logika feminista batekin egin genuen. Hasiera-hasieratik hausnarketa bat egin genuen topaguneak izateko beharraz, Cony Carranzarekin migratutako emakumeentzako topaketetan ikasitakoa oinarri hartuta; gune horiek emakume migratuok beste kide batzuekin batera egoteko lekurik gabe gera ez gintezen izan ziren.

Geroxeago, berez sortu zen bertako beste emakume batzuek bat egin zezaketen topaleku bat eskaintzeko beharra. Funtsezkoa iruditu zitzaigun, herriko bizilagunak izanik, sare horiek ehuntzea.

Urteekin konturatu ginen feminismoak ez gintuela asetzen gure errealitateak deskribatzeko; izan ere, emakume izateaz gain, beste faktore batzuek ere kolpatzen. Une horretan, arrazakeriaren aurkako kolektibo gisa definitu genuen geure burua, eta gure egoerei buruzko azterketa zehatzagoa egiten hasi ginen.

Zuen ustez, zeintzuk dira emakume migratzaileek gaur egun dituzten erronka nagusiak, bai zuen jatorrizko herrialdean, bai Euskal Herrian?

Erronkak asko dira, eta horiek zerrendatzeak erreportaje ugari ekar ditzake. Baina sistema kapitalista kolonialista global bati buruz hitz egin dezakegu, non herrialde batzuek, nagusiki “iparralde global” gisa definituta daudenek, mendeak daramatzaten “hego globaleko” beste herrialde batzuk espoliatzen eta arpilatzen dituzten etengabe. Horren ondorioz, herrialde horiek pobretzen ari dira, indarkeria-maila handituz doa, baliabideak agortzen zaizkie eta ugaltzeko eta ekoizteko adinean dauden pertsonak “ipar globaleko” beste herrialde batzuetara migratzea behartuta ikusten dute euren burua, haien familien bizi-beharrei ekonomikoki eusteko.

Euskadira iristean, emakumeok askotariko diskriminazio eta indarkeriei egin behar diogu aurre, emakumeak, migratuak, arrazializatuak, pobretuak, etxeko langileak eta zaintzaileak izate hutsagatik. Matxismoa, sexismoa eta xenofobia gai-zerrenda horretan daude.

Arrazismo eta diskriminazio asko dago gure inguruan?

Arrazakeria estrukturala, instituzionala eta ingurumenekoa gaitz handiak dira. Atzerritarren Legea “munstro” bat da, betikoek irabazteko baldintzak ezartzen dituena. Baina, horrez guztiaz gainera, beste gai batzuek ere eragiten digute, hala nola migrazio-doluak, klasismoak, kapazitismoak, islamofobiak, elitismoak, LGTBIfobiak eta abarrek. Diskriminazioak, benetan, asko dira.

Horri biztanleriaren zati handi baten ukazioa gehitu behar zaio: arrazismoa dagoela ukatzen dute, esplotazio-praktikak ukatzen dituzte, diskriminazioa ukatzen dute, guretzat eguneroko ogia dena arren.

Bestalde, immigrazioari buruz hitz egin edo lan egin nahi duten pertsona eta talde asko daude, baina gu sartu gabe egiten dutenak. Halakoetan, badirudi “argazki koloretsua” egiteko bakarrik balio dugula eta eremu horietara gonbidatzen gaituztela “esperientziei buruzko mahaietan” bakarrik egoteko, baina inoiz ez alderdi akademikoan.

Gureak balio du soilik doakoa bada edo kostu sinboliko txikia badu. Badirudi ez garela agente legitimoak immigrazioari, harrerari, esku-hartzeari eta abarri buruz hitz egiteko edo lan egiteko, edo soilik garela merezimendu osoa bere gain har dezakeen tokiko “aterki” bat badugu.

“Dena gure alde, baina gu gabe” ildoan lan egiten duten prozesuak jada ez dira gure interesekoak, eta ez gaude prest hori gertatzen uzteko. Azterketa, ikerketa edo eztabaidagai izateaz nekatu egin gara. Subjektuak garela aldarrikatzen dugu, eragiten gaituen guztian lehen lerroan egon behar dugulako.

Ahotsa dugu eta badakigu erabiltzen.

Nola heltzen diezue erronka horiei, eta nola laguntzen dituzue emakume migratzaileak?

Esan genezake emakumeei eskaintzen diegun lehenengo gauza dela egoteko eta zaintzeko eremu bat. Lehen urrats horretatik aurrera, gure topaketa- eta bizikidetza-jarduerekin bat egin dezakete.

Errealitate hori lehen pertsonan bizi izan dugunez, guretzat ere oinarrizko zerbitzuak eskaintzea erabaki genuen, hala nola lan-aholkularitza, lan-eskubideei buruzkoa, arreta psikologikoa, izapideak egiteko edo gaitasun digitalak hobetzeko laguntza, etab.

Era berean, erakunde politikoa gara; gizarte-egoera eta -arazoei buruzko hausnarketak egiten ditugu, behar izanez gero salatzen dugu, gure eskubideetarako sarbidea aldarrikatzen dugu, kanpainak egiten ditugu eta kalera ateratzen gara, beharrezkotzat jotzen badugu.

Zer aholku emango zeniekete emakumeen eskubideen eta feminismoaren aldeko borrokan parte hartzeko interesa duten beste emakume migratzaileei?

Beren buruarengan sinets dezatela, ez dezatela etsi, borroka gogorra izan daitekeelako. Bilatu ditzatela dagoeneko bidean dauden lankideak, banatutako kargak arinagoak direlako, bereziki, gure artean samurtasuna eta zainketak ematen dizkiguten guneak eraikitzen baditugu. Ez dezatela beldurrik izan arrazakeriaren aurkakoak direla adierazteko, edota euren berezitasunak entzun eta kontuan hartu behar direla aldarrikatzeko.

Zuen ustez, zer aldaketa egin beharko lirateke gizartean emakume migratzaileen baldintzak hobetzeko, eta nola uste duzue lor daitezkeela aldaketa horiek?

Baldintza asko aldatu beharko lirateke. Bere aberastasunaren zati handi bat  kolonialismoko eta espoliazioko mendeetan oinarritu zuen gizarte batean gaude, eta, ondorioz, kolonialismo horren emaitzetako bat da kolonizatutako leku eta pertsonen gaineko ustezko nagusitasunaren ustea edo sentimendua.

Gizarteak inklusiboagoa izan beharko luke, eta aniztasunak normalizatuagoa. Ezin da egon Espainia soilik zuria dela sinesten duen iruditeria sozial bat. Benetako berdintasuna lortuta egon beharko litzateke, baina argi eta garbi dakigu hori ez dela horrela.

Era berean, konponbideak ezin du desberdintasun-ardatz bakar batean lan egin errealitatearekin deskonektatuta. Ulertu behar da emakume migratu arrazializatua ez dela soilik emakumea, soilik migratua edo soilik arrazializatua. Ezin du erabaki "jantzi" horietako bat kentzea, gizartean hobeto egokitzeko eta zapalkuntza bat izateari uzteko. Horrelako gaien konponbideak integrala izan behar du.

Desberdintasunen kausak aztertzen ez diren bitartean, ezinezkoa da diskriminazio gehien jasaten duten pertsonak hobeto egotea. Baina, agian, egoera hobetu liteke migratutako pertsonek bertakoek bezain oinarrizko eskubideak eskura baditzakete; ez gehiago, ez gutxiago.

Tokiko lanaz gain, beste emakume-elkarte batzuekin batera lan egiten duzue, besteak beste, Warmipurarekin. Zer garrantzi du zuen borrokan elkarteen arteko sareak ehuntzeak?

Funtsezkoa da. Bestean geure burua ezagutu ahal izateak, bat egiteak, ikuspuntuak partekatzeak, husteak (ontzi berean gaudela jakinda) eta baita bat ez etortzeak ere, hazi egiten gaitu.

Gure artean babesten ez bagara, nork egingo du? Elkar adosteak indartu egiten gaitu eta jarraitzeko energiak ematen dizkigu.

Warmipura (kitxuan “gure artean”) duela urtebete pasatxo gizartea eraldatzeko bideari ekin dion topaketa eta hausnarketa feminista eta arrazismoaren aurkako gunea da. Guk bitarteko batzuk eman ditugu, baina prozesua eurena da.

Nahiz eta urrutira joatea gustatuko litzaigukeen, haiek bakarrik erabakiko dute nola eta noraino iritsiko diren.

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun