Kontzertuak, bazkariak, elektrotxarangak... askotarikoak ekarriko ditu Algortako Gazte Txosnak San Inazio eta Portu Zaharreko jaietara, beti ere "balio iraultzaile" eta aisialdi eredu "alternatiboa" oinarri hartuta. Hala jakinarazi zuten atzo, eguenean, proiektu hori osatzen duten hainbat kidek prentsaurrekoan. Izan ere, gogoratu zutenez, horrek udalerriko hainbat gazteren lana du atzean: "Urtean zehar gazte mugimenduetan zein hauen inguruan gabiltzan gazteok apirilean asanblada jendetsuetan batzen hasi eta proiektu honi forma emateko apustua egiten dugu".
Azaldu zutenez, Gazte Txosna jantziko duen egitaraua "pintzel finekin" marraztu dute, "artea" izango baita aurtengo gaia, "sorkuntza eta mundua eraldatzeko ametsa beti egon direlako estuki lotuak eta, aurtengoan, Algorta eraldatzeko asmoarekin zikindu ditugu eskuak".
Edukiei dagokienez, jakinarazi zutenez, Algortako saninazioetan, zumba herrikoia egingo dute uztailaren 28an, barikuan, 20:30ean; ordubete beranduago, kontzertuak izango dituzte (Rebel Noise, Ithaka eta DJ Aid). Hurrengo egunean, hilaren 29an, Gazte Eguna izango da, eta egun osoko egitaraua izango dute gozagai: 12:30ean, kuadrillen froga; 14:30ean, gazte-bazkaria —tiketak daborduko salgai daude—; 16:30ean, ekitaldia; 18:00etan, Elektrotxorongo elektrotxaranga; eta, 22:00etatik aurrera, kontzertu bi: Iras eta Alerta temazo eta Eire. Domekan, berriz, hilaren 30ean, hiru emanaldi hartuko ditu Gazte Txosnak muntatutako agertokian: 21:30ean, Ziraun; 23:00etan, Emayon erromeria; eta 01:00etan, DJ Eromena.
Algortako saninazioez gainera, Portu Zaharreko jaietan "egitarau oparoa" antolatzeko lanean dabiltzala iragarri zuten atzo, aurten bertan agertokia jartzeko oztopoak izan dituzten arren. Hala ere, "gazteon elkargune eta hainbat gazte sortzaileren plaza" izateko asmoa dute, eta, horren beharra aldarrikatzeko, sinadura-bilketa abiatu zuten orain dela gutxi: "Bertan sinatzeko mezua luzatzen dizuegu".
View this post on Instagram
Gune seguru, feminista eta askea
Prentsaurrekoan azpimarratu zutenez, Gazte Txosnaren proiektuan eta haien aisialdi ereduan sinesten dute. "Balio iraultzaileak gurera ekarri eta aisialdi eredu alternatibo bat sortzea du helburu Gazte Txosnak. Espazio seguru, feminista eta askea nahi dugu. Euskaraz eta euskaratik sortua. Espazio zabala, askotariko gazteon ametsak biltzen dituena. Gazteon arteko harreman osasuntsuak sustatu eta ideiak konpartitzeko espazioa. Artista eta musikari gazteen lanari aitortza eta oholtza eskaini eta jai giro askea sortzen duena, autogestioan eta elkarlanean oinarritua".
Horregaz guztiagaz, atzo Portu Zaharrean bertaratutakoek nabarmendu zuten proiektu honen bitartez ere eraldatzen dutela herria egunez egun, "eta balioan jarri nahi dugu urtero urtero bertan lanean diharduen hainbat eta hainbat gazteren lana eta ilusioa".