Sare sozialetan argitaratu duten komunikatu batean gogoan izan dutenez, iazko Portu Zaharreko jaietan Mugimendu Feministako bi kide auziperatuak zian ziren. "Eraso matxisten protokoloa jarraituz, larrialdi-zerbitzuko kideekin batera, adingabe bat artatzeagatik, baina poliziak euren lana oztopatzeagatik salatu zituen", gogoratu dute.
Horren aurrean, 2022ko urritik Getxoko Udalagaz elkartzen aritu direla azaldu dute, besteak beste, horrelako gertakizunik ez errepikatzeko, jaietan ematen diren eraso matxistak kudeatzeko eta erakunde profesional baten kontratazioa egiteko. Horri esker, hurrengo asteetan ospatuko diren jaietan, arreta eman, salaketak jarri eta gune seguru gisa identifikatuko diren puntu moreak egongo direla jakinarazi dute; gainera, zeregin horretarako Errotik erakundearen aholkularitza izango dutela ere adierazi dute.
Era berean, komunikatuan azpimarratu dutenez, jaietan ematen den indarkeria matxistagaz amaitzeko asmoa ere dute: "Gizonak bereziki zuena da erantzukizuna. Ez dago erasorik erasotzailerik gabe. Gunea segurua egiten dugu erasoa salatzen dugunean edo protokoloa aktibatzen dugunean, baina guneak aldez aurretik dira ez seguruak". Hori kontutan hartuta, adierazi dute arreta jarri gura dutela "indarkeriarik gabeko testuinguruak eta giroak sortzen". Horretarako, hainbat jarraibide proposatu dituzte, hala nola inguruko giroari erreparatzea, dagoen musika aztertzea, irainik ez onartzea eta erasoen aurrean ezikusiarenak ez egitea.
Puntu moreen ordutegia jaietan
- San Inazio jaiak, Algortan, uztailaren 28, 29 eta 30eko gauetan, 23:30etik hurrengo eguneko 05:00etara.
- Portu Zaharreko jaiak, Algortan, abuztuaren 11, 12, 13 eta 14ko gauetan, 23:30etik hurrengo eguneko 05:00etara, eta 13an, 19:30etik 23:30era ere.
Horrez gain, arreta-puntu moreak artatzen dituzten profesionalakaz harremanetan jartzeko aukera ere egongo dela azaldu dute, 678 940 243 telefono-zenbakira deituta.