Elkarrizketak

Borja Crespo: "Komikien mundua askotarikoa da, eta horren isla da Getxoko Komiki Azoka"

Iker Rincon Moreno 2023ko ira. 29a, 13:17

Borja Crespo, Getxoko Komiki Azokako komisarioa.

Komikigintzaren epizentroa izango da aste-akabu honetan Getxo; izan ere, gaurtik domekara bitartean, Getxoko Komiki Azokaren 21. edizioa izango da Areetako Xake plazan eta Romo Kultur Etxean. Borja Crespo getxoztarra da ekimen horren komisarioa, eta, bineten munduaren inguruan gehiago sakontzeko asmoz, beragaz batu gara.

Hasteko, nola laburbilduko zenuke Getxoko Komiki Azokan aurkituko duguna?

Getxoko Komiki Azoka beti nabarmendu da duen kultur programazioagatik, oso zainduta dagoena, betiere gune komertziala ahaztu barik. Azken horretan, 40 saltoki egongo dira, liburutegi, editorial, denda eta fanzineek lekua izango dutenak. Horietan, berrikuntzak eta bildumetarako materiala egongo da salgai, besteak beste. Berritasunei dagokienez, gainera, egile asko egongo dira haien lanak aurkezten eta sinatzen. Interesantea da irakurleekin harreman zuzen hori hauspotzea, esperientzia norabide bietan aberasten delako.

Fanzineak aipatu dituzu, zer leku izango dute horiek Azokan?

Aipagarria da afizionatuek, irabazteko asmorik ez dutenek eta euren buruak editatzen dutenek egindako lana. Esan bezala, horiek ere lekua dute azokan, musutruk, beste hainbat azokatan gertatzen ez den bezala. Beti defendatu dudan puntu bat izan da hori, hau da, hasiberriak direnei aukera ematea euren lana publikoari aurkezteko, ezer ordaindu barik.

Programazio kulturalari dagokionez, zer nabarmenduko zenuke?

Oso garrantzitsua da programazio kulturala Azokan. Berbarako, aurten, Shaun Elay ilustratzailearen lanak izango ditugu ikusgai, negatiboan margotzen duena. Gainera, egileen aurkezpenak eta hitzaldiak izango ditugu, baita Ana Miralles idazle madrildar beteranoari eta Mikel Begoña sortzaileari egingo dizkiegun omenaldiak ere. Halaber, askotariko gaiak jorratuko ditugu, hala nola adimen artifizialen eragina diseinu grafikoaren arloan edota ekialdeko kulturaren influentzia sortzaile berriengan, eta aipagarria izango da ere Marvel argitaletxearekin lan egiten duen Natacha Bustos egileak egingo duen umeentzako tailerra; horretan, gaztetxoenek superheroi bat nola sortu ikasiko dute. Azkenik, besteak beste, aipatuko nuke Pedro Cifuentesek aurkeztuko diguna: bera Bigarren Hezkuntzako irakaslea da, eta hainbat komiki argitaratu ditu ikuspegi pedagogiko batetik, batez ere Historia irakasteko.

Getxoko Komiki Azokaren gune komertziala, artxiboko irudian.

Azokako komisario gisa, zer izan ohi duzu oinarri gisa egileak aukeratzeko orduan?

Komikiaren munduan puri-purian dagoena islatzen saiatzen naiz, joerak eta mugimenduak kontutan hartuta, dagoena, egondakoa eta egongo dena bertan egon dadin. Gaurkotasuna nagusi da Azokan, baina iragana ahaztu barik; ildo horretan, artista beteranoak omentzen ditugu urtero. Oreka bat mantentzen saiatzen naiz, arrakasta duten egileak ekarrita, baina baita etorkizun oparoa izan dezaketenak gonbidatuta edota hasiberriak direnak ere.

Horrez gainera, estiloei dagokienez, aniztasuna egotea garrantzitsua dela uste dut. Denetarik topa dezakegu Getxoko Komiki Azokan, umeentzako komikietatik hasita, nagusienei bideratuta daudenera arte. Komikien mundua askotarikoa da, eta horren isla da hau.

Getxoko Komiki Azokaren 21. edizioa izango da aurtengoa; zer balantze egiten diezu bi hamarkada horiei?

Alde batetik, harrotasunez ikusten dut egindakoa, baina hotzikarak ematen dizkit baita ere. Hala ere, garrantzitsuena da urteotan guztiotan ekimena mantentzea lortu dugula. Bi hamarkadotan askotariko kolpeak jasan ditu kulturak, orokorrean, eta aldaketa horiei guztiei aurre egitea lortu dugu, egokituz eta formatua aldatuz. Hasieran, 2002an, Getxoko Komiki Azoka anbizio handiagokoa izan zen aurrekontuari dagokionez, baina, urtez urte, egunerokotasunari heldu eta moldatzen joan da.

Borroka interesantea izan da egokitzapen hori, baina aurrera egitea lortu dugu. Eta hori mantendu ahal izatea berri ona da, inondik inora.

"Gaur egun, sistemak bideratzen eta zuzentzen gaituen bezala, zabaldu den gustu eta irizpideen ondorioz, zenbait komiki-lan oso interesgarri lubakietan geratzen dira"

Zer egoera bizi du gaur egun euskal komikigintzak?

Orokorrean, kulturari lotutako edozein sektore moduan, komikigintzak ez du bizi bere egoerarik onena. Ez du ibilbide errazik, baina daukagunarekin moldatzea lortzen dugu. Ildo horretan, gotorleku garrantzitsuak izan ditugu beti Euskadin. Berton ditugu euskal marrazkilari askoren harrobi den TMEO aldizkaria, baita Astiberri, Harriet eta Xabiroi bezalako argitaletxeak ere. Azken hori ikastoletan banatzen da, eta uste dut iniziatiba izugarri garrantzitsua dela, komikiak irakurtzea hauspotzeaz gainera euskara bultzatzen duelako. Hori nabarmendu beharrekoa da, are gehiago gaur egun, Espainiako Estatuko hainbat puntutan askotariko argitalpenak debekatzen ari direlako, zehazki, gazteleraz egindakoak ez direlako. Harro egon behar gara halako iniziatibak martxan izateagatik gurean.

Getxoko Komiki Azokako komisario izateaz gainera, askotariko proiektutan aritutakoa zara, hala nola zineman. Nondik dator artearekiko duzun zaletasun hori?

Komikiekiko dudan pasioa, onerako zein txarrerako, gaixo-gisakoa da. Askotarikoetan aritu naiz, esan bezala, zineman eta bestelako diziplinetan, baina, komikiari lotutakoa, militantzia modukoa da niretzat, aktibismoa. Beste hainbat arlotan ez da hain beharrezkoa hori, baina komikigintzan bai, urte luzez gutxietsita egon delako, ikuspegi askotan. Egia da gaur egun egoera gazi-gozoa bizi duela, gozoagoa esango nuke, baina orain dela 21 urte, Azoka egiten hasi ginenean, egoera bestelakoa zen. Orain gaia lantzen hasi da hedabide kulturaletan, mahai-gainean dago, eta, nobela grafikoaren etiketa jarri izanak, gustukoa izan edo ez, ateak zabaldu dizkio komikiari. Horri esker, jendeak ulertu du komikiak ez direla soilik umeentzako, eta askotariko generoak daudela. Traba horiek gainditu dira, baina, oraindik ere, oso zaila da komiki-egile gisa komikiak egiteaz bizitzea, beste arte-arlo askotan gertatzen den bezala.

Hala ere, uste dut beti egon behar dela borroka horren lehen lerroan, lanon promozioan eta dibulgazioan. Eta, ildo horretan, mota honetako azokak eta ekimenak oso garrantzitsuak dira komikiaren mundua hauspotzeko.

Esan bezala, komikiak ez du eleberri batek izan dezakeen izen ona edo prestigioa. Zertan nabarmendu daitezke mota honetako lanak?

Komikiak, bere garaian, produktu oso arrakastatsuak ziren. Bruguera eskolakoak, gainera, frankismoaren garaian, zentsurari aurre egiteko gai ziren. Gaur egun, etapa hori ikertzen ari diren egileak daude, eta horri esker estimuan hartzen hasi dira lanok. Hori garrantzitsua da, demostratu behar delako komikia gai dela edozein istorio kontatzeko, edozein mediok egin dezakeen bezala.

Baliabide freskoa da, askotarikoa, sormenerako askatasun izugarria eskaintzen duena. Hori ezinezkoa da beste hainbat mediotan, hala nola negozioari eta industriari lotuago daudenetan. Komikiak askatasun izugarria du ildo horretan. Gauza oso indartsuak editatzen dira eta, gainera, egile askok obra apurtzaile eta esperimentalak egiten dituzte, komikietatik at doazenak eta arteari lotuago daudenak.

Cartel 2023

Azokari buruzko egitaraua eta informazio guztia, hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun