Uztailean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak bertan behera utzi zuen Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua. Horrek, ahalbidetzen zien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egitea. Horrez gain, beste hainbat eraso ere egon dira azken urteetan. Zein ezaugarri dute aman komunean eraso guztiek?
Benetako oldarraldi baten aurrean gaudela iruditzen zait. Gauza asko ezkutatzen dira horren atzean, baina bereziki, iruditzen zait maila ideologikoan aldaketa bat gertatu dela. Orain arte, euskarak garatzeko esparrua izan du, normalizazio prozesua horretan datzalako. Aitzitik, badirudi azken urteetan ideologia berri bat oldartzen ari dela: hizkuntza propioen normalizazio hori gelditu eta gazteleraren defentsa hasi da. Ikuspegi juridikotik, gaztelerak ez du defentsaren beharrik, izan ere, hizkuntza pribilegiatua da. Hala ere, planteatu egiten da gaztelera defendatu behar dela eta horretan dihardute azken urteetako sententziek. Epai guztietan ageri da ideia hori: euskara ez dakitenek eskubideak dituztela eta horiek defendatu behar direla normalizazio prozesu horren gainetik.
Euskararen normalizazioan kontra, epaileek arau eta legeak baliogabetu dituzte. Horrela jarraitzekotan, nolako ondorioak eragingo ditu honek?
Egoera benetan larria da. Esan bezala, euskara egoera ez-normalizatuan dago. Nahiz eta hizkuntza ofiziala izan, bere egoera erreala ez dator bat duen estatusarekin. Alde horretatik, normalizazio prozesua nahitaezkoa da: legediak eta Gernikako Estatutuak esaten dute euskararen aldeko normalizazio neurriak hartu behar direla. Halako sententzia hauekin, eta aurrerantzean etorri daitezken gehiagorekin, lortzen ari dena da euskararen alde egon daitezkeen tresnak blokeatzea. Beraz, euskararen aurrerabideei bide ematen dieten gailuak indarrik gabe gelditzen ari dira. Lagun batek esan zidan, 'euskarak galbidea du 30 urtetara, baina erabateko normalizazioak hemendik eta 150 urtetara'. Beraz, hurbilago gaude amildegitik zerutik baino. Ez bada aurrera egiten, izokinarena gerta daiteke: izokinak ez badu eragiten errekan gora egiteko, korronteak atzera botako du.
Aipatu duzu egoera “larria” dela. Uste duzu jendea aferaren larritasunaz ohartu dela edo arazoa nolabait leuntzen ari dira?
Azaroaren 4ko manifestazioak erakutsi zuen badagoela larritasunaren kontzientzia hori. Iruditzen zait gizarte mailan dagoen hausnarketa kolektibo honek bide eman behar diola momentu honetan beste hausnarketa politikoago bati: momentu honetan epaileek hizkuntza politika egiten ari dira. Administrazioari esaten ari diote euskararen tratamendua zein izan behar den, eta hori ez dagokie haiei.
Epaileei dagokie aztertzea ea legearen araberakoa den hizkuntza planifikazioa ala ez. Baina azken sententziek erakusten dutena da edozein dela planifikazioa edota legeek esaten dutena, epaileak gailentzen daudela euren irizpideak ezarriz. Esaterako, epaileak esaten ari dira edozein dela udalaren hizkuntza planifikazioa udaltzainek bikoteka patruilatzen dutenez bi horietatik bat euskalduna izanda nahikoa dela. Beste kasu batean, funtzionario bati bigarren hizkuntza eskakizuna ezarri zitzaion, eta epaileak bere sententzian adierazi zuen euskara munduko laugarren hizkuntza zailena zela eta administrazioa horren kargu egin beharko zela, hizkuntza eskakizuna malgutuz. Sententzia horiek ez dute inolako babes juridikorik eta nik uste gizartea horren kontziente dela, beraz, horrek beste fase bat ireki beharko luke.
Nabarmendu duzunez, askotan euskararen zailtasuna azpimarratzen dute hizkuntza ikasteko oztopo gisa. Halere, egun inoiz baino erraztasun eta baliabide gehiago daude euskara ikasteko. Euskarafobiaren parte dela uste duzu?
Nire ustez hemen atzean dagoena hizkuntza supremazismoa da. Hain zuzen, nagusia den hizkuntzaren aldeko politika defentsiboa deritzo. Hala, gailendu nahi dute hizkuntza normalizazioaren gainetik. Aitzitik, supremazismoak kasu honetan ez du inolako zentzurik. Benetan paradoxikoa da, euskara delako babesa behar duen hizkuntza. Joera politiko eta judizial horiek agertzen dutena da euskararen aldeko neurriek gaztelera oztopatzen dutela. Halaber, nabarmentzen dute euskara oso zaila dela, eta, beraz , administrazioek aldatu behar dutela hizkuntza politika berezitasun horietara.
Hori ikusmoldea erabat okertzea da. Batetik, hizkuntza eskubideak baldin badaude eta euskara erabiltzea euskararen ofizialtasunetik ondorioztatzen den eragina bada, funtzionario gaituak izan behar direlako udalekoak. Bestetik, debate faltsua da lan eskubideak eta hizkuntza eskubideak pare-parean jartzea. Hain zuzen, konstituzio auzitegiak 1991. urtean esan zuenaren ildora, euskararen gaitasuna eskatzea ez dago meritu eta gaitasun printzipioen kanpoan, baizik eta euskararen ezagutza funtzio publikoan sartzeko eskatzen diren beste baldintzen gainekoa da. Administrazioan sartzeko zuzenbide edo ekonomia ikasketak eskatzen badira funtzio batzuk eskatzen direlako, euskara eskatzea baldintza horien barruan egon beharko lirateke, ez kanpoko zerbait moduan.
Beraz, zein da irtenbidea euskara hizkuntza pribilegiatuen hegemoniaz askatzeko?
Momentu honetan, legediaren bidea da irtenbide bakarra. Alde batetik, legislazioa aldatu beharko litzateke eta estatuarekiko harreman berrian bai EAEk, bai Nafarroak, hizkuntzaren afera zutabe nagusitzat hartu beharko lukete estatuarekin izango duten enkaje berrietan. Autogobernuan eta autogestioaren oinarri nagusienetarikoa hori behar duelako izan; euskararen normalizazio prozesua. Helburuak birpentsatu eta nolabait estuarekin itun berri bat egin behar dute euskararen normalizazio prozesua arlo erabat erreserbatu modura onartu dadin. Estatuaren injerentziarik gabeko esparru bat izan beharko litzateke guk erabat modu autonomoan arau dezagun. Sistemaren konfigurazio bera da asmatu beharrekoa, eta horretarako legisladoreek parte hartu behar dute.
Zer gabezia ditu gure egungo hizkuntza sistemak?
Gure sistema hizkuntza askatasunean oinarritzen da. Esaterako, telebista euskaraz jaso nahi duenari, ETB1 jarri, eta telebista gaztelaniaz jaso nahi duenari, ETB2. Euskal Herriko Unibertsitatean gela batean euskarazkoak eta bestean gaztelerazkoak ditugu. Nolabait banaketa sistema bat da. Nire ustez momentua heldu da hausnartzeko ea sistema honek noraino eraman gaitzakeen, izan ere, segregazioan oinarrituta dago.
Iruditzen zait etorkizuneko Euskal Herrian hizkuntza propioari toki pribilegiatua ezarri beharko litzaiokeela eta erabilera arrunteko hizkuntza euskara ezarri beharko litzateke. Gero, arloz arlo ikusi beharko litzateke jauzi kualitatiboak zein izan beharko liratekeen, baina helburuetan, bi hizkuntzen ofizialtasuna eta elebitasuna izatea ez zait iruditzen xede errealista denik. Euskararen biziberritzearen ikuspegitik ez da ez errealista, ez egokia. Beraz, etorkizunean ezin dugu orain dugun sistemarekin jarraitu.
Administrazio arloari dagokionez, Katalunian eta Galizian langile izateko nahitaezko baldintza da katalana edo galiziera jakitea. Eta hori Europan gauza oso ohikoa da. Guk aldiz txikira jo dugu: gure hizkuntza politika talde minorizatuaren begietatik diseinatu da. Iruditzen zait momentua dela horretaz hausnartzeko eta pentsatzeko beste parametro batzuetatik planteatu behar dela hizkuntza politika. Lenetasunezko funtzio batzuk eman behar zaizkio eta funtzio horiek blindatu.
Hizkuntza supremazismo horri aurre egiteko, azaroaren 4ean, Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat lelopean, manifestazio jendetsua antolatu zuen Euskalgintzaren Kontseiluak.
Jendea ikuspegi emozionaletik mugitzen ari da, eta azaroaren 4ko manifestaldian nik ikusi nuen emozio asko. Oihu nagusia horixe da, euskarak arnasa behar duela. Inposizioz inposizio, euskarak iraungi izan du mendeetan zehar eta ematen du gaur egunean ere inposizio berriei eta gaurkotu batzuei aurre egin behar diela. Oraingo erasoa epaileen aldetik dator, baita ideologia politikotik eta zenbait jarrera politikoetatik ere. Jendearen erantzuna hortik bideratzen ari da eta logika osoz, azken finean euskarak pertsona bihurtzen gaituelako. Gizartea bera diluitzeko arriskuan egongo ginateke, gu euskaldun bihurtzen gaituelako kolektiboak eta euskarak berak. Eta beraz hori defendatzea herria ere defendatzea da.
Uribe Kostan mailan, Erandion, Bilboko Administrazioaren Auzien 1. Epaitegiak atzera bota zuen udaltzain jarduteko lanpostu bati ezarritako hizkuntza eskakizunaren derrigortasuna, B2 mailarena hain zuzen. Ez zuen lortu udalak eskaera onartzea, baina Justizia Auzitegira jo ondoren, arrazoia eman zioten.
Behin behineko funtzionario bat zen eta estabilizazio prozesuan gertatu zen. Argi geratu behar da hizkuntza eskakizunen proportzionaltasuna udalerriaren egoera soziolinguistikoak ematen duela. Hau da, Erandion euskaldunak % 40 bada, administrazioko lanpostuetatik ehuneko horretan hizkuntza eskakizuna nahitaezkoa izan behar da. Kasu horretan, eskakizun hori erabat zilegi eta legearen araberakoa zen. Baina, kasu horretan ere epaileek ez zioten sistemari edo gure araudiari begiratu eta adierazi zutena izan zen diskriminatzailea dela pertsona baten kasuan euskara nahitaezkotzat hartzea. Sententzia horrek ez zuen oinarri juridiko sendorik izan, eta nik uste errekurritzeko modukoa izan beharko litzatekeela. Legeak ezartzen duen proportzionaltasun eskemaren barruan sartzen zelako eskakizun hura. Hor ikusten da gazteleraren aldeko bere isla bat.