Ehunka herritarrek elkarretaratze isila egin dute, Getxoko gaztearen hilketa gaitzesteko

Ander Zarraga 2024ko mai. 28a, 20:20

Elkarretaratze isila egin dute gaur Satistegi plazan, joan den zapatuan, hilaren 23an, liskar batean hildako gaztea oroitu, elkartasuna adierazi eta gertatutakoa arbuiatzeko. Bertan izan dira Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako ordezkariak, baita Amaia Agirre alkatea ere. Horiekaz batera, udalerriko hainbat eragiletako kide ere egon dira. 

Bostehun pertsona inguru bildu dira gaur arrastian Algortako Satistegi plazan, 23 urteko bizilagun baten hilketa gaitzesteko. Elkarretaratzea amaitzean, alkateak eta hainbat ordezkarik lau kandela piztu dituzte plazan, erasoak izan ziren tokitik oso gertu, joan den zapatuan labankadaz hil zuten gaztearen oroimenez.

Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu zuen, astelehenean, gertatutakoa "erabat gaitzesteko" testua, eta gertaera hori "xenofobia, arrazakeria eta gorrotoa sustatzeko aitzakia gisa" ez erabiltzea eskatu zuen. Ildo horretan ere agertu dira egunotan udalerriko talde kristau eta gizarte eragileak.

Horiez gain, besteak beste, Getxoko Etorkinen Plataformak ere bat egin du gaur egindako elkarretaratzeagaz, eta gertatutakoa gaitzetsi du. Doluminak helarazi dizkiote gaztearen familiari eta adierazi dute "kezkaz eta nahigabetzez" bete diela hilketaren ondorengo justifikazio gabeko etorkinak seinalatzeak. "Delinkuentzia inportatuaz hitz egiten duten talde oportunistak salatu nahi ditugu, gure herrian gorrotoa eta liskarra sortuz eta egunero eraikitzeko borrokatzen dugun gizarte-kohesioa hausten saiatzen direnak", adierazi dute, eta elkarbizitza eta errespetua sustatzen jarraitzeko deia egin dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun