Algortan izandako hilketak jarrera arrazistak ez zabaltzeko eskatzen zuen adierazpen instituzionala aho batez onartu eta lau egunera, alderdi politikoen arteko adostasuna ezerezean geratu da. Maiatzeko Getxoko Udalaren osoko bilkuran, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek PPko Eduardo Andrade bozeramaileari "Voxen diskurtsoa" propio egitea leporatu zioten, San Nikolas plazan egin zituen adierazpen batzuengatik.
Bilkura horretan, besteak beste, Andradek adierazi zuen delinkuentzia Algortako erdiguneaz "jabetzen" ari dela eta horren erantzule egin zituen eremu horretan dauden "etorkin irregularrak". Horren aurrean, neurri bakarra polizia eta espetxe gehiago direla ere azpimarratu zuen.
Esandakoa gogor kritikatu zuen Xabier Benito Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak. Zinegotziak defendatu zuen arrazakeria ezin daitekeela erabili beldurra sortzeko, eta, Udaltzaingoak berak dioenez, Getxo herri segurua dela berretsi zuen.
EH Bilduko Ibon Rodriguezek ere hitza hartu zuen eta PPri leporatu zion zapatuko gertakizunaz geroztik sare sozialak ari direla erabiltzen, "panfleto pseudofilofaxista baten argitalpenak babesteko". Horrez gain, zinegotzi abertzaleak zera adierazi zuen: "Ez da beharrezkoa Vox Algortara etortzea, PPk bere egin du bere diskurtsoa. Iraingarria eta miserablea da, ezin da arrazakeriaren aurkako adierazpen instituzional bat sinatu xenofobiaren aurkako diskurtso argi bat duena eta boto mordoxka bat bilatzen duena; delinkuentzia eta immigrazioa parekatzea miserablea da. Atzo, Andradek bizikidetzan laguntzen ez duen diskurtso arrazista egin zuen. Egiten duten gauza bakarra beldur gehiago sortzea da".
Tokiko gobernu-taldetik, EAJko Ignacio Uriartek akusazioen tonua jaisteko ahalegina egin zuen, eta ereduagaz predikatzea eskatu zien bozeramaileei, "garrantzitsuena delako hilketa bat egon dela"
Beste kontu batzuk
Horrez gain, bilkuran bestelako gaiak ere izan ziren, hala nola Karitatearen Alaben jantoki sozialaren proiekturako kreditu gehigarria, pisu turistikoen hedapena gelditzeko mozioa eta LGTBI+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna.
Batetik, Udal-gobernuaren (EAJ eta PSE-EE) eta PPren aldeko botoakaz eta EH-Bilduren eta Elkarrekin Podemosen abstentzioagaz, 24.000 euroko kreditu gehigarria onartu zen Karitatearen Alaben Kongregazioaren jantoki sozialaren proiekturako. Zenbateko hori daborduko bideratutako 56.443 euroko partidari gehitzen zaio.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aurka bozkatu zuten, zera adieraziz: “Udalak eskainitako udal-baliabide profesional baten bidez eman behar da zerbitzua eta ez da boluntarioen mende egon behar”. Aldiz, gobernu-taldeak hau erantzun zien kongregazioaren proiektu propio bati ematen zaion laguntza dela, "udaleko beste erakunde batzuei laguntzen zaien bezala".
Horrez gain, bi adierazpen instituzionalen berri ere eman zuten: batetik, LGTBI+fobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira bata, eta larunbatean Algortan egondako gaztearen hilketa gaitzesteko eta haren senide eta lagunei elkartasuna adierazteko bestea.
186 etxebizitza turistiko Getxon
Gainera, Alvaro Gonzalez Ondareko zinegotziak, EH Bilduk Getxoko pisu turistikoen hedapena gelditzeko aurkeztutako mozioari erantzuteko datu hauek eman zituen: maiatzerako, Getxok 186 etxebizitza turistiko ditu erregistratuta gaur egun 33.600 multzotik, hau da, etxebizitza guztien % 0,5. Horietatik bederatzi Portu Zaharrean daude (% 4,65).
Hala ere, koalizio abertzalearen mozioa atzera bota zuten, zera adieraziz: "Udalak non eta zein baldintzatan sortu behar diren baino ezin du arautu, baina ezin du debekatu, ez baita bere eskumena, Eusko Jaurlaritzarena baizik. Horiek arautzeko neurriak HAPO onartzearen eskutik etorriko dira ".
Bukatzeko, publikoaren galde-eskeen txandan, herriko lorezaintzaz arduratzen den enpresako langileen ordezkari batek parte hartu zuen. Gogoratu zuenez, 59 egun daramatzate greban, eta horretarako arrazoiak zerrendatu zituen, eta beren lan aldarrikapenak eta salaketak aipatu zituen, eta adierazi zuen beraien ustez grebarako eskubidea urratu zaiela. Halaber, osoko bilkuran esan zuten ekainaren 10ean negoziaketakaz hasiko direla enpresagaz, Eusko Jaurlaritzak eskatua.