"Irurak Bat" auzia

Atalaya Ereaga kooperatibak dio "Irurak Bat" eraikina "urgentziaz" bota behar izan zutela, "uholde handi baten ondorioz"

Iker Rincon Moreno 2024ko ira. 12a, 14:35

San Nikolas kaleko 11 zenbakian luxuzko 12 etxebizitza eraikitzeko ardura duen Atalaya Ereaga kooperatibak jakinarazi du "Irurak Bat" eraikina "urgentziaz" bota behar izan zutela abuztuan, maiatzean hodi baten apurketak eragin zuen uholde baten ondorioz. Aitortu du hasierako lizentziak ez zuela hori aurreikusten, baina, "arriskuak ekidite aldera", obren zuzendariak erabaki hori hartu zuela. Hala ere, azpimarratu du fatxada bere ikuspegi originalean berreraikiko dutela. Udalak, bere aldetik, lege-neurriak hartu ditu, hasierako lizentzia bete ez duelako.

Atalaya Ereaga kooperatibak azaldu du 2022ko urriko proiektuak eta jasotako lizentziak aurreikusten zuela “Irurak Bat” eraikinaren egurrezko barrualdea botatzea, “termitengatik kaltetuta baitzegoen”, baita teilatua eta hegoaldeko fatxada eraitsi ere. Hala ere, diotenez, aurtengo maiatzaren 15ean, hodi bat apurtu zen obretan, eta horrek “uholde handi bat” eragin zuen orubean, zutik zeuden hiru hormen segurtasuna “ezbaian” jarri zuena. Horren aurrean, “kalte gehiago” ekidin guran, fatxadak erortzeko “arriskua” zegoelakoan, horiek botatzea erabaki zuen obraren zuzendariak, hasierako lizentziak horretarako baimenik ematen ez zion arren. Dena dela, kooperatibako iturriek esan dutenez, proiektuaren azkeneko emaitzak jatorrizko eraikinaren estilo eta diseinu neoklasikoa mantenduko du.

Hala eta guztiz ere, adituek eta auzokideek gogoratu dute eraikina udal-zaintzapekoa zela, eta enpresak ez zuela hori botatzeko baimenik, ezta lizentziarik ere. Hori horrela, udal-teknikariek akta jaso eta obrak geldiaraztea agindu zioten enpresari, abuztuaren 9an. Horren ondotik, hilabeteko epea eman zioten enpresari obren hirigintza-legezkotasuna berrezartzeko.

Zinegotzi bien papera

Proiektuaren baitan Inaxio Uriarte eta Irantzu Uriarte Getxoko Udaleko zinegotzien parte-hartzeari dagokionez, Atalaya Ereaga kooperatibak baieztatu du biak kide direla, baina nabarmendu gura izan du ez dutela promozioaren erabaki eta kudeaketa tekniko-juridikoetan parte hartu: “Etxebizitza-kooperatibek kudeatzaileak eta teknikariak kontratatzen dituzte sustapenak garatzeko, eta eginkizun horiek guztiak profesionalen esku uzten dituzte”. Hori horrela, azpimarratu du zinegotziek, ezta beste kideek ere, ez dutela urgentziazko eraisketagaz “inolako erlaziorik izan”.

Kooperatibak azaldu du zinegotzi biak, bazkideak izateaz gainera, eraikitzen ari diren etxebizitzetako baten esleipendunak dira: “Esleipena 2023ko martxoaren 13an sinatu zuten, obra-lizentziak jaso baino askoz beranduago, 2022ko urrian jaso baikenuen”.

Zehapen-espedientea enpresari

Abuztuaren 9an obrak geldiarazteko agindua eman ostean, Getxoko Udalak gaur jakinarazi du beharrezko lege-neurriak hartu dituela Ereaga Atalaya kooperatibaren kontra, horrek egin dituen legez kanpoko obren aurrean legezkotasuna berrezar dezan.

Ildo horretan, udal-iturriek azpimarratu dute etxebizitzak eraikitzeko “beste edozein antzeko kasutan” jokatu duen “modu berean” jokatu duela kasu honetan. Era berean, beste behin ere nabarmendu du, enpresa horretako kooperatibista gisa, eragindako zinegotzi biek ez dutela administrazio-prozeduran parte hartu.

Halaber, gogoratu du Udala bera izan zela “Irurak Bat” eraikina udal-zaintzapeko izendatu zuena, 2001eko HAPOren baldintzen arabera. “Horrek esan nahi du Udalak eraikineko elementuak mantentzea edo birgaitzea zaintzen duela, nahiz eta "udal-zaintza" edukitzeak ez duen eragozten eraistea edo osorik birgaitzea”, gogoratu dute iturriek.

Hain zuzen ere, azaldu dute legezkotasuna berrezartzeko espedientea ez dela ireki lehendik dauden eraikuntza-elementu batzuk zati batean eraisteagatik, baizik eta hasieran aurkeztutako proiektura (eraikinaren zati bat mantentzearen alde egiten zuena) ez egokitzeagatik, “aurretiazko lizentzia urratuz”.

Udalak gogoratu du promotoreak aurkeztutako proposamenari lotutako lizentzia eman zela. Hala ere, eraikineko elementu batzuen erorketen ondoriozko arrisku larria argudiatuz, zuzendaritza fakultatiboak, aldez aurretik Udalari jakinarazi gabe, birgaitu beharreko eraikineko hiru hormak eraisteko agindu zuen, hasieran partzialki babestu beharrekoak.

Hori horrela, eraikin osoa bota dutenez, berriro altxatzerakoan, eraikitzeko unean indarrean dagoen araudi aplikagarria bete beharko duela ohartarazi du Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun