Karmele Mitxelena: "Orain eskaera handiko eta prezio altuko ziklo batean gaude, baina horrek ez du etengabe iraungo"

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 31a, 08:00

Karmele Mitxelena, eskuman, bere higiezinen-agentziaren aurrean.

Etxebizitzen erosketa-prezioen eta alokairuen prezioek gora egin dute etengabe azken hamarkadan Uribe Kostan. Baina, zerk eragin du hazkunde horrek guztiak? Horrela jarraituko du etengabe? Gakoen bila, Karmele Mitxelena ekonomista eta Mitxelena higiezinen agentziako kidearengana hurbildu gara. Hauxe da kontatu diguna.

Nola deskribatuko zenuke, gaur egun, etxebizitza-merkatuaren egoera?

Merkatua izugarri aldatu da. Etxebizitzen prezioak oso altuak dira, interesak igo egin dira, eta horrek zaildu egiten du pertsonek hipoteka-maileguak eskuratzea. Alokairuari dagokionez, eskaintza gutxi dagoen eta eskaria nabarmen hazi den momentu batean gaude, eta, ondorioz, alokairuak ere igo egin dira. Gainera, lege berriarekin eta maizterrek ordaindu beharrekoak errentatzaileen esku uztera egindako aldaketarekin, alokatzaileek prezioak izugarri igo zituzten. Horrek alokairuak eskatzen dituzten pertsona askori eragiten die, dagoeneko ezin dituztenak hipoteka-maileguak eskuratu, eta, kasu batzuetan, ez ordaindu ezin dituztelako, baizik eta banketxeek ematen ez dizkietelako. Horren guztiaren ondorioz, ez dago alokairu nahikorik eskuragarri, eta etxebizitza eskuratzea zaildu egin da.

Eta tasatzaileakaz zer gertatzen da? Benetako salmenta-prezioak islatzen ari dira?

Ez, hori beste arazo bat da. Tasatzaileak jabetzak salmenta-prezio errealaren azpitik baloratzen ari dira. Balorazioak baxuagoak dira, tasatzaileek, kasu askotan, ez dutelako salmentaren benetako balioa islatzen, egungo merkatuaren adierazgarri ez diren laginak erabiltzen dituztelako. Eta horrek, noski, hipoteka bat eskatzeko uneari eragiten dio; izan ere, orain, gutxienez, etxebizitzaren balioaren % 20 izan behar duzu sarrerarako. Hori horrela, banketxeak tasazioaren eta erosketa-prezioaren arteko baliorik txikienaren % 80 emango dizu maileguan. Horrek esan nahi du, tasazioa erosketa-prezioa baino baxuagoa bada, erosleak kapital propio gehiago jarri beharko duela. Arazo gehigarri bat da hori etxebizitzaren bat erosi nahi izatekotan.

Zer-zelako bilakaera bizi izan dute Uribe Kostako etxebizitzen prezioek?

Duela urte batzuetako jaitsieraren ondoren, prezioak pixkanaka handituz joan dira. Oraintxe bertan, tontor batean gaude. Ezaugarri bereziak dituen edozein etxebizitza, hala nola balkoi edo lorategi bat duena, edota berrituta dagoena, oso azkar saltzen da. Prezioei dagokienez, batez besteko alokairua 1.000 euro ingurukoa da etxebizitza arrunt baterako, eta ezer berezirik ez duen jabetza baterako, berriz, 230.000 euro edo gehiago ordaindu beharra dago egun. Hau da, gutxiagogatik, aukera gutxi aurkitu daitezke, eta, baldin badaude, erreforma handiak egin behar izaten dira. Hori kontuan izanik, eta jende gehienak 200.000 eurora arteko etxebizitzak bilatzen dituela, atera kontuak.

Erandion, esaterako, prezioak pixka bat baxuagoak dira, baina jendeak, orokorrean, gehiago baloratzen ditu Getxo eta kostaldeko udalerriak. Ondorioz, prezioek gora egin dute leku horietan, eskari handia dagoelako. Sopela, gainera, interes turistikoko kasu bihurtu da, eta askok han erosten dute gero saltzeko eta prezioekin espekulatzeko. Eraikitzen ari diren herri batzuetan ere eskaintza handiagoa dago, baina gauza bera gertatu ohi da: salmenta-kartela jarri orduko, dena erosita dago, eta, behin eraikita, askotan, etxebizitza horiek saltzen dira, erositakoa baino prezio altuagoan. Halako kasuak ikusi ditugu Urdulizen eta Berangon, besteak beste.

"Prezioak mugarik gabe igotzen jarraituko dutela uste duten jabeek ezustekoa har dezakete"

Alokairuari dagokionez, zein da interesatuaren profila?

Profil asko daude, gazteak eta familiak batez ere, baina nabarmenduko nuke ere dibortziatuak edo bananduak areagotu egin direla, banantze baten ondoren alokairuak bilatzen dituztenak.

Aipatu duzu pertsona batzuek beren etxebizitzen balioa nabarmen handitzen ikusi dutela, eta hori aprobetxatuta saldu egiten dutela erositakoa. Ohikoa al da egoera hori?

Bai, askotan gertatzen da. Jakin badakit hainbatek obrak hasi aurretik erosi zutela Urdulizen edota Berangon. Kontua da eraikuntza amaitu ondoren 200.000 euroren truke erosi zutena orain, berbarako, 600.000 euro inguruan saldu dezaketela eta, bide batez, Algortan etxebizitza bat erosi; ez saltzen ari diren moduko atiko bat, baina bai jabetza dezente bat. Horrek erakusten du nola igo den higiezinen balioa azken urteotan.

Eta, zure ustez, nola da posible etxebizitzen prezioa horrenbeste igotzea?

Batez ere eskariak eskaintza gainditzen duelako. Gure higiezinen agentzian, bezero interesatuen zerrenda oso zabala dugu, eta askotan ez dugu eskaini nahi dugun etxebizitza argitaratu beharrik. Horren berri izan bezain laster, zerrendatik tiraka, bezeroei deitu eta segituan saldu edo alokatzen dugu.

"Etxebizitzen eskaintza badago, baina asko ez dira merkaturatzen"

Egoera iluna dela dirudi; zein dira etorkizunerako itxaropenak? Merkatua egonkortu, jaitsi edo gorantz jarraituko duela uste duzu?

Zaila da esatea. Ekonomista ere banaiz, eta 27 urte daramatzat igoera- eta jaitsiera-zikloak ikusten, eta beti esaten diet jabeei igotzen den guztia jaitsi egiten dela. Orain eskaera handiko eta prezio altuko ziklo batean gaude, baina horrek ez du etengabe iraungo. Prezioak mugarik gabe igotzen jarraituko dutela uste duten jabeek ezustekoa har dezakete. Bien bitartean, uste dut gakoa dela etxebizitzak merkatura ateratzea, bai erosteko, bai alokatzeko, egoera pixka bat orekatzeko.

Eskaintza falta etxebizitza gehiago eraikiz konpon daitekeela uste duzu?

Egia esan, etxebizitzen eskaintza badago, baina asko ez dira merkaturatzen. Batzuek, hainbat arrazoirengatik, nahiago dute jabetza huts bat, alokatu baino. Bestalde, etxebizitza batzuk aldi baterako alokairuetarako erabiltzen dira, 11 hilabete baino gutxiagokoak, edota etxebizitza turistikoetarako, eta horrek ere mugatu egiten du ohiko etxebizitzaren eskaintza.

Aldi baterako alokairuez ari garela, uste duzu etxebizitza turistikoek eragina dutela alokairuaren merkatuan?

Bai, etxebizitza turistikoek gora egin dute; jendeak gehiago bidaiatzen du eta pertsona gehiago ari dira mota horretako ostatuak bilatzen, nahiago dituztelako hotelak baino. Oso negozio errentagarria izaten ari da, eta horrek, alokairurako etxebizitzak merkatutik ateratzen dituen bitartean, eragina izango du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun