Alokairuak ia % 20 garestitu dira Uribe Kostan azken hamarkadan

Iker Rincon Moreno 2024ko urr. 31a, 08:00

Etxebizitzaren gaia pil-pilean dagoen honetan, alokairuen prezioei begira jarri gara Saretzen egitasmoaren erreportaje-sorta honetan. Uribe Kostako egoera Hego Euskal Herri osoan errepikatzen da: gero eta jende gehiago bizi da alokairuan, eta horien prezioek gora egin dute azken hamarkadan. Baina, zein da egoera zehazki? Eta zuk, zenbateko alokairua ordaindu ahalko zenuke, eta non?

Adituek diote pertsona edo familia-unitate bakoitzak ez lukeela bere hilabeteko errentaren % 30 baino gehiago bideratu beharko etxebizitza ordaintzeari. Hartara, datuok ikusita, zenbateko diru-sarrerak izan beharko lukete uribekostarrek euren bizi-proiektua garatzeko?

Kalkula ezazu zein alokairu ordaindu dezakezun

Ordaindu dezakezu: 0 €

Hurrengo udalerrietan alokatu ahalko zenuke etxebizitzaren bat:

  • Berango (793,71 €/hilabetea)
  • Erandio (741,56 €/hilabetea)
  • Getxo (941,79 €/hilabetea)
  • Gorliz (746,05 €/hilabetea)
  • Leioa (880,31 €/hilabetea)
  • Sopela (839,63 €/hilabetea)
  • Urduliz (856,86 €/hilabetea)

Orokorrean, euskal herritarrek jabetza gurago izaten dute alokairua baino; zehazki, 10 pertsonatik 8 bere jabetzakoa den etxebizitza batean bizi da. Hala ere, urterik urtera, joera aldatzen ari da, eta gero eta jende gehiagok alokairuaren aldeko hautua egiten du, nahita zein behartuta.

Alokairuaren merkatua gazteei zein ikasleei begira egon ohi da, etxebizitza bat erosteko hasierako ahalmen ekonomiko nahikorik ez dutelako batez ere; baina badira familiak eta helduak horri begira daudenak ere. Hala ere, eskaintza ez da nolanahikoa, eta, azken hamarkadan, are irisgaitzagoa bilakatzen ari da jende askorentzat.

Etxebizitzen metro koadroaren garestitzeaz batera, alokairu-errentek ere gora egin dute etengabe urterik urtera gurean eta, hasieran askorentzat zaila bazen 700 euro inguru ordaintzea hilabetero, are ezinezkoa izango du 830 ordaintzea. Horiexek dira Eusko Jaurlaritzako alokairuen prezioen erreferentziek eskaintzen dituzten datuak, baina eguneroko merkatuari begira jarriz gero, zenbateko horiek are handiagoak direla igar daiteke segituan, Karmele Mitxelena ekonomistak eta higiezinetan adituak dioenez.

Lerrook idazterakoan, higiezinen webgune ezagun batean, 123 etxebizitza zeuden alokairuan Uribe Kostako 10 udalerrietan, gehienak, 76, Getxon; merkeenak 850 euroan topa zitezkeen, Leioan eta Sopelan; garestienak topatzeko, aldiz, “nahi besteko errentara joan zaitezke”, nabarmendu du Mitxelenak. Aipatutako webgunean, 6.000 eurotik gorako hileroko errentarainoko etxebizitzak topa daitezke, Getxon eta Barrikan, besteak beste.

Irisgarriak al dira?

Eusko Jaurlaritzaren arabera, gaur egun alokatzeko udalerririk merkeena, batez bestean, Erandio da, 741,6 euroko errentagaz; hala ere, uneotan ezin izango dugu topatu etxebizitzarik alokairuan udalerri horretan aipatutako webgune horren bitartez. Bigarrena, Gorliz ei da, 746,1 euroko alokairuakaz; halere, higiezinen atarian, ez dago ezer 1.000 eurotik behera, eta eskaintza ez da handia, hiru aukera baitaude, 2.000 eurora artekoak.

Udalerriz udalerriko datuen faltan, Eusko Jaurlaritzaren azken datuen arabera, Bizkaian, egoera ekonomiko eta sozialak egoera kezkagarria erakusten du etxebizitzak eskuratzeko beharrari eta emantzipatu gabeko gazteen egoerari dagokienez. Aztertutako datuen arabera, 59.856 pertsonek dute etxebizitza bat eskuratzeko premia, baina horietatik soilik 9.817k dituzte diru-sarrera nahikoak emantzipatzeko; horrek agerian uzten du egungo prekarietate ekonomikoa. Bereziki, 18 eta 44 urte bitarteko gazteak nabarmentzen dira testuinguru horretan, 50.591ek etxebizitza behar dutelako eta 6.517 bakarrik daudelako hori egikaritzeko egoera ekonomiko egonkorrean.

Datuok erakusten dutenez, beharra dutenen artean, gehiengoak ez du etxebizitza baterako sarbidea bermatzeko diru-sarrera nahikorik, edota, zuzenean, ez du inolako diru-iturririk.

Baina, zenbateko errenta bideratu behar izaten du familia-unitate bakoitzak etxebizitzaren alokairuari? Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren azken datuek agerian uzten dute maizterrek Bizkaian aurre egin beharreko finantza-karga: 63.144 familiatik, horien % 38,8k baino ezin dute bete diru-sarreren herena errentari bideratzeko adituen gomendioa; eta % 19,1ek % 30-40 artean bideratu behar izaten dute zeregin horretara. Aldiz, egoera are kezkagarriagoa da goiko aldean: familien % 15,14k diru-sarreren % 40,1 eta % 50 bitartean bideratu behar du alokairura, eta % 24,21ek, berriz, erdia baino gehiago.

Oro har, datu horiek agerian uzten dute alokairuaren kostuak presio handia eragiten duela Bizkaiko familien ekonomian, eta horrek nabarmentzen du premiazkoa dela etxebizitzaren krisiari aurre egitea eta etxebizitza eskuragarriago izateko politikak aintzat hartzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun