Zenbatean hazten da Gorliz udan?
Uda partean, Gorlizko biztanleria erraz hirukoizten da. Erroldatutako 6.000 biztanle pasatxotik, 20.000 pertsona baino gehiago egon daitezke, batez ere uztailean eta abuztuan. Gorlizen ostatu hartzen duten pertsonez gain, EAEko, estatu mailako eta bisitari internazionalak ere eguneko bisitari bezala jasotzen ditugu, gure hondartzak, ingurune naturalek eta kultura- eskaintzak erakarrita.
Nola kudeatzen duzue turismoa sustatu gura izatearen eta herriko nortasuna eta identitatea babestearen arteko oreka?
Turismoa, batzen gaituen motorra izan behar duela uste dugu Gorlizen, eta ez gelditzen gaituena. Horregatik, iraunkortasuna, tokiko nortasuna eta udalerria bizi eta bisitatzen dutenen ongizatea erdigunean jartzen dituen ikuspegi batetik lan egiten dugu. Helburua ez da bisitariak edozein preziotan erakartzea, zentzuz, planifikazioz eta errespetuz jokatzea baizik. Gorlizko Turismo Bulegoa Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikita dago, eta horrek
berekin dakar iraunkortasun-, inklusio-, kultura-errespetu- eta ingurumen-printzipioekin konpromiso irmoa. Esparru etiko horrek gidatzen gaitu urrats bakoitzean, bai sustapenean, bai bisitarien arretan, eta herriaren izaera zaintzea gure estrategiaren parte da.
"Helburua ez da bisitariak edozein preziotan erakartzea, zentzuz, planifikazioz eta errespetuz jokatzea baizik"
Gainera, bisitatzen gaituztenen artean Turista Arduratsuaren Gida zabaltzen dugu aktiboki. Tresna erabilgarria eta gertukoa da, eta helmuga sentsibilitatez ezagutzera gonbidatzen du: ingurune naturala, tokiko bizitza, ondarea eta bizikidetza-arauak errespetatuz. Gure ustez, turismoaren sustapenik onena da arriskuan jarri gabe garenari balioa ematen diona.
Urtean zehar banatutako egonaldiak sustatzen ditugu, tokiko negozio eta zerbitzu txikiei laguntzen diegu Dastatuarte, Dastatu Urria eta Gau Baltza bezalako jaialdiak antolatuaz, besteak beste eta bisitaria Gorlizko kulturarekin eta paisaiarekin lotzen duten ekimenak bultzatzen ditugu (Ibilbide zirkularrak, Nordick walking ibilbideak, e. a.) Horrela, turismo eredu ordenatua eta orekatua eraikitzen dugu, non komunitateari entzun, lurraldea baloratu eta guztiontzako benetako eta errespetuzko esperientzia bermatuko den.
Aurten, etxebizitza turistikoetarako lizentziak etetea onartu du Gorlizko Udalak. Udaleko etxebizitza eta eskubide sozialetako teknikariak egindako txosten baten arabera, daborduko etxebizitza turistikoen kopurua alokairu tradizionaleko etxebizitzena baino handiagoa da udalerrian. Herritar gisa, azken datu hori sumatu duzue? Nola eragiten dio herriari?
Gorliz, duela hamarkada batzuetatik, erreferentziazko helmuga turistikoa da Bizkaiko kostaldean, eta, beraz, opor-etxebizitzen presentzia ez da fenomeno berria. Tradizionalki, familia askok udan alokatzen zituzten etxebizitzak, higiezinen agentzien bidez edo ahoz ahokoaren bidez. Azken urteetan aldatu dena alokairuaren modalitatea da: etxebizitza horietako asko, lehen informalki edo urtaroka funtzionatzen zutenak, ofizialki erabilera turistikoko etxebizitza gisa erregistratzera pasatu dira, indarrean dagoen araudira egokituz. Beraz, bat-bateko gorakada baino, etxebizitzaren ustiapen turistikoaren ereduaren eraldaketa da gertatzen ari dena.
Hala ere, erregularizatze horrekin batera, bizitegi-alokairu tradizionalaren eskaintza ere jaitsi egin da, batez ere iraupen luzekoa eta bestalde eraikuntza berrirako oso lurzoru gutxi dago erabilgarri. Konbinazio horren ondorioz tentsioak sortzen ari da tokiko biztanleek etxebizitza eskuratzeko duten aukerari dagokionez.
Horregatik, Udalak lizentzia berrien emakida kautelaz eteteko erabakia hartu du, Hiri Antolamendurako Plan Berezia egiten den bitartean prebentzio neurri gisa. Plan horri esker, arau-esparru argi eta orekatua ezarriko da, hiriko lurzoruaren bizitegi- eta turismo-erabilera bateragarri egingo dituena, eta egungo lizentziek etorkizuneko erabakiak baldintzatzea saihestuko duena.
"Udalak lizentzia berrien emakida kautelaz eteteko erabakia hartu du, Hiri Antolamendurako Plan Berezia egiten den bitartean prebentzio neurri gisa"
Neurriak ez du turismoa zalantzan jartzen —udalerriarentzat jarduera legitimoa eta beharrezkoa—, baizik eta etxebizitzaren merkatua erabilera turistikoetara guztiz bideratuta ez geratzea bilatzen du, urte osoan Gorlizen bizi nahi dutenen errotzea eta eguneroko bizitza zailduz. Erabaki arduratsua da eta beste udalerri batzuk egiten ari direnaren ildotik doa.
Nola kudeatzen ditu Udalak ilegalak diren etxebizitza turistikoak? Hau da, etxebizitza turistiko gisa ageri ez direnak baina praktikan euren zerbitzu berdinak ematen dituztenak.
Udala aktiboki ari da Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean irregulartasun-egoerak antzemateko eta horien aurrean jarduteko. Lizentzia berriak bertan behera uzteak kontrolak hobetzea eta legezko eskaintzaren trazabilitatea indartzea ere ahalbidetzen du. Jarduera turistikoa egiten duenak auzokideen arteko bizikidetza bermatzea eta errespetatzea da helburua.
Uste duzu posible dela turismo osasuntsu bat sustatzea? Nola?
Posible ez ezik, ezinbestekoa ere bada. Turismo osasungarria, bisitarientzako eta herritarrentzako ongizatea sortzen duena da. Gorlizen apustu irmoa egiten dugu gure baliabide naturalak babesten dituen, tokiko nortasuna mantentzen duen eta urte osoan zehar bizilagunen bizi-kalitatea bermatzen duen eredu turistiko baten alde. Ildo horretan, Gorlizko Turismo Bulegoa proiektu pilotu gisa hautatua izan zen 2024an, Turismo Adimenduneko Enpresaren UNE arauaren pean ziurtatutako munduko lehen bulegoa izateko, eta 2024ko azaroan lortu genuen ziurtagiri hori. Arau honek gure jarduera gidatzen duten bost ardatz nagusi ezartzen ditu: jasangarritasuna (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa), irisgarritasuna, teknologia, berrikuntza eta kudeaketa. Bulegotik bultzatzen ditugun proiektu eta ekintza guztiak printzipio horiekin lerrokatzen dira, bisitariarentzako arretatik plangintza estrategikoraino.
"Apustu irmoa egiten dugu gure baliabide naturalak babesten dituen, tokiko nortasuna mantentzen duen eta urte osoan zehar bizilagunen bizi-kalitatea bermatzen duen eredu turistiko baten alde"
Ingurunea patxadaz ezagutzeko, hurbileko proposamen kultural eta gastronomikoetan parte hartzeko, ibilbide naturalak egiteko edo gure ondarea errespetuz ezagutzeko sustatzen dugu turismoa. Hau tresna digitalekin, inklusio-irizpideekin eta epe luzerako ikuspegiarekin egiten dugu.
Azken batean, hirigintza-erregulazioa eta plangintza turistikoa batera doaz Gorlizen, helmuga erakargarria izaten jarraitu nahi dugulako, bai, baina baita koherentea, abegikorra eta arimaduna ere.